Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Jalgi hadi mundura

Jalgi hadi mundura

2007-04-24 / 07:00 / Eusko Jaurlaritza - Kultura Saila   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Eusko Legebiltzarrak, aho batez (bertaratutako 57 legebiltzarkideren aldeko bozkarekin), Etxepare Euskal Institutua sortu eta arautuko duen Legea onartu zuen 2007-4-20an. Lege honen bitartez euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpenerako tresna izango den Institutua, Beņat Etxepare idazlearen izena daramana, sortuko da.

Sortze eta arautze Legea eta Etxepare Euskal Institutua eratzea legealdirako Eusko Jaurlaritzak duen egitasmoen artean azaltzen zen eta helburuak duen garrantzia kontuan izanda Kultura sailak Lege baten bitartez sortu eta garatu nahi izan du.

Behin sortuta, Etxepare Euskal Institutua Kultura sailari atxikitako berezko gaitasuna eta izaera juridikoa duen zuzenbide pribatuko herri erakundea izango da eta euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpena izango du xede. Alde horretatik bere gain hartuko ditu lehenagotik Jaurlaritzak zuzenean lantzen dituen hizkuntza eta kultura alorreko zabalpenerako lanak, hor txertatuko dira azken urte hauetan Kultura sailak garatu dituen euskara munduan erakusteko egitasmoak (Euskara munduan eta lektoradoak), eta euskal kulturaren alor desberdinetan (literatura eta liburugintzan, ikus-entzunezkotan, arte ederretan eta abarrean) Kultura sailaren bitartez eta alorrean alorreko sektoreen laguntzarekin egiten diren hainbat ekimen.

Hizkuntza eta kultura mundura

Etxepare Euskal Institutuaren xedeak euskara eta euskal kulturaren mundu zabalpenarekin lotzen dira, Beņat Etxeparek esan zuen "jalgi hadi mundura" leloaren bidetik. Hori horrela Etxepare Euskal Institutuak honako xedeak izango ditu:

  • Euskararen irakaskuntza, ikasketa eta erabilera munduan sustatzea, hura partekatzen duten komunitate guztien ekarpenak errespetatuz; euskara nazioartean onartua izan dadin laguntzea eta sustatzea; eta jarduera horiek hedatzen eta horien kalitatea hobetzen lagunduko duten behar adina neurri eta ekintza sustatzea.
  • Euskal kultura, herri honetan sortutako kultura kanpora hedatzen laguntzea bere forma guztietan
  • Gure herriaren errealitatea euskaraz hitz egiten duten mundu osoko kolektibitateetara hurbiltzea, baita euskal komunitateak dauden edo harreman historiko kulturalek edo komertzialek hala gomendatzen duten herrietara ere.

Bere xedeak betetzeko Etxepare Euskal Institutuak, bere ekimenez edo hirugarrengo batekin elkarlanean, euskara irakasteko ikastaroak sortu, sustatu eta antolatuko ditu eta horrekin batera, Administrazioak euskararen ezagutza egiaztatzeko onartuta dituen probak antolatuko ditu, euskara hedatzea helburu duten ekintzak sustatu eta gauzatuko ditu zuzenean eta sare telematikoen eta teknologia berrien aukeren bitartez; euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpenari begira, euskara eta euskal kulturaren ikerketa eta irakaskuntza Euskaditik kanpoko unibertsitateeta bultzatuko du lektoradoak eta eusko ikaskuntzen ikasketei laguntza emanda eta atzerriko ikerketa-zentroekin elkarlana bultzatuz. Kultura eta hizkuntzen alorrekin zer ikusia duten azoka eta ferietan parte hartuko du. Horrekin batera, kultur produkzio eta espresio desberdinen mundu zabalpena bultzatuko du eta hedapen kulturaleko jarduerak estatuko eta nazioarteko beste erakunde batzuekin eta herrialde anfitrioietako erakundeekin elkarlanean egingo ditu.

Etxepare Euskal Institutuak Eusko Jaurlaritzaren kanpoko ekintzaren eta hizkuntza- eta kultura-politikaren esparru orokorrean gauzatuko ditu bere jarduerak, euskararen normalizazioan aritzen diren erakundeekin lankidetza-harreman sendoak izaten saiatuko da eta bere jarduerak koordinatuko ditu administrazio publikoek egiten dituztenekin, bai eta erakunde publikoaren helburuetara zuzendutako instituzio guztiek egiten dituztenekin, bereziki, euskal komunitate linguistikoa dagoen lurraldeetako erakundeetakoekin.

