Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskara Ertzaintzaren babesik gabe

Euskara Ertzaintzaren babesik gabe

2007-04-11 / 07:00 / Itxaso Ferreras - Kontseilua   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Herrizaingo Sailak 2007-04-10ean EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratu duen lan deialdian 120 plaza betetzeko oposizio bidezko lehiaketa egin da, eta horietatik %42k besterik ez dute derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna, 1. hizkuntza-eskakizuna hain zuzen ere. Besteetan euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da eta puntuazio osoaren % 9,09 esleitu zaio euskararen ezagutzari.

Behatokiak orain urtebete argitaratutako deialdian gogor kritikatu zuen lan-deialdi hauen bidez ez dagoela lortzerik 1998an Ertzaintzaren hizkuntza-normalizaziorako onartu zen dekretuak ezarritakoa. Dekretuaren arabera, 2008a baino lehen lanpostuetatik % 40,74k izan beharko dute egiaztatuta euskararen ezagutza. “Azken deialdian % 42ri eskatu arren, horrek ez du igoera handirik suposatuko plantilla orokorrean, eta hortaz, ezarritako helburura ez da hurbilduko”, gaineratu du Behatokiko zuzendariak.

Bestalde Bilbaok oso gogor kritikatu du orain dela urtebete egindako eskaerari erantzun ez izana. Izan ere, 2. hizkuntza-eskakizuna definitzeko eta lanpostuetan zehazteko eskatu zuen Behatokiak 2006an. Hori egin ez, lan-deialdi berri bat atera eta 2. hizkuntza-eskakizunak definitu gabe jarraitzen du, hortaz, ezin ezarri lanpostu bati ere. “Aurreikuspenik makurrena gertatu da, izan ere, 2. hizkuntza-eskakizuna plangintzaldia amaitzen denean ezarriko dutela dirudi. Hamar urteko epean egiteko zutena, azken egunerako utziko dute. Hamar urte behar al dira hizkuntza-eskakizuna definitzeko? Ez ote dira propio atzeratzen ari?”, galdetu du zuzendariak

Bestalde Bilbaok gogoratu duenez, “edozein hizkuntzatan zerbitzua emateko gaitasuna duen langile bakarra langile elebiduna da; hau da, herritarrak edozein hizkuntza aukeratzen duela ere, langile elebidunak bakarrik erantzun ahal izango dio hizkuntza horretan. Beraz, langile elebakarrak kontrataturik, hizkuntza-eskubideak urratzeko aukerak zabalduko dituzte”, azpimarratu du.

Bilbaok gogora ekarri nahi izan du 2006an Behatokiak kudeatutako hainbat kasu. Txostena hurrengo astean aurkeztuko bada ere, Behatokiko zuzendariaren arabera “Urte beltza izan da Ertzaintzan hizkuntza-eskubideen urraketei dagokienez, eta hala ere, ez dute bitarteko egokirik jartzen herritarren oinarrizko eskubideen bermerako”. Hartara, zerbitzua euskaraz ez jasotzeaz gain, tratu desegokia pairatu behar izan dute herritarrek 2006an, horren adibide nabariena Olatz Berrojalbizena izan dela gogoratu du Behatokiko ordezkariak. “Lan-deialdi berri honekin ateak zabalduko zaizkie, berriz ere, herritarren eskubideen urraketei, eta ez dago eskubiderik” erantsi du Bilbaok.

(ITXASO FERRERAS SANTAMARIA Kontseiluaren komunikazioburua da)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com