Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Lan mundua euskalduntzeko, prestatu

Artez Euskara Zerbitzuak / Internet / 2007-02-07 / 07:00


Euskaraz ikasi, bizi eta lan egiteko asmoa dutenek leku berria dute amaraunean: www.prestakuntza.net.



Artez Euskara Zerbitzuak webgune berri hau jarri du sarean. Bertan euskaraz prestakuntza eskaintzen duten erakunde, autonomoak eta enpresak agertzen dira.

Prestakuntzaren gune honen erabiltzaileei, gainera, ez zaie ezer kostako, guztiz doakoa baita bertan izena eman eta eskaintzen dituen aukerak erabiltzea.

Lan mundua euskalduntzeko, prestakuntza

Lan mundua euskalduntzea etorkizuneko erronka da. Euskara arlo sozioekonomikoan normalizatzeko bidean, euskaraz ematen den prestakuntza ezinbesteko tresna bihurtu da. Zoritxarrez, oraindik ikastaro eta prestakuntza gaiak jorratzerakoan euskara normalizatu gabe dago; ez da oso ohikoa euskaraz ikastaroak izatea kalitate, segurtasun, ofimatika edo antzeko arloetan.

Artez Euskara Zerbitzuaren asmoa hutsune horiei erantzuteko baliabide bat eskaintzea izan da, hau da, euskaraz ematen den prestakuntza bilduko duen webgune bat egokitu eta jendearen zerbitzura jartzea. Izan ere, bertan jaso nahi dira ikastaroak euskaraz ematen dituzten zentroak, akademiak, irakasle autonomoak eta baita interesgarria izan daitekeen gidaliburuen informazioa ere.

Beraz, edonork atera diezaioke etekina proiektu honi. Prestakuntza.net-en euskalduntzea-alfabetatzea edo euskaraz lan egiteko trebakuntzari buruzko informazioa agertzeaz gain, euskaraz eskaintzen den arlo desberdinetako prestakuntza orokorraren berri ere ematen da: ofimatika, prebentzioa...

Erabiltzaileentzat lau aukera

Eta Prestakuntza.net erabiltzea oso erraza da. Webgune hau erabili ahal izateko lau aukera eskaintzen dira: erabiltzaile bezala (ikastaroen berri jaso nahi baduzu), zentro edota irakasle bezala (ikastaroak eskaintzen dituztenek beraien eskaintzaren berri emateko) edo gidaliburuen ekarle bezala (interesgarriak diren gidaliburuak webgunera ekarri eta bertan agertzeko).

Lau horietakoren batera (edo guztietara) sarbidea izateko beharrezkoa da erregistratzea. Hona hemen zerbitzu bakoitzaren ezaugarriak:

Berria eta osatze bidean

Sareratu berri den gune honek euskarazko prestakuntzaren eskaintza eta eskaeraren zubi izan nahi du, azken finean. Irakasleen edota gidaliburuen atalak, momentuz hutsik daudenