Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Zumaiako merkataritzan 'Euskara txanpan'

Josune Herrarte - Xabier Azkue / Bestelakoak / 2007-03-21 / 07:00


Merkatariekin elkarlanean eta parte-hartzea bultzatzen duen metodologia erabiliz, Zumaiako Udalak merkatariak euskaraz saltzeko bidean jarri ditu, gainerako herritarrek euskaraz eros dezaten.



EBPNren barruan

EBPNren barruan

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) barruan kokatu behar da asmo hau. Diagnostikoa egiterakoan merkataritzaren arloa landu beharraren garrantziaz jabetuta, 2005eko udaberrian plan berezia diseinatzeari ekin zitzaion. Horretarako Elhuyar Aholkularitzaren zerbitzuak kontratatu eta dendari eta tabernarien laguntza ere izan genuen Euskara Zerbitzuan.

Parte-hartzea bultzatzen duen metodologia erabili da prozesu guztian zehar, hasiera-hasieratik. Grafiko eta matrize sinpleak baliatuta, ondorio sakon eta oinarrizko proposamenetara iristea lortu dugu, betiere dendari eta tabernarien inplikazioa lortzea ahaztu gabe.

Aurreneko lana herriko dendari eta tabernariekin batera plana diseinatzea izan zen. Horretarako hainbat bilera egin genituen eta bilera horietan Zumaiako denda eta tabernetan zeuden hizkuntza ohituren azterketatik abiatu, euskara gehiago egiteko zeuden arazoak identifikatu eta euskararen erabilerak gora egiteko zer egitea komeni zen adostu genuen.

Hurrengo bileretan komunikazioa eta sentsibilizazioa landu ziren eta 2005eko abenduan ekitalditxo bat antolatu zen; bertan aurkeztu zen dendariekin eta zenbait herritarrekin batera diseinatutako plana. Dendari guztiak gonbidatu ziren eta giro atseginean planaren berri emateaz gain, arkatz-pote bana banatu zitzaien, Euskara Zerbitzuak eskaintzen zituen aukeren berri emateko.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

2006ko zenbait ekintza

2006an zerbitzuen alorra jorratzen ahalegindu zen Zumaiako Udala eta dendariekin bezalaxe, bilera batzuk antolatu genituen haiei begirako plana diseinatzeko. Alor horretan sartzen dira bidaia-agentziak, aseguru-etxeak, ile-apaindegiak, higiezinen zerbitzuak, etab. Bien bitartean, hala ere, dendariekin bilerak egiten eta tabernariekin harremanetan jarraitu genuen; izan ere, haiek arduratu dira batez ere planari segimendua egin eta proposamen berriak egiteaz.


Merkatariekin egindako bileren ondorioz landutako hainbat ekintza:

Merkatariekin harremanak erraztu egin dira eta beldurrik gabe jotzen dute Euskara Zerbitzura zalantzak argitu eta itzulpen laburrak eskatzeko. Errotuluei dagokienez, herrian irekitzen diren establezimendu berri ia guztiek jasotzen dituzte diru-laguntzak eta beste batzuek laguntzak aprobetxatzen dituzte errotulua aldatzeko.

2006ko Gabonetan kanpaina berezia

Planak bere martxa hartu duen honetan, konturatu gara beharrezkoa dela bi alderdi indartzea: HIZKUNTZA PAISAIA alde batetik eta BEZEROEN IKUSPEGIA lantzea, bestetik. Horretarako, Gabon sasoia hartu eta gosari-prentsaurreko moduko batean 3 produktu aurkeztu genituen, zenbait merkatarirekin elkarlanean, kazetarien aurrean.

2007rako asmoak

2007an zehar martxan jarri nahi ditugun ekintzak azterketan eta hausnarketan zentratu beharrean herritarrengan eragingo duten ekintzak bideratu nahi ditugu, herritarrak konturaraztea merkatariek egiten duten ahaleginaz.

Horregatik merkatariei zuzendutako kanpaina konkretuek indar handiagoa jarriko dute Zumaiako hizkuntza paisaia euskalduntzen alde batetik, eta bestetik komunikazioak pisu handiagoa izango du. Hona hemen ditugun egitasmo batzuen aurrerapena:

Euskarak hartu du olatua eta jarri da txanpan, beste alor batzuetan bezalaxe, merkataritzan ere. Aurrerantzean, denok batera arraun egiten jarrai dezagula.


(JOSUNE HERRARTE eta XABIER AZKUE, Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzua)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1173951493