Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Irakurri, gozatu eta oparitu

Joxe Rojas / Kultura / 2007-04-23 / 08:00


Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak bultzatutako Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoa gaur (2007-4-23), Liburuaren Nazioarteko Egunean, jarriko da abian. Egitasmoa Hego Euskal Herriko 14 herritan gauzatuko da, tokian tokiko euskara elkarteen, udal liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker. Webgune bat ere prestatu dute.



Ehun liburu aukeran

Ehun liburu aukeran

Egitasmoaren funtzionamendua sinplea da: parte hartzen duten herrietako liburutegietan, euskarazko 100 liburu egongo dira aukeran, kanpainarako beren-beregi jarritako apalategi batean. Liburu horietatik, 90 berdinak izango dira herri guztietan, eta beste 10, berriz, herrian bertan aukeratutakoak. 90eko multzoaren aukeraketa Patxi Zubizarreta idazleak egin du, hainbat irizpideren arabera (adin-tarte guztientzako liburuak egotea, genero literario ezberdinak, genero ikuspegia, nobedadeak eta klasikoak...). Ondoan, ordenagailu batek aukera emango du egitasmoaren webgunean sartu eta liburu guztien inguruko informazioa jasotzeko (sinopsia, egileen biografia, jasotako kritikak...).

Gozatu eta oparitu

Egitasmoan parte hartu nahi dutenek, ehun liburu horietako bat aukeratu, maileguan hartu eta irakurtzeko aukera izango dute. Liburua itzulitakoan, liburuaren inguruko iritzia jasotzeko fitxa sinple bat bete beharko da. Fitxa betetakoan, irakurleak deskontu txartela jasoko du liburua besteren bati oparitzeko.

Txartel horrekin, irakurri berri duen liburua % 25eko deskontuarekin erosi ahal izango du egitasmoan parte hartzen duten liburu dendetan. Herriko euskara elkarteko kideek, gainera, are deskontu handiagoa izango dute. Liburua erositakoan, lagunaren helbidea eta postala edo oharra utziko da dendan bertan, eta euskara elkarteak helaraziko dio hartzaileari.

Euskaraz irakurtzearen atsegina

Egitasmoaren helburu nagusia irakurzaletasuna bultzatzea da, euskaraz irakurtzearen alde atsegina azpimarratu nahi izan dugu: euskararen erabilera gozagarria sustatu nahi du Topaguneak, irakurtzeak eta oparitzeak (zein opariak jasotzeak) dakarten gozamenaren bidez.

Baina, bide batez, oso garrantzitsuak diren bestelako helburuak ere lortu nahi ditu Topaguneak ekimen honen bidez:

Ekainaren 23a arte

Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoa apirilaren 23an hasiko da, Liburuaren Nazioarteko Egunean. Katalanek Diada de Sant Jordi delakoa ospatzen dute egun horretan, elkarri arrosak eta liburuak oparituz. Horregatik, oso data egokia da honelako egitasmo bati hasiera emateko. Amaiera, berriz, ekainaren 23an izango du: izan ere, uda izaten da jendeak irakurtzeko denbora gehien duen tartea, eta ondorioz uda aurreko hilak oso egokiak iruditu zaizkigu liburu trukea sustatzeko.

Egitasmoa berria bada ere, aipatu beharra dago aurreko urteetan Azkoitiko Maxixatzen, Ordiziako Hitzaro Elkarteak eta Basauriko Euskarabila elkarteek antzeko esperientziak antolatu dituztela, bakoitzak bere herrian. Hirurak ere oso arrakastatsuak izan dira, eta haiek emandako aholkuetan oinarritu da Federazioa kanpaina era bateratuan antolatzeko. Guztira, 13 elkartek hartuko dute parte:

Amaitzeko, arestian aipatu bezala, egitasmoak bere webgune propioa ere badu. Bertan, liburu bakoitzaren inguruko iruzkin txiki bat aurkituko du irakurleak. Iritzia uzteko aukera ere izango du, eta gainera, beste webguneetan argitaratutako biografiak, bibliografiak, kritikak eta abar ikusteko loturak.


(JOXE ROJAS GRANJA Topaguneako Hedabide Sailaren arduraduna da)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1177078645