Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Kontsumitzaileen hizkuntz-eskubideek bermerik ez

Itxaso Ferreras - Kontseilua / Bestelakoak / 2007-03-01 / 07:00


Hizkuntz Eskubideen Behatokiak txosten berezitua aurkeztu du: Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak Euskal Herrian. "Araudia aztertu dugu eta gure hizkuntza-eskubideak ez direla bermatzen ondorioztatu dugu, urratzea merkea dela", adierazi du Behatokiko zuzendariak, Paul Bilbaok.



Kontsumitzaile eta erabiltzaile euskaldunoi bizi garen lurraldearen arabera hizkuntza-eskubideak aitortzen zaizkigun arren, horien urraketak Euskal Herri osoan gertatzen dira Behatokiaren arabera.

Gero eta kexa gehiago

Behatokiak honen inguruko azterketa berezitua egin du urterik urte kontsumitzaile eta erabiltzaile euskaldunek gero eta kexa gehiago egiten dituztelako. "Euskararen telefonoan kontsumitzaileen kexa ugari jasotzen ditugu", azaldu du Arantza Haranburuk, Behatokiko kudeatzaileak.

Atzo (2007-2-28) aurkeztutako lana Behatokiaren bederatzigarren txosten berezitua da. Txosten honen helburua jendarteari bere eskubidea zein den jakinarazteko eta erakundeei hizkuntza-eskubideak bermatu behar direla arauen bidez gogorarazteko da.

Txostena lau ataletan banatu du Behatokiak. Lehenik eta behin, kontzeptuak definitu ditu. Bigarrenik, egungo ordenamendu juridikoaren azterketa egin du. Hirugarrenik, Behatokiak azken urteotan eremu sozioekonomikoan jasotako kexen eta urraketen bilakaera ekarri nahi ditu. Azkenik, aurreko guztien azterketaren ondorioz Behatokiak atera dituen ondorioak aurkeztu dira.

Araudia

Europako Kontseiluko, eta Europako Batasuneko, bi Estatuetako eta autonomi erkidegoetakoetako araudia aztertu dute:

Zigorrik ez

Araudiaren azterketaren laburpenarekin bukatzeko Behatokiak azpimarratu du hizkuntza-eskubideen ez dela inolako zigorrik jartzen. "Beste hainbat eskubideren urraketen aurkako egintzak urrapen administratibotzat hartzen badira ere, hizkuntza-eskubideen araudia ez betetzeak ez du inolako zigor edo zehapenik ezartzen, beste legeria batzuetan ez bezala: Katalunia, Québec eta abarretakoetan".

Halaber, Behatokiko zuzendariak hizkuntza-irizpidea zehar-lerro izateak duen garrantzia azaldu du. "Izan ere, ohitu beharra dugu hizkuntzari buruzko arauak hizkuntzarekin berarekin zuzenean lotuta ez dauden aginduetan ere agertzera".

Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak Euskal Herrian txostena osorik irakurri nahi izanez gero, HEMEN duzue.


(ITXASO FERRERAS SANTAMARIA Kontseiluaren komunikazioburua da)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1172673807