Donostiako Tabakaleran

Etxepare Euskal Institutuaren organo nagusiak Patronatua, Zuzendaritza Kontseilua eta zuzendaria izango dira. Bere egoitza nagusia Donostian izango du, Tabakalera eraikinean, eta munduan zehar ordezkaritzak eta mendeko zentroak eduki ahal izango ditu bere helburuak betetzeko. Horretarako, merkataritza-sozietateetan, fundazioetan edo irabazi-asmorik gabeko erakundeetan parte hartu ahal izango du beharrezkoa denean, Eusko Jaurlaritzaren aldez aurreko baimenarekin.

Bidea jorratzen hasia

Etxepare Euskal Institutuak garatuko dituen alorren artean, euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpena azaltzen zaigu. Esaterako egun Amerika eta Europako hainbat unibertsitateetan indarrean diren euskara eta euskal kulturaren irakaskuntzak, bide horretan lankide izango ditu HABE erakundea eta kulturaren kanpo zabalpenaren alorrean lanean diren beste erakunde eta egitasmo.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak bultzaturik, euskara eta euskal kulturaren lektoradoak sortu ditu Europa eta Amerikako hainbat unibertsitatetan, Etxepare Euskal Institutuaren garapenaren bidean. Gaur egun Amerika eta Europako 9 herrialdetako 17 unibertsitatetan eskaintzen dituzte euskara eta euskal kulturaren irakaskuntzak eta Amerikako Estatu Batuetako, Argentinako eta Mexikoko beste 5 unibertsitatetan horren atarian dira; azkenik, beste 31 unibertsitateren eskaerak aztertzen ari dira.

Ildo berean eta honekin batera, Kultura Sailak, HABE erakundearen bitartez, abian du Euskal Herritik kanpo helduentzako ematen diren euskara eskolen garapenerako egitasmoa. Euskara munduan egitasmoaren baitan espaniar estatuko hainbat hiriburutan (Madril, Bartzelona, Valentzia, Valladolid) eta Europa (Paris, Londres, Brusela, Berlin, Frankfurt, Helsinki, Varsovia, Poznan) eta Ameriketako hiri eta herri desberdinetan helduentzako ematen diren euskara eskolak arautu eta garatu dira, horretarako irakasleen trebakuntzari garrantzi berezia eskaini zaio eta eskola horiek materialez hornitu eta autoikaskuntzarako eta urrutiko irakaskuntzarako zein irakasleen trebakuntzarako sistemak ezarri dira. 2005-2006 ikasturtean Argentinan 820 ikasle aritu dira euskara ikasten Argentinako 42 irakasleen ardurapean, eta beste 40 irakasle prestatzeko ikastaroak abian dira bertan. Euskara eskolak Europan, Amerikan eta Australian ematen dira HABEk zuzendutako ikastaroetan, 1.500 ikasle aritu ziren iaz euskara ikasten Ameriketan eta beste 800 inguru Europan.

Euskara eta euskal kulturaren ordezkaritza

Etxepare Euskal Institutuak bere gain hartuko du euskara eta euskal kulturaren ordezkaritza nazioartean antolatzen diren hizkuntza, hezkuntza eta kultura dibulgatzeko azoka eta erakusketetan. Hauen artean aipatzekoak dira hizkuntzaren irakaskuntzarekin lotutako Expolangues eta antzekoak.

Kulturaren beste alorretan, Etxepare Euskal Institutua arian-arian lankide izango da edo eta bere gain hartuko ditu literatura eta liburugintza alorrean kanpo zabalpenari begira hainbat azoketan egiten diren parte hartzeak, esaterako literatura eta liburugintza alorrarekin elkarlanean Frankfurteko Liburu azokan egiten den parte-hartzea. Halaber, ikus-entzunezko alorrean Kultura sailak zuzenean eta beste batzuekin elkarlanean gauzatzen dituen euskal ikus-entzunezkoen kanpo zabalpenerako ekintzak (Kimuak film laburren alorrean, Niniak animazio eta dokumentalen alorretan eta abar), eta hor Euskadiko Filmategia lankide izango du. Arte Plastikoen alorrean Etxepare Euskal Institutuak Gure Artea sarien kanpo zabalpena bultzatuko du.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com