|
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailak EAEko irakaskuntza sisteman hizkuntzak ikasi eta irakasteko etorkizunerako proposamena aurkeztu du, "berritzailea eta eleanitza", A, B eta D ereduen banaketa gainditu eta ikasleek euskara zein gaztelania ikastea bermatu nahi duena. Marko eleanitz berrirako proposamena bildu dugu guk hemen, Jaurlaritzak aurkeztu bezala.
Baztertze-politiketatik integrazio-politiketara
Baztertze-politiketatik integrazio-politiketara
Hamarkada luzeetan euskararen kontrako eta euskara bera baztertzeko legeak eman ostean, Gernikako Estatutuak hau aldarrikatzen du: "Euskarak, Euskal Herriaren berezko hizkuntza denez, hizkuntza ofizialen maila izango du Euskal Herrian gaztelaniarekin batera eta guztiek dute bi hizkuntzok ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea". (6.1 artikulua)
Euskararen kontra eragiteko herri-aginteek hezkuntza-sistemari eragin zioten inplikazio negatibo eta baztertzailetik, inplikazio hori positiboa izatera pasatu zen Eusko Legebiltzarra eta Eusko Jaurlaritza eratzean. Inplikazio positibo horrek gizarte integratua erraztu zuen, elebitasun partekatuan afektiboki eta modu eraginkorrean elkarrekin bizitzeko gai dena. Egungo legediak zentzu hori du, eta argia eta zehatza da, horri dagokionez:
- "Jaurlaritzak, ikaslegoari derrigorrezko eskolaldia bukatzerakoan bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko adina ezagutuko ditueneko segurantza emateko xedezko neurriak hartu eta euskera-giroa bermatuko du, barne nahiz kanpo-ekintzapidetan eta Arduralaritzako ihardun eta agirietan euskera agizko adierazpide eginez". Euskeraren erabilpena arauzkotzezko abenduaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 17. artikulua.
- "Euskara eta gaztelania nahitaez sartuko dira euskal eskola publikoan gara daitezen irakaskuntza-programetan, bi hizkuntzen ahozko zein idatzizko ulermena eta adierazmena benetakoa izan eta gutxienez ohizko harremanetarako eta erabilerako hizkuntza gisa erabili ahal izan daitezen". Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 18. art.
- Eusko Jaurlaritzak eta horren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak beste hizkuntza batzuen ezagutza ere sustatu dute, eta EAE aintzindaria da hirueledun ikaskuntzan, derrigorrez eskolaratu beharreko etapetan; horrela, bada, aurrea hartu die Europear Herrialdeetako orientazioei eta proposamenei (Eleaniztasunerako Estrategia Marko Berria, Brusela, 2005.11.22).
25 urteko esperientzia ebaluatzen
Derrigorrezko eskolaldia amaitutakoan EAEko hizkuntza ofizial bat zein bestea jariotasunez eta oso ondo hitz egiten dutenen kopurua nahiko handia da, eskolaren inplikazioari esker. Horien artean, askok eta askok hirugarren hizkuntza batean komunikatzeko gaitasuna ere badu.
Aurrerapausuak handiak izan dira; hala ere, oraindik ez da lortu indarrean dauden ereduetan ikasi duten herritar gehienen integrazio eleanitza. EAEko herritarrak ordezkatuz Eusko Legebiltzarrak eman dituen legeak eta elkarren osteko gobernuek emandako neurriek ez dira espero bezain eraginkorrak izan, eta gazte guztiek ez dute lortu geure erkidegoko hizkuntza ofizial bietan jariotasun arruntez komunikatzea derrigorrezko eskolaldia amaitutakoan.
Hezkuntza, eskola, beharrezkoa da, baina ez da nahikoa edozein herritar gure gizartean hizkuntza biez balia dadin. Hezkuntza beharrezkoa da hizkuntza bion ezagupena orokortzeko. Baina ez da nahikoa hizkuntzon erabilpena bermatzeko; izan ere, gizarte-gune ( familia, kalea, auzoa, "kuadrila", aisia, lana, teknologia-berrikuntzak, laguntza-zerbitzuak...) bakoitzaren jokaeraren arabera lortuko da hori.
Egindako ebaluazioen arabera, gaztelaniaz komunikatzeko gaitasuna bermatua dago indarrean dauden eredu guztietan (eredu bateko eta besteko ikasleen arteko aldeak oso txikiak dira; dena dela, horrek ez du esan nahi, bereziki kasu batzuetan, ez dela komeni kalitatea hobetzen jarraitzea).
Egoera bestelakoa da euskararen kasuan, egindako ebaluazioek argi erakusten dutenez.
Hainbat ebaluazio egin eta emaitzak alderatu ondoren, emaitzak ikusita egoeraren zergatiak aurkitu eta hobetzeko estrategiak proposatu behar ditugu:
- Zenbat eta gutxiago erabili euskara irakaskuntza-hizkuntza bezala, orduan eta hizkuntza-gaitasun gutxiago euskaraz. Korrelazio hori ageri-agerikoa da. Ikasi-irakatsi prozesuan euskaraz murgilduta emandako denbora oso erabakiorra da, gaur arte egindako ebaluazioen arabera.
- EAEko hizkuntza ofizialetan murgiltzeko aukerak oso desberdinak dira. Ikasle asko eta askorentzat, eskola da euskaraz murgiltzeko kontestu nagusia euskararen ikaskuntzan. Gauza bera gertatzen zaie hirugarren edo laugarren hizkuntza ikasi nahi duten ikasleei.
EAEko gaurko hezkuntza-erronkak integrazio eleanitzerako
Europako Batzordearen estrategia markoak eleaniztasuna erraztu nahi du solidaritatearen ikuspuntutik asmo handiko erronka baten helburutzat:
"Europako batasuna kontzeptu honetan oinarritzen da: "batasuna aniztasunean": kultura, ohitura, sinesmen... eta hizkuntzen aniztasuna. Batasunean, hogei hizkuntza ofizial ez ezik, bertako hirurogei hizkuntza inguru ere hitz egiten dira, eta bertoko ez diren hainbat hizkuntza ere bai, etorkinen komunitateenak hain zuzen. Aniztasun horrek ageri-agerian uzten du Europako Batasuna ez dela desberdintasunak bat egiten dituen "arragoa", etxe partekatua baino, eta bertan gure ama-hizkuntzak, hamaikatxo izan arren, aberastasun-iturri dira eta solidaritatea eta elkar ulertzea lantzeko lurra" (Europako Batasuna. 596 komunikazioa: Eleaniztasunerako Estrategia Marko Berria. Brusela, 2005.11.22).
Europako erreferentzia-marko horren izpiritua aplikatzerakoan, hizkuntzak EAEko egungo egoera historikoan ikasi, irakatsi eta ebaluatzeko, erronka zehatzak planteatzen dizkigu:
- Elkarbizitza demokratikoki partekatuak bateragarri egin behar ditu norberak askatasunez erabakitzeko eskubidearen errespetua, herritarrei dagokienez, eta gainerako herritarrek ere eskubide hori izateko berme solidarioa. Demokrazian herritarrek elkarri pertsonen askatasuna eta berdintasuna eskatzen diote, baina hori aldi berean aplikatzeak erronka bereziak dakartza gurea bezalako aniztasun-maila altuko gizarteetan; izan ere, hizkuntza ofizial bien (euskara eta gaztelaniaren) arteko lehentasunak eta beste batzuen (batez ere ingelesa) arteko lehentasunak markatzeko, funtzionalitate komunikatiboko irizpideak erabiltzen dira, bai eta irizpide sinbolikoak eta identitate-adierazpenekoak ere.
