|
Xuxen zuzentzaile ortografikoaren zerbitzuak eskuratu nahi dituztenek bi aukera berri izango dituzte aurrerantzean amaraunean, Euskalbar aplikazioaren barruan eta Google-ren orrialde pertsonalizatuetan.
Xuxen, euskarazko testuen akats ortografikoak zuzentzeko balio duen aplikazio informatikoa, oso hedatua dago eta ordenagailu askotan instalatuta aurki dezakegu. Ordenagailuan txertatuta ez daukatenek ere, internet erabiliz, eskura daukate zuzentzaile ortografikoa, 2005etik amaraunean baitugu www.xuxen.com.
Orain, berriz, Xuxen bera hedatu eta honen erabiltzaileei erraztasun berriak eman asmoz, Eleka Ingeniaritza Linguistikoak amaraunean Xuxen erabiltzeko bideak zabaldu ditu.
Euskalbar-en azken bertsioan
Bide berri horietako bat Xuxen zuzentzailea Firefox nabigatzailerako sortutako Euskalbar tresna-barran txertatzea izan da.
Joan den 2006ko hasieran sortutako tresna-barrak bere 1.11 bertsioa harrapatu du, Elekako Ibon Aizpuruak egindako erguneraketari esker. Eta eguneraketa hori, Euskalbar-i Xuxen-en webgunerako lotura gehitzea izan da, hain zuzen: XUXENweb bezala agertuko zaigu.
Euskalbar-en azken bertsio hori instalatzea nahikoa da, beraz, Xuxen gehitzeko, tresna-barrak eskaintzen dituen gainerako hiztegi eta corpusekin batera erabili ahal izateko.
Euskalbar-ek Xuxen erabiltzeko bi aukera ematen ditu:
- Tresna-barraren kaxan aztertu nahi dugun hitza idatzi eta, esanahiak jakiteko hiztegiekin egiten dugun bezala, XUXENweb botoiaren gainean klik egin.
- Webgune batean zuzen dagoen ikusi nahi dugun testua aukeratu eta, saguaren eskuineko botoiari emanez, besteak beste "zuzendu XUXENweb bidez" aukera aterako zaigu. Horri emanez gero, Xuxen-en webgunean jarraituko du zuzenketak.
Google-n ere bai
Euskalbar-en erabiltzaileek ez ezik, Google-ren orrialde pertsonalizatuen aukeraz baliatzen direnek ere klik bakar batera izango dute aurrerantzean Xuxen interneten. Google-k orrialde pertsonalizatuen zerbitzuan erabiltzaileari hainbat gadget gehitzeko aukera eskaintzen dio. Horietako bat sortu dute Elekan, Xuxen gehitu nahi dutenentzat.
Euskarazko testuak ortografiari dagokionez behintzat xuxen-xuxen idazteko gero eta erraztasun gehiago ditugunik ezin ukatu, beraz.
|