|
Euskalterm Terminologia Banku Publikoan beste hiru hiztegi txertatu berri dituzte: Elektrizitate Dendetako Hiztegia, Garraio eta Logistikaren Hiztegia eta Gorputz Hezkuntzako Hiztegia.
UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroak dauka Euskalterm elikatzearen ardura, eta bertako arduradunek honela aurkeztu dituzte terminologia bankua aberastera datozen hiru hiztegi berriak eta hauen edukiak:
Elektrizitate Dendetako Hiztegia
Ekonomia-jardueren arloko hizkuntza-paisaia euskalduntzeko erabilgarria izatea zen hiztegi honen proiektuan adostutako helburua, hau da, alor horretako dendetan eta merkataritzako harremanen inguruan sortzen den hizkuntza normalizatzen laguntzea.
Termino-bilketa egiteko erabili den materiala elektrizitate-dendetako eta etxe komertzialetako katalogoak izan dira nagusiki. Bi eratako elementuak ukitzen dira:
- Argia egiteko elementuak (lanpara eta bonbilla motak).
- Instalazioetako elementuak (mekanismoak, kable motak eta osagarriak).
Hiztegiak 150 termino ditu, % 24 definituta. Sarrerak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez daude.
Garraio eta Logistikaren Hiztegia
Guztiz espezializatua eta gero eta zabalagoa den garraioaren eta logistikaren eremura egindako hurbilpen bat da hiztegi hau. Hiztegiaren alor guztietako kontzeptu orokor asko jaso dira alde batetik, eta garraio mota bakoitzeko beste hainbat termino berezi, bestetik.
Hauek dira kontuan hartu diren garraio motak:
- Trenbideko garraioa.
- Errepideko garraioa.
- Aireko garraioa.
- Itsasoko garraioa.
- Garraio intermodala.
Hiztegiak 250 termino ditu. Termino guztiak euskaraz definituta daude eta sarrerak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez eman dira.
Gorputz Hezkuntzako Hiztegia
Euskarazko eta gaztelaniazko 395 kontzeptu ditu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilerrean, nahiz Lanbide Heziketan erabiltzeko landu den hiztegi honek. Kontzeptu horietatik 72 definizio eta guzti eskaintzen dira.
Gehienbat gimnastikako saioetan lantzeko terminologia jorratzen du hiztegiak, eta hainbat atal hartzen ditu bere eremu-zuhaitzean:
- Giza anatomiaren funtsezko termino batzuk.
- Giza fisiologiaren barruan oinarrizko trebetasun eta ahalmenak -erlaxazioa, arnasketa, gorputz-garapena... bezalakoak-.
- Gimnastika, zentzu hertsian: ariketak, aparatuak, jolasak, materiala, etab.
- Entrenamendua (sasoian jartzea, fitness, aerobic eta antzekoak).
- Kirol-medikuntzarekin lotutako oinarrizko kontzeptuak: lesioak, errehabilitazioa, eta abar.
Horregatik, irakaskuntzako maila desberdinetan erabiltzeaz gain, gaur egun hiritarren osasun-maila zaintzeko kiroldegietan eskaintzen diren hainbat ikastarotan ere oso baliagarria gerta daiteke Gorputz Hezkuntzako hiztegi hau.
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu):
|