Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Hizkuntz-eskubideen urraketak bere horretan dirau

Hizkuntz-eskubideen urraketak bere horretan dirau

2007-04-24 / 07:00 / Itxaso Ferreras - Kontseilua   BESTELAKOAK

"O en español, o no entras" bezalako erantzunak jasotzen ditu Behatokiaren Hizkuntza-eskubideen egoera Euskal Herrian, 2006an txostenak. Aurreko txostenek jasotako ondorioak ere berresten ditu: "Hizkuntza-eskubideak Euskal Herri osoan urratzen dira eta administrazio guztiek urratzen dituzte", dio Behatokiko lehendakariak, Xabier Mendigurenek.

Behatokiaren urteko txostena herritarrek euskararen telefonoan helarazitako kexa eta txalotzeen bidez egindako azterketa da. Aurtengoa, gainera, seigarren txostena da: 1.099 espediente sortu dira 2006an, hauetatik 973 eskubide urraketen berri eman duten herritarren kexak izan dira. "Berriz ere, begi-bistan gelditu da eskubideen urraketak naturalizatu egiten direla lurralde guztietan", azaldu zuen Behatokiko lehendakariak 2007-4-19an Donostian eginiko aukezpenean.

Jauzi arriskutsua

Aurten jaso diren kexen edukia aztertuz, zenbaitetan euskara erabiltzeak herritarrari sortzen dion "arriskuaren" berri eman dute Behatokiko ordezkariek. Izan ere, urtero jasotzen diren erantzun zakarrez gain, aurten justiziaren alorrean, esaterako, "jauzi arriskutsua egin da": euskara erabili nahi izan duenari kartzela-zigorra ezarri zaio; hizkuntza gutxiesten duenaren aurkako neurririk, berriz, ez da inon hartu. Horrela, zuzenean euskaraz deklaratu nahi izan duen herritar batek sei hilabeteko kartzelaldiari egin beharko dio aurre; baina, "has pedido médico euskaldun, y como no hay, te quedas sin visita al médico", bezalako erantzunak ematen dituenak, ez du zertaz arduratu.

Eskubideak sistematikoki urratuta

Sei urtetan 4.374 espediente osatu ditu Behatokiak eta muturreko ondorioak eragin dituzten egoerak izan badaitezke ere, euskal errealitatearen zati bat dira, "ez dira salbuespenak", gogorazi dute. "Euskararen telefonoaren zerbitzuaren bidez, Euskal Herriko hizkuntza-eskubideen egoeraren diagnosia egiteko informazioa jasotzen dugu", aditzera eman zuen Mendigurenek. Behatokia, duela sei urte Kontseiluak sortutako fundazioa, herritarren hizkuntza-eskubideez arduratzen da, arlo publikoan zein pribatuan, eta horiek bermatzera zuzentzen du bere jarduera.

"Kezkagarria da gure hizkuntza-eskubideak urtez urte sistematikoki urratzen direla ikustea", azaldu zuen txostenaren aurkezpenean Paul Bilbaok, Behatokiko zuzendariak. Izan ere, eremu pribatuan, euskaldunon hizkuntza-eskubideak ez daude aitortuak, enpresa edo zerbitzu-emaile bakoitzaren borondatearen araberakoak dira.

Alor publikoan, berriz, ez dira euskararen aldeko neurriak hartzen nahiz betetzen eta kasu askotan, oztopoak jarri zaizkio euskararen erabilerari. Euskal Autonomia Erkidegoan esaterako, Ertzaintzaren eta Osakidetzaren lan deialdi berriek ez diete aurreko urteetan salatutako eskubideen urraketari erantzun. Nafarroan, besteak beste, langile euskaldunekiko bereizkeria jarri dute abian, eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, muzin egin zaie euskararen erabilera bermatzeko eskaerei. Espainiako estatuko administrazioaren jarrera ere, adierazlea izan da benetan: ez ditu euskarazko dokumentuak onartu eta bi hizkuntza ofizialak erabiltzeak komunikazio argia oztopatzen duela adierazi du. Egoera guzti hauen aurrean, "berriz ez gertatzeko neurriak behar" direla esan du Bilbaok.

Jarrera aktibo eta harkorragoak

Aurtengo txostenak zenbait datu baikor ere eskaintzen ditu. Alde batetik, herritarren jarrera; geroz eta jarrera aktiboagoa erakusten dute hizkuntza-eskubideen urraketen aurrean. Bestalde, zenbait administrazioaren jarrera harkorragoa. Aurreko urteekin alderatuz gero, Behatokiak helarazitako kexei modu positiboagoan erantzun dieten erakundeen kopuruak nabarmenki egin du gora. "Jarrera harkorra erakustea abiapuntu aproposa da, baina nahitaezkoa da jarrera harkorra neurri eraginkor bihurtzea", gogorarazi du Paul Bilbaok.

  • Behatokiaren 2006ko txostenean jasotako ondorio nagusiak osorik irakur ditzakezue.


(ITXASO FERRERAS SANTAMARIA Kontseiluaren komunikazioburua da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com