|
Euskal Herriko udalerrietan hizkuntza politika euskararen aurrerabiderako eraginkorra izan dadin ordenantza eredugarriak aurkeztu dituzte udalerriz udalerri indarrean jartzeko helburuarekin.
Euskara sustatzeko eta Euskalgintza babesteko Akordio Soziopolitikoa 2004ko azaroan sinatu zuten euskararen normalizazioa bultzatzeko xedearekin. Kontseiluak sustatutako akordio hau hamaika alderdi politiko eta sindikalek osatzen dute: ANV-EAE (Acción Nacionalista Vasca-Eusko Abertzale Ekintza), Aralar, Batasuna, Eusko Alkartasuna, EHNE (Euskal Herriko Nekazarien Elkartea), ELA (Euskal Langileen Alkartasuna), ESK (Ezker Sindikalaren Konbergentzia), Hiru (Euskal Herriko Garraiolari Autonomoen Sindikatua), LAB (Langile Abertzaleen Batzordeak), STEE-EILAS (Euskadiko Irakaskuntzaren Langileen Sindikatua), Zutik eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua.
Prentsaren aurrean bi dokumentu aurkeztu dituzte. Batetik euskararen ordenantza eredugarriak, eta bestetik, udalerrietako hizkuntza-politika egokirako irizpideak. Hau da agerraldian egindako adierazpena:
Udaletan ere hizkuntza-politika azkartu behar da
Udaletan ere hizkuntza-politika egokia garatu behar da. Hizkuntza-politika horren zutabeak gure ustez, zeintzuk diren zehaztu dugu dokumentu batean eta politika hori arautzeko eta garatzeko ordenantzak aurkeztu ditugu beste batean.
Udalerrietako hizkuntza-politika egokirako irizpideak
- Euskararen normalizazioa planteatzerakoan unibertsalki onargarriak diren oinarri juridikoak aitortu behar dira, hizkuntza-komunitate guztiek eskubide maila bera dute euren lurralde historikoetan.
- Udal mailan ere euskarari ofizialtasuna eta lehentasuna eman behar zaio. Politika horren ezaugarriak honako hauek: baliabidez ongi hornitua, sailartekoa, sektoreartekoa eta epe zehatzak dituena.
- Plangintza malguak behar dira, errealitatean oinarrituak eta mailakatuak.
- Udalerrietan dinamika politiko, sozial, kultural eta ekonomiko eraginkorrak abian jarri behar dira.
- Lanerako eremu eta tresna gisa honako hauek zehazten ditugu:
- Udal ordenantzak
- Normalizazio-planak.
- Azpiegiturak eta funtzionamendua.
- Aurrekontua eta diru-laguntzak
- Aukera legalen erabilera.
- Euskara ofiziala, berezkoa eta lehentasunezkoa izendatzea.
- Euskararen transmisioa bermatzea.
- Helduen euskalduntzea bultzatzea.
- Herritar euskaldunak % 70tik gora dituzten Euskal Herriko udalerri eta eskualde guztiak dira udalerri edo gune euskaldunak. Hizkuntza-komunitatearen babeserako lurralde-esparrua eta euskararen normalizazioa azkartzeko eremu intentsiboak dira hauek.
- Ezinbestekoa da euskararen parekidetasuna eta berreskurapen osoa, hurrenez hurren, bermatzea ezagupenaren eta erabileraren aldetik.
- Euskal Herriko toki-erakunde orok gutxienez aurrekontuen % 2 esleitzea, urtero, euskara normalizatzearen egitasmorako.
- Euskal hizkuntza-komunitatea berrosatzeko herri-gogoa, Euskal Herria euskalduntzeko kontzientzia eta borondatea, ezinbesteko eta oinarrizko osagaia da.
Ordenantzei buruz
- Euskararen hizkuntza-komunitatea berrosatze-prozesuan ari da eta ordenantzak horretarako tresna izan nahi du.
- Ordenantza hauek egokitzat jo dugun hizkuntza-politikari erantzun nahi diote.
- Testu artikulatua da. 31 artikulu ditu eta 4 xedapen gehigarri.
- Artikulu batzuetan, ordenantzen testua lekuan lekuko egoera soziolinguistikoarekin hobeki uztartzeko, ohiko 4 gune soziolinguistikoen araberako tipologiak eta epeak proposatu ditugu.
- Behin Udalak osatu direnean testua horietan guztietan aurkeztuko dugu hori eztabaidatu eta indarrean jar dezaten, egoki iritziz gero.
- Urte oso batean luzatu den eztabaida aberasgarri baten ondorio dira orain aurkezten ditugun ordenantzak.
Euskararen normalizazioak instituzioetan izan behar duen lekuaz
- Azkenik, kontuan hartuz euskararen normalizazioaren gaia zehar-lerro izaera duela eta hizkuntza-politikarik gabeko jardun politikorik ez dagoela euskarari instituzioen organigraman erdigunea eskaintzeko deia egin nahi dugu. Joera handia dago kultura- edo hezkuntza-batzordeetatik soilik kudeatzeko eta hori oztopo bilakatzen da beste sail batzuetan euskararen normalizazioari behar den indarrez ekiteko.
(ITXASO FERRERAS SANTAMARIA Kontseiluaren komunikazioburua da)
|