![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Eusko Jaurlaritza - Kultura Saila / Herri-administrazioa / 2007-02-13 / 07:00
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) Osatuz proiektua zabaltzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute. Erizaintza Unibertsitate Eskoletan gauzatuko dira akordioaren lehen urratsak.
Osatuz HABE institutuak Osakidetzaren laguntzarekin abian jarritako egitasmoa da, osasun arloko langileen eskura euskara ikasteko materialak jartzeko. Osatuz proiektua aldizkari batek, irrati programek eta webgune propio batek osatzen dute. Programa horren helburua da osasunaren eremuan euskararen presentzian sakontzea, alor horretako profesionalak material osagarriarekin hornitzeko.
Euskal Herriko Unibertsitearen barnean, berriz, talde handi bat dago osasunarekin harreman zuzena duena, zehatz-mehatz, Erizaintzako bi Unibertsitate Eskoletan eta Medikuntza eta Farmazia Fakultateetan.
Osatuz proiektua interesgarria da bai ikasle, irakasle edota administrazio eta zerbitzuetako pertsonalarentzat, osasun eremuko unibertsitateko kolektiboak euskararen jakintzan eta erabileran sakondu dezan. Izan ere, euskararen eguneroko erabilera hobetzen laguntzen baitu. Aldi berean, osasunaren alorrean unibertsitate barruan garatzen diren proiektuak unibertsitatetik kanpora zabaltzeko plataforma bat osatzen du proiektu honek.
Atzo (2007-2-12) Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzan burutu zen EHU eta HABEren arteko hitzarmenaren sinadura. Ekitaldian parte hartu zuten Ludger Mee EHUko Euskara errektoreordeak, Patxi Xabier Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Joseba Erkizia HABEko zuzendari nagusiak, José Andrés Blasco Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariak, Mª Concepción Fernández EHUko Leioako Erizaintza Unibertsitate Eskolako zuzendariak eta Pilar Tazón EHUko Donostiako Erizaintza Unibertsitate Eskolako zuzendariak.
EHUk eta HABEk sinatutako hitzarmenaren bidez, EHUko Erizaintza Unibertsitate Eskolek, Euskara Errektoreordetzaren laguntzarekin, 2007ko otsailean bere seigarren alea plazaratu duen Osatuz aldizkariaren urteko harpidetza egin dezakete. Horrela, HABEk irakasle adituari eta bi unibertsitate eskoletako ikasleei, lankidetza lanen bidez, Osatuz proiektuan parte hartzeko aukera eskainiko die, batez ere, bere aldizkarian.
![]() | Inprimatu |