|
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak zinema-aretoetako hizkuntzaren erabilerari buruzko azterketa egin du. Euskal Herri osoko 29 areto aztertu ondoren, euskararen lekua oso txikia dela ondorioztatu du.
Umeenak nagusi
Umeenak nagusi
"Euskaldunak ere zinemazaleak gara, eta filmak euskaraz ikusi nahi ditugu", adierazi du Kontseiluko ildo politikoko arduradunak, Iņaki Lasak.
2006an zehar euskarazko zinemak aurrera egin badu ere, Kutsidazu bidea Ixabel eta Nömadak TX filmekin adibidez, Euskal Herriko zinemetan atzerrian egindako pelikulen eskaintza oso murritza da. "Aztertutakoen aukera apur horretan umeentzako filmak dira nagusi", azaldu dute. Horretaz gain, 10 film arrakastatsuenen artean, Kontseiluak ez du "euskara arrastorik" aurkitu.
Hizkuntza-eskubideak urratuta
Horren bidez, zinemetan Kontseiluak hizkuntza-eskubideak nabarmen urratzen direla ondorioztatu du. Araudiaren arabera, Iparraldean hau horrela izan ez arren, Nafarroan eta EAEn legez aitortua da euskara berezko hizkuntza dela:
Hizkuntza eskubideen deklarazioa.
12. artikulua. Gizaki orok eskubidea dauka alor publikoko jarduera guztiak bere hizkuntzan egiteko, baldin eta bera bizi den lurraldeko hizkuntza propioa bada.
45. artikulua. Hizkuntza komunitate orok eskubidea dauka lurraldeko hizkuntza propioak toki nagusia har dezan kultur gertakarietan eta zerbitzuetan, hala nola, liburutegiak, bideotekak, zinemak, teatroak, museoak, artxiboak, informatika ekoizpena, folklorea, kulturaren industriak eta kultur bizitzatik eratorritako beste gertakari guztiak.
Txalotzekoak eta huts egiten dutenak
Euskal Herriko 29 zinema-aretoren artean, Gipuzkoa da emaitza onenak izan dituena; okerrenak, ordea, Iparraldeko hiru probintziak.
Halaber, badira Kontseiluak bereziki zoriondu dituen aretoak, "eredugarria da beren portaera", txalotu dute arduradunek. Hain zuzen ere, Mungiako Torrebilela aretoa eta Beasaingo Usurbe antzokia dira euskaldunon hizkuntza-eskubideekin begirunez jokatzen duten areto bakarrak. Era berean, Oņatiko kultura-etxeak eta Basauriko Sozial Antzokiak puntuazio ohargarria lortu dute.
Huts egiten dutenen artean hauek daude: Gasteizko Guridi, Usurbilgo Cineboz, Miarritzeko Le Royal, Hazparneko Haritz Barne, Baionako CGR, Angeluko Oscar, Donapaleuko Argitzen, Iruņeko Saide Carlos III, Iruņeko Golem La Morea, Tuterako Cinemax Oscar eta Vianako Las Caņas. Horiek guztiek, ez dute puntu bakar bat ere lortu.
Kontuan hartu direnak
Azterketa egiteko, Kontseiluak hainbat ezaugarri kontuan hartu ditu: zinema-aretoen webguneak, giza-baliabideak (eserlekuzaina, txartel eta litxarreria-saltzailea), espazioa (sarreran, irteeran zein komunetan ageri diren argibideak) eta zinemetan banatzen diren doako aldizkariak; webguneak, giza-baliabideak, guneak eta aldizkari gehienak erdaldunak dira.
"Behaketarako fitxa bat prestatu genuen areto bakoitzaren inguruaren ebaluazioa egiteko", adierazi dute. Behatzaile horiei eskerrak eman dizkie Kontseiluak, borondatez egindako lanarengatik.
Kontseilutik-en bigarren alean
Kontseiluak iaz Kontseilutik aldizkaria sortu zuen hizkuntza erabilerari buruzko azterketa berezituak argitaratzeko helburuarekin. "Euskararen unibertsoko hainbat esparrutan euskararen normalizazioa bultzatzeko tresna da aldizkaria", argudiatu dute arduradunek. Zinema-aretoetako hizkuntzaren erabilerari buruzko azterketa aldizkariaren bigarren alean plazaratu du, hain zuzen ere, Kontseiluak.
Jogurtak gogoan
Aldizkariaren lehen zenbakiaren bidez jogurten etiketak aztertu ziren. Neurketa horren bidez, Kontseiluak frogatu zuen euskararen presentzia eskasa dela jaki horietan.
Oraingoan ere, ebaluazio honen jarraipena egin du Kontseiluak, "jogurten etiketetara itzuli gara egoera aldatu den ikusteko, eta marka gehienek euren etiketak aldatu ez arren, badugu ere nor zoriondu", aipatu dute ordezkariek. Hain zuzen ere, Kaiku zoriondu dute euskara txertatzeagatik etiketetan; halaber, marka horren gainerako produktuetan ere euskara kontuan izan dezala eskatu diote Kontseiluko ordezkariek.
|
|
Aurreneko biekin erabat ados nago. Betidanik esan dut beraiek esan dutena. Jatorrizko bertsioa beti hobea da. Gainera, esanak esan, ikusiak ikusi, ezinezkoa da filmak euskarara bikoiztea. Oso gogorra da hori esatea baina, nonbait, egia hutsa da. Barkatu.
Hemen, mito asko daude. Espainiako espainierazko bikoizketak munduko onenak omen dira. Hala ere, jatorrizko filmak ondotxo ezagutzen dugunok badakigu hori ez dela beti egia. Oso gaztelania artifiziala erabiltzen da eta ņabardura asko galtzen dira. Duela gutxi, "Silence of the Lambs" filma ikusi nuen apurtxo bat gaztelaniaz. Lur jota utzi ninduen hori ikusteak. Anthony Hopkinsek Clarice izeneko emakumeari esandakoa, lehenengo topaketan, ņabarduraz beteta dago. Hannibel Lecter-ek doinuaz eta hizkuntza-mailaz aldatzen du etengabe. Hori ez da entzuten espainerazko bertsioan. Eta euskaldunek beti espainerazkoa kopiatzen dute.
Ez, biderik onena Eskandinaviako eta Holandakoen bidea hartzea da: jatorrizkoa baina azpitituluekin.
|
|
Kaixo,
erabat ados nago ezen filmak askoz hobe liratekeela (euskarazko) azpitituluekin. Aztertu behar litzateke, baina, neurri horrek nolako erantzuna jasoko lukeen ikusleagandik. Orain dela urte batzuk, ETBn hasi ziren azpitituluekiko filmak jartzen, eta uste dut ekintzak ez zuela batere arrakastarik izan. Egia bada ere sitsak jandako filmak zirela eta gaueko ordu txikietan jartzen zituztela. Beraz, ez zen oso saio seriosa izan.
Bestalde, Mikelek esan zerbaitek pentsaketa jarri nau. Zergatik euskarak ez du balio bikoizteko filmak? Hau da, zergatik euskara, espainiera edo beste hizkuntzarik bainoago, eskas da horretarako? Haren hiztegi murritzagatik ote, hitzen luzetasunagatik, esaldiak antolatzeko eragatik?
|