- Aukera pertsonal diferenteak dituzten pertsonen arteko bizikidetza libreak, euren sentimendu eta lehentasunezko hizkuntza-erabilerei dagokienez, eskatzen du Euskadin elkarreragiten duten pertsonek eraginkortasunez errespetatzea herritar guztiek hautatzen duten erabilera-hizkuntza.
- Gainera, egungo euskal gizartean bizikidetza integratuaren helburuak izan behar du pertsona guztiek, gutxienez, gaitasun pasiboa izatea lurraldeko hizkuntza ofizial bietan.
- Konpromiso hori euskal hezkuntza-sisteman aplikatu behar da bereziki; izan ere, eremu pribilegiatua da errespetu proaktiboaz baliatzeko, eta irakasleen zatirik handiena elkarbizitza eleanitzaren eredu dugu.
- Euskal herritarrek erkidegoko hizkuntza ofizial biak ez ezik, atzerriko beste hizkuntza batzuk (ingelesa eta, behar izanez gero, frantsesa edo beste hizkuntza bat) ere jakin behar dituzte, maila pertsonal, profesional eta intelektualean garatu nahi badute. Horrela, bere herritik gai izango dira sare orokorrekin konektatzeko, eta, era horretan, errazagoa suertatuko zaie ezagupenak eta esperientziak gunerik aurreratuenekin trukatzea.
Egungo erronkei aurre egiteko printzipioak, esperientzak eta erreferentziak
Egun, EAEko herritarren integrazio eleanitzaren aldeko printzipioak erabat hedatuta daude; horrez gain, geure esperientzia propioak ditugu, bide arrakastatsuak eta antzuak erakusten digutenak; halaber, aditurik onenek bermatzen dituzten orientazioak ere oso lagungarri ditugu, eta Europako eremurako, Europako Erreferentzia Markoan jaso dira.
- Europako Erreferentzia Markoak oinarri bateratua eskaintzen du hizkuntza-programak, kurrikulu-orientazioak, azterketak, eskuliburuak... jorratzeko Europa osoan. Halaber, modu integratzailean deskribatzen du zer egin behar duten hizkuntza-ikasleek hizkuntza batean komunikatzen ikasteko, bai eta zein ezagupen eta gaitasun garatu behar duten eraginkor jokatzeko. Deskripzio horrek hizkuntzaren kultura-kontestua ere hartzen du bere baitan. Horrezaz gain, Erreferentzia Markoak hizkuntza-mailak ere deskribatzen ditu, ikasketa-fase bakoitzean eta bizitza osoan zehar ikasleak izan duen aurrerapena egiaztatzeko. (Hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako Erreferentzia Markoa, Council of Europe Modern Languages Division. Strasbourg, 2001, 12. or)
Euskal Hezkuntza-sistemaren helburuak
- Euskal Hezkuntza-sistemaren helburu nagusietako batek izan behar du: "Euskal gizarte anitzean eta mundu konplexuan elkarrekin bizitzen irakastea".
- Hezkuntza eleanitza: gure gazteen errealizazio pertsonalean laguntzeko, mundu gero eta globalago batean euren garapenean gaitzeko eta mundu bihozbera, bidezko, solidario, aurreratu eta jasangarriagoa eraikitzen lagun diezaiegun. Euskal kurrikulumaren globalizazioa indartu behar da. Era berean, ikasleak hainbat hizkuntzatan gaitu behar dira. Hori dela eta, euskaraz eta gaztelaniaz jakin behar dute, eta Europako estrategiari jarraiki, Euskal Hezkuntza-sistemaren helburu izan behar du atzerriko hizkuntza bat edo gehiago irakastea. Hori guztia egin behar da, beti ere jakinik euskara eta gaztelania hizkuntza ofizialak direla eta euskara, momentuz behintzat, egoera txarragoan dagoela.
Marko eleanitz berriaren printzipioak
- EAEko hizkuntza ofizial biei dagokienez:
- Elkarbizitza afektibo eta eraginkorraren baloreetan heztea EAEko bi hizkuntza ofizialei modu desberdinean atxiki zaizkien pertsonak.
