|
Sagrario Aleman eta Joseba Lakarra euskaltzain urgazleak proposatu ditu Euskaltzaindiak 27. eta 28. zenbaki-hutsarteak betetzeko. Horrela adostu zuen erakundeak atzo (2007-4-20) Etxalarren egindako bilkuran.
Hauek dira proposamenak:
27. zenbaki-hutsartea betetzeko, Sagrario Aleman euskaltzain urgazlea proposatu dute Patxi Zabaleta, Patxi Salaberri eta Andres Iņigo euskaltzain osoek.
28. zenbaki-hutsartea betetzeko Joseba Lakarra euskaltzain urgazlea proposatu dute Jose Antonio Arana Martija, Xabier Kintana eta Jose Luis Lizundia euskaltzain osoek.
Sagrario Aleman
Sagrario Aleman Astiz Etxalekun (Nafarroa) jaio zen, 1952ko martxoaren 5ean. Farmazian lizentziatua da (Madrilgo Unibertsitate Konplutensean).
Nafarroako alfabetatze eta euskalduntze mugimenduan ezinbesteko erreferentzia da. 1972an hasi zen lanean helduen euskalduntzean. 1981-82 ikasturtetik aurrera Arturo Campion euskaltegian dihardu, bertako zuzendaria delarik 1982. urtetik. Bestalde, didaktikan ere dihardu, euskaltegian bertan, beste lankide zenbaitekin.
Ikastaro, mintegi eta jardunaldi ugaritan ibili da irakasle, soziolinguistikaz, didaktikaz eta gramatikaz, besteak beste. Euskal Herrian Euskaraz taldeko partaidea, lehenengo urteetan, Zaldiko-Maldiko euskara elkarteko sortzailea ere bada. Horrezaz gain, Karrikiri euskara taldearen sorrerako bileretan ibilia da, baita Euskalerria Irratiko hastapenetan ere.
Jakin, Bat, Argia edota Pulunpe argitalpenetan argitara eman ditu kolaborazioak eta Egin Irratia, Bilbo Hiria eta Euskalerria irratietan ere kolaboratzaile izan da.
Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kide izan zen, joan den legealdian.
EKB eta Kontseiluan ere aritua IKAren izenean.
Zaldiko-Maldiko elkarteak Lamien Urrezko Orrazia eman zion 1987an eta 1996an, Euskalerria Irratiaren Larreko saria jaso zuen.
Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2006an.
Joseba Lakarra
Joseba Lakarra Andrinua Arratzun (Bizkaia) jaio zen, 1962ko urtarrilaren 1ean. Euskal Filologian lizentziatua (EHU, 1983), 1994an doktore maila lortu zuen, Koldo Mitxelenak eta Joakin Gorrotxategik zuzendutako XVIII. Mendeko Hiztegigintzaren Etorkiez izeneko tesiarekin. 1996an, Doktoregoko Sari Berezia jaso zuen.
2005eko abuztutik aurrera Euskararen Historia eta Euskararen Gramatika Historikoaren katedraduna da, EHUko Filologia eta Geografia-Historia Fakultatean. Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak sailean dihardu. Bere ikerketa-lerro nagusia hauek dira: Euskararen historia eta historiaurrea eta Euskal testu zaharren edizio eta analisia.
Publikatu dituen liburuen artean hauek daude, besteak beste: Euskal Baladak. Azterketa eta Euskal Baladak. Antologia (1983), K. Mitxelenaren idazlan guztiak. Hizkuntzalaritza (1988), Manuel Larramendi. Euskal Testuak (1990, Patxi Altunarekin batera), Martin Harrieten hiztegiak (1741), (1995), Towards a history of Basque language (1995, J.I. Hualde eta Larry Traskekin batera), Studies on Basque and Historical Linguistics in honor to R. L. Trask - Ikerketak Euskalaritzaz eta Hiskuntzalaritza Historikoaz. Larry Trasken Oroitzapenetan (2006, J.I. Hualderekin batera).
ASJU-ren Zuzendaritzako kide da eta Fontes Linguae Vasconum-en batzordeko kide ere. 1988-2000 bitartean Eusko Jaurlaritzak finantziatu eta Euskal Idazleen Elkarteak argitaratutako Euskal Klasikoak bildumaren koordinatzaile izan zen (Patxi Altuna, Ibon Sarasola eta Blanca Urgellekin batera). Euskeraren Iker Atalak / Litterae Vasconicae-ren batzordeko kide ere izana da.
Unibertsitatean ere hainbat kargu akademiko bete ditu; besteak beste Filologia eta Geografia-Historia Fakultateko dekanoa izan zen, 2003tik 2007ko urtarrila bitartean.
2004an ezagutu genuen Juan Perez Lazarragak XVI. mendean idatzi zuen eskuizkribuaren lehen azterketa filologikoa eta literarioa egin zuen Joseba Lakarrak.
Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1991n.
|