Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Mugarik gabeko hitzarmena euskararentzat

Mugarik gabeko hitzarmena euskararentzat

2007-02-08 / 07:00 / Eusko Jaurlaritza - Kultura Saila   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Eusko Jaurlaritzak eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) euskara eta hizkuntza politika gaietan lankidetzan jarduteko hitzarmen-markoa sinatu dute.

Euskararen Erakunde Publikoak Baionan duen egoitzan izandako bilkuran, EEP erakundearen presidentea, Max Brisson jauna; Frantziako Estatuko ordezkaria den Baionako suprefeta, Jean-Jacques Caron jauna, eta presidenteordeak diren Vincent Bru eta Francois Maitia jaunak; eta EEPren zuzendaria Jean Claude Iriart jauna izan ziren atzo (2007-2-7).

Eusko Jaurlaritzaren aldetik, berriz, Miren Azkarate andrea, Kultura sailburua; Jose Mari Muņoa jauna, Lehendakariaren Kanpo Harremanetarako komisionatua; Patxi Baztarrika jauna, Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Miren Mateo andrea, Koordinaziorako zuzendaria eta Lorea Bilbao andrea, aholkularia.

Borondate amankomunaren emaitza

Atzo sinatu zen hitzarmen-markoaren bitartez, Eusko Jaurlaritzak eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak euskararen gaineko hizkuntza-politikako gaietan mugaz gaindiko lankidetza garatzeko eta erakunde mailako harreman iraunkorrak ezartzeko bideak finkatu dituzte, herri-erakunde bakoitzaren erabaki-autonomia eta funtzionamendu-arauak errespetatuta.

2003. urtean Eusko Jaurlaritzak eta Ipar Euskal Herriko Obragintza Publikoko partaide ziren ordezkariek sinatutako protokoloak ate berriak ireki zizkion Iparraldeko eta Hegoaldeko erakunde publikoen arteko lankidetzari. Lau urtez, protokolo horri esker, bi partaideek lan harreman teknikoak garatu izan dituzte hizkuntza politika arloan, eta Eusko Jaurlaritzak euskararen erabilera sustatzeko ekimenak garatzen dituzten Ipar Euskal Herriko erakunde pribatuentzat diru-laguntzak eman ditu.

Euskararen Erakunde Publikoaren sorrerak eta Hizkuntza Politika Proiektu berri baten onartzeak mugaz gaindiko euskara arloko lankidetza gehiago sakontzea eta garatzea ahalbideratu diete hizkuntza politikaz arduratzen diren instituzioei.

Hitzarmen berri honen izenpetzea, euskararen aldeko politika publikoen obratze gaietan mugaz gaindiko lankidetza bat, bi estatuen adostasunarekin, ofizialki egituratzearen borondate amankomun honen emaitza da.

Hitzarmenaren edukia HEMEN ikus dezakezue.

Muga handi bat gaindituta

Azkarate andreak adierazi duenez, atzokoarekin "muga handi bat gainditu du euskarak. Historikoa da hitzarmena, euskararen lurraldean egitura juridiko-administratibo diferenteak dauden arren, euskara bakarra denez eta egitura juridikoen gainetik guztiona den eta guztion babesa behar duen ondare kulturala denez, guztion arteko elkarlana instituzionalizatzen duelako. Historikoa da hitzarmena agerian jartzen delako posible dela lurralde bakoitzeko egitura juridiko-administratiboak errespetatuz eta herri-erakundeek elkar onartu eta errespetatuz batzen gaituenaren alde elkarrekin lan egitea: kasu honetan lankidetza posible da ezeren gainetik euskarak batzen gaituelako. Historikoa da hitzarmena, gaur modu formalizatu eta instituzionalizatu batean hasiko den lankidetza bide honek nekez izan ahalko duelako atzera bueltarik".

Bere aldetik, Max Brisson Jaunak goraipatu ditu "2003tik goiti garatuak izan diren harremanen kalitatea eta bi partaideen arteko konfiantza giroa; horiei esker, gaur lankidetza handinahi eta berritzaile bat izenpetu ahal dugu. Alabaina, gure bi instituzioen arteko kooperazioa euskararen arloko jarduera batzuk elkarrekin eramate eta diru tresna amankomun bat eratzeraino doa orain. Pozten gara mugaz gaindiko harreman instituzionalek horrelako lankidetza maila lortzeaz, bereziki partekatzen dugun ondarearen oinarrizko elementu bat den euskara alorrean".


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu):


Inprimatu


Erantzun

 
Egun historikoa omen...
2007-02-08 / 12:41 / Unai Larreategi

Barkatuko didate atzoko agerraldia egin zutenek, baina jakin daiteke zergatik zen atzokoa egun historikoa?

Niretzat egun historikoa izango da, Euskal Herriaren lurralde osoan euskara ofiziala denean, eta bertan garatuko litzatekeen/liratekeen hizkuntza politikek hizkuntza eskubideen bermea bultzatuko dutenean. Nik neuk ez dudalako euskaldunak baztertzen gaituen elebitasun horretan, ez eta borondate hutsean eraikitako hizkuntza politiketan, eta ezta ere lege babesik gabeko euskararen balizko normalizazio prozesuetan sinisten.

Horregatik, aurrerapauso bat izan badaiteke ere, atzokoa oso urruti dago euskararen balizko egun historiko batetik.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com