- Unean-unean gizarte- eta hezkuntza-baldintzarik onenak sortzea, derrigorrezko hezkuntza-prozesua amaitzean herritarrek hizkuntza ofizial bien ezagupen-maila nahikoa izan dezaten eta euren artean hizkuntza batean zein bestean komunika daitezen.
- Beste hizkuntza batzuei dagokienez:
- Une oro gizarte- eta hezkuntza-baldintzarik onenak sortzea, euskal herritarrak gai izan daitezen, gutxienez, beste hizkuntza batean komunikatzeko oinarrizko ezagupenak lortzeko.
Hezkuntza-politika eleanitz eraginkorra gauzateko baliabideak
- Eskola-populazioarentzat oinarrizko estandar bateratuak finkatzea, hala bi hizkuntza ofizialei nola beste hizkuntza bati/batzuei dagokienez.
- Maila bakoitzeko ikasleen (Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzen duten ikasleen) ebaluazio bateratu objetiboa (egun berean eta ordu berean).
- Hizkuntzetan ikastea (hizkuntzak eurak ikasteko baliabide nagusia).
- Ikasketa-hizkuntzen sailkapena moduluka egitea, eremu bakoitzaren beharrizan eta berezitasun zehatzen arabera, talde-bazterketa ekiditeko, helburu bateratuak lortzeari dagokionez.
- Irakasleak prestatzea, ezarritako ikasketa-hizkuntzetan programak garatzeko.
- Hizkuntza bakoitzean ikasteko materialak garatzea.
- Ikastetxe guztien esperientziak elkarren artean trukatzea, horietatik etengabeko hobekuntzan ikasteko (banku handi bat sortuta, esperientzia horiek eraginkortasunez aprobetxatzeko, ezagupenaren eta jokaeraren kudeaketa-teknika eta metodoak aplikatuta).
- Hezkuntza-ekimenen zeharkako integrazioa sustatzea elkarbizitza eleanitzera bideratutako beste erakunde (instituzional edo sozial) batzuekin, herritarrek beren aukera askatasunez erabaki dezaten.
Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko marko berritzailea
- Proposatzen den markoa berritzailea da arrazoi hauengatik:
- Gure hizkuntza-politika eta Europako Erkidegoarena bateratzen ditugu, helburuei eta baliabideei dagokienez. Zentzu horretan, Europako Hizkuntzen Erreferentzia Markoan sartzen da proposamena :
- Malgua da: era askotako egoeretan erabiltzeko modukoa da.
- Irekia: zabaldu eta hobetzeko modukoa da.
- Dinamikoa: erabileratik hartutako esperientziari erantzuten dio.
- Adierazpen-helburuetatik helburu operatiboetara pasatzen da; helburuok "ahalmen/gaitasun" terminotzat hartu behar dira, eta hiritartasun terminotzat ere bai (ez dira helburu "didaktikoak", eskola-jarduerara mugatuak, gizarte-eremuko helburuak baino, derrigorrezko hezkuntzak erantzun beharrekoak). Euskal Herriko historian lehen aldiz, bi hizkuntza ofizialen gaitasunean lortu beharreko helburuak finkatzen dira.
- Atzerriko hizkuntz(ar)entzat helburu zehatzak finkatzen ditu, hizkuntza ofizialentzat egiten duen bezalaxe.
- Gizarte-kohesioa bultzatzen du.
- Ikasle guztien aukera-berdintasuna bermatzen du, XXI. mendeko euskal gizartearen kultura arteko marko berrian.
- Eleanitza:
- Egungo ereduak testuinguru elebidunean oinarritzen dira. Beraz testuinguru eleanitzaren beharrizanei erantzuten dien marko batera pasatu behar da. Ondorioz, gure hezkuntza-sistema gizarte- eta hizkuntza-egoera berrira moldatu behar da; izan ere, Euskal Herria egoera horretara moldatzen ari da eta dagoeneko egoera hori bizi du.
- Hizkuntza ofizial bien -hizkunta biok komunikatzeko bide izan daitezen- eta atzerriko hizkuntza baten edo biren ezagupen nahikoa lortzera bideratua.
- Derrigorrezko hezkuntzaren barruan lortu beharreko helburu operatibotzat helburu hauek finkatu beharko lirateke(1):
- Gaztelania: B2-DBH/B1-LH
- Euskara: B2-DBH/B1-LH
- Ingelesa/frantsesa: B1-DBH
- Markoak maila horiek gainditzeko asmoa du, hiritarrak etengabeko hezkuntzako prozesuetan sartzen diren neurrian, beren pertsona- eta gizarte-hezkuntza- edo lanbide-garapenean (hurrengo hezkuntza-testuinguru batzuetan, irakaskuntza formal, informal edo ez formalaren bidez).
- Euskara izango da marko berriaren ikas-irakaskuntzaren hizkuntza nagusia. Hau da, euskarak irakas-hizkuntza integratzailea izan behar du. Izan ere, gaurko egoeran (eta aurreikusi daitekeen etorkizunean), gaztelaniarentzat ez da ezer aldatuko, eta praxiak argi eta garbi erakutsi du ikaste-prozesuan euskaran murgiltzea funtsezkoa dela komunikazio-ahalmenak eskuratzeko, ahozkoak zein idatzizkoak; gainera, egiaztatuta dago ikasleak urtean bizitzaren % 17 baino ez duela ematen ikastetxe batean ikasten.
- Gaztelania, ere, ikas-hizkuntzatzat hartuko da, beraren erregistro formalak behar bezala ezagutzen direla bermatzeko.
- Atzerriko hizkuntza/k modu osagarrian landuko dira, atzerriko hizkuntza bera eta atzerriko hizkuntza horrexetan ikasita, proposatutako maila lortzeko, baina hizkuntza ofizialetarako jarritako helburuak murriztu gabe.
- Bilbatzailea /Sendoa:
- Gernikako Estatutuaren 6. artikuluaren arabera, "Komunitate Autonomoko Erakunde amankomunek Euskal Herriko egoera sozio linguistikoaren ñabardurak kontutan izanik, bi hizkuntzen erabilpena bermatuko dute, beroien ofizialtasuna erregulatuz, eta beroien ezagutza segurtatzeko behar diren neurriak eta medioak erabaki eta baliaraziko dituzte".
- Euskararen erabilpena arauzkotzeko oinarrizko Legearen 17. artikuluaren arabera, Jaurlaritzak neurriak eman behar ditu "elebitasuna" benetakoa izan dadin.
- Bestetik, praktikan ezin da hizkuntzak ikasteko eta irakasteko 796 marko izan, hau da, ezin da ikastetxe beste marko izan.
- Horretarako, proposatutako helburuak lortze aldera, EAEn hizkuntzak ikasi eta irakasteko markoaren egitura orokorra arautuko dute Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak.
- Malgua:
- Ikastetxeek hizkuntza-proiektua (eleanitza) diseinatu, eta hezkuntza-proiektuan txertatuko dute, erkidegoko erakundeek zehaztutako markoaren barruan proposatutako helburuak lortzeko.
- Irakas-hizkuntzatzat hartzen den hizkuntza-kopurua handitu ahal izango da (hizkuntza ofizial bien lehentasuna ahaztu gabe), marko orokorrarekiko; horretarako, kontuan hartuko dira ikasketa-prozesuan lortutako emaitzak, jardute-eremuaren gizarte- eta hizkuntza-ezaugarriak, ikasleen ezaugarriak...
- Gizarte-kohesioaren bultzatzaile:
- Ikastetxe, herri edo hiri bateko ikasle guztiak antzeko sistema batean eskolaratuko dira, eta ulertu behar da etapa bakoitzeko azken helburuek ikasle guzti-guztiei eragingo dietela, ikasleen hizkuntza-jatorria edo hezkuntza-sisteman sartu ziren unea gorabehera (hizkuntza-marjinazioko prozesurik gertatzeko arriskua ekidin behar da, helburu bateratuei dagokienez).
Ebaluazioaren garrantzia
- Hezkuntza sistemaren edozein helburuk ebaluazio-mekanismoak erabili behar ditu, lorpenak neurtu eta prozesuak egokitzeko. Hizkuntza-gaikuntzako prozesuetan, berriz, ebaluazio hori behar-beharrezkoa da; izan ere, nahi izan den ikaskuntzaren lorpenek baino ez dituzte ondu behar erabilitako baliabideak.
- Ikastetxe bakoitzean ikaskuntza-metodologiak eta programak era malguan erabiltzeko, behar-beharrezkoa da lortutako emaitzen ebaluazio zorrotzak egitea.
- Ebaluazioaren helburua sistema hobetzea da, lortu nahi diren helburuetara egokitzeko. Horrenbestez, bereziki zainduko da ebaluazioa, beste helburu batzuetara bidera ez dadin (emaitzen erabilera partzialetara edo/eta interesatuetara).
- Aurretiaz finkatutako mailak lortzeko neurri zuzentzaileak sartzeko balio behar izango dute ebaluazioen emaitzek. Era berean, ikastetxearen beraren, familien, Hezkuntza-administrazioaren eta Eusko Legebiltzarraren jardute-politika bideratzen lagunduko dute.
Nola ebaluatu helburuen betetze-maila?
- Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (ISEI-IVEIk) egun eta ordu berean proba berdina egingo die ezarritako maila bereko talde guztiei (LH eta DBHko azken etapetakoei) EAEko ikastetxe guztietan. Proba horren bidez, ikasle bakoitzak lortutako ezagupen-maila ebaluatuko da.
- Horrez gain, tarteko diagnosi-ebaluazioak ere egingo dira (LH-4/DBH-2), ikastetxe guztien ikasleen bilakaera ezagutzeko. Horrela, bada, azken helburuak lortzeko, plangintzan egokitzapen edo doiketa egokiak egiten lagunduko dieten adierazleak izango dituzte ikastetxeek.
- Bestalde, ikastetxeek beren ebaluazio-politika sartu ahal dute hizkuntza-proiektuan, eta ikaslerik nagusienek, berriz, autoebaluaziorako tresnak erabili ahal dituzte, esaterako, Dialang, Europako Batzordeak sustatua eta autoebaluazioa 14 hizkuntzatan (ez dago euskaraz) egiten laguntzen duena.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren (HUISen) papera
- Irakasleen komunikazio-gaitasunak erkidegoaren hizkuntza ofizial bietan hobetzea bultzatuko du (eta atzerriko hizkuntzan, atzerriko hizkuntzako irakasleena).
- Irakatsi eta ikasteko praktika onak orokortzea.
- Hizkuntza ofizial bien irakaskuntza sendotzeko baliabide osagarriak jarriko ditu.
- Antolatzeko eta parte hartzeko antolakuntza-era berriak eskainiko ditu, erakunde-jarduerari dagokionez, eta hizkuntza normalizatzeko plan trinkoekin jarraituko du: NOLEGA/Ulibarri (hainbat erakunderen artean sarean lan eginez), didaktika-aholkularitzako asmo handiko programa bat indartuz.
- Ikasleen elkarbizitza afektibo eta eraginkorra bultzatuko du hizkuntza ofizial biekiko.
- Prestakuntza teorikoa indartuko du, praktikaren azterketari lotu, hausnarketa-bideak zabaldu eta beste eragile batzuekin batera aztertuta: unibertsitateak, irakasleak prestatzeko ikastaroak, ebaluazio-lerroak diseinatzea...
- Eskola-eremuak ez diren beste gizarte-, ekonomia- eta kultura-elkarte batzuekiko eta erakunde publiko eta pribatuekiko koordinazioa bultzatuko du, euskal herritarrek hizkuntza-aukera askatasunez erabaki dezaten gizartean: kirol- eta kultura-ekintzetan, aisialdian, ikastaroetan, txangoetan...
Araudia aldatzea
- Adostu izanez gero, Eusko Legebiltzarrak hizkuntzak ikasi eta irakasteko EAEko marko berriaren Legea onartuko du.
- Ezarritako markoa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak garatuko luke, dekretu eta agindu egokiak emanez.
Aldaketa-prozesua
- Lehen Hezkuntzako lehenengo mailan jarriko litzateke martxan marko berria. Egungo ereduen sisteman hasitako ikasleak, berriz, sistema berarekin jarraituko dute graduatu arte. Dena den, horrek ez du esan nahi ikastetxeen hizkuntza-proiektuetan ezin dela egoera bikoitza kontuan izan eta jarduerak ezarri, egungo ereduen sistemako ikasleak Marko Eleanitz berriak proposatutako helburuetara hurbiltzeko.
- Marko berria 10 urtean ezarriko da, eta epe hori amaitzean ebaluazio orokorra egingo zaio.
Irakasleentzako hainbat inplikazio
- Proposatutako marko berriaren oinarria, neurri handi batean, ia irakasle guztietan kalitatezko elebitasuna lortzea da, hizkuntza ofizialei dagokienez. Irakasleria horren zati batek, berriz, hizkuntza-gaitasun nahikoa egiaztatu beharko du hirugarren hizkuntza batean, ikasgaiak atzerriko hizkuntzan emateko.
- Ingelesari dagokionez, urte honetan zehar ISEI-IVEI azterlan bat burutzen ari da, DBHko lehenengo eta bigarren zikloko ikasleek eta Batxilergokoek lortzen duten ingeles-maila ebaluatzeko. Kontuan hartu beharko da Ingelesaren Sarrera Goiztiarra Programarekin 4 urterekin hasi ziren lehenengo 96-97 ikasturtean egin zutela eta datorren ikasturtean amaituko dutela derrigorrezko hezkuntza.
Hizkuntza ofizialen gaitasunei dagokienez
- Gaztelaniaren hizkuntza-gaitasuna bermatuta dago eskola publiko eta itunpeko eskolako irakasle guztien kasuan.
- Egoera bestelakoa da euskarazko hizkuntza-gaitasunarekin. Datuen arabera, eskola publikoko irakasleen % 80k egiaztatu dute 2.HE eta % 6k 1. HE. Bestalde, itunpeko ikastetxetan, % 63k egiaztatu dute 2.HE eta % 4(e)k, berriz, 1.HE.
- Marko berria progresiboki ezarrita, sare bietako irakasleen euskarazko hizkuntza-gaitasuna bidezko modu batean hobetzen lagunduko luke. Urtero-urtero, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak 1.081 pertsona liberatzen ditu irakastordu barnean; horrezaz gain, euskaraz lan egiteko gaitasuna hobetzeko, irakastorduz kanpora 3.283 irakaslek ikasten dute.
- Estimazioak
- 1. Haur eta Lehen Hezkuntza eskola publikoan:
- Marko berria 2008-09 ikasturtean ezartzen hasten bada Lehen Hezkuntzako lehenengo mailan eta 2013-14 ikasturtean amaitzen bada ezarpena, irakasle gehigarri hauek egiaztatu beharko lukete euskarazko hizkuntza-gaitasuna, hurrenez hurren:
- 2008-09 ikasturtea: + 258
- 2009-10 ikasturtea: + 75
- 2010-11 ikasturtea: + 41
- 2011-12 ikasturtea eta hurrengoak: 0
- Kopuru horiek kalkulatzeko, aldagarri hauek hartu dira kontuan: aurreikus daitekeen ikasgelen kopurua, 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatu gabe duen irakasle bitartekoen kopurua eta jubilazio-aurreikuspenak.
- 2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eskola publikoan
- DBHn ere ikasturtez ikasturte ezarriko da sistema berria: 2014-15 ikasturtean hasi eta 2017-2018an amaituko da ezarpena. Beharrizanak antzemateko irizpide bera erabilita, irakasle gehigarri hauek egiaztatu beharko lukete euskarazko hizkuntza-gaitasuna, hurrenez hurren:
- 2014-15 ikasturtea: + 216
- 2015-16 ikasturtea: 0
- 2016-17 ikasturtea: + 709
- 2017-18 ikasturtea: + 772
- 1. Haur eta Lehen Hezkuntza itunpeko ikastetxeetan
- Marko berria 2008-09 ikasturtean ezartzen hasten bada Lehen Hezkuntzako lehenengo mailan eta 2013-14 ikasturtean amaitzen bada ezarpena, irakasle gehigarri hauek egiaztatu beharko lukete euskarazko hizkuntza-gaitasuna, hurrenez hurren:
- 2008-09 ikasturtea: + 45
- 2009-10 ikasturtea: + 120
- 2010-11 ikasturtea: + 211
- 2011-12 ikasturtea: + 301
- 2012-13 ikasturtea: + 385
- 2013-14 ikasturtea: + 467
- Kopuru horiek kalkulatzeko, aldagarri hauek hartu dira kontuan: aurreikus daitekeen ikasgelen kopurua, 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatu gabe duen irakasle bitartekoen kopurua eta jubilazio-aurreikuspenak.
- 2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza itunpeko ikastetxeetan
- DBHn ere ikasturtez ikasturte ezarriko da sistema berria: 2014-15 ikasturtean hasi eta 2017-2018an amaituko da ezarpena. Beharrizanak antzemateko irizpide bera erabilita, irakasle gehigarri hauek egiaztatu beharko lukete euskarazko hizkuntza-gaitasuna, hurrenez hurren:
- 2014-15 ikasturtea: + 363
- 2015-16 ikasturtea: + 578
- 2016-17 ikasturtea: 0
- 2017-18 ikasturtea: 0
- Klaseak ingelesez edo ingeles-klaseak ematen dituzten irakasleak 1.198 dira eskola publikoan eta 830 itunpeko ikastetxeetan. Frantsesko datuak hauek dira: 65 irakasle eskola publikoan eta 30 bat itunpeko ikastetxeetan.
- Atzerriko hizkuntzetan lortutako hizkuntza-gaitasunari buruz ISEI-IVEIk egingo duen azterlanean oinarrituta, behar izanez gero, antzemandako beharrizanetara egokituko dugu proposamena.
Txosten osoa
Orain arte azaldutakoa, marko eleanitz berrirako proposamena, txosten mardulago baten azken atala dugu. Txosten horretan, ebaluaketa ezberdinen emaitzak, hezkuntza sistemaren eta hizkuntz ereduen orain arteko ibilbidea eta hainbat adituk eta eragilek eginiko ekarpenak jaso dituzte.
Txosten osoa eskura izan nahi duenak HEMEN dauka, ppt formatuan.
Oin-oharrak
- (1) Europako hizkuntzen erreferentzia-maila bateratuak
- Europako Erreferentzia Markoan erreferentzia-maila bateratuak ezarri dira, A1etik C2ra doazenak. A mailak hasierakoak baino ez dira; B mailek, berriz, maila praktiko nahikoa eskaintzen dute, hizkuntza batean erabiltzaile independiente bezala moldatzeko modukoak; azkenik, C mailek adierazten dute hiztunek jariotasunez eta oso ondo hitz egiten dutela.
- Erreferentzia-maila bateratuak
Dirudienez, praktikan kontsentsu handia dago, ez hala ere unibertsala, hizkuntzen irakaskuntza antolatzeko mailen kopuruari eta izaerari dagokionez, eta baita irits daitezkeen lorpenen ezagutza publikoari dagokionez ere. Sei maila zabalez osatutako marko orokor bat egokia da Europako hizkuntza-ikasleek helburu horiek lortzeko bete beharreko ikaskuntza-espazioa betetzeko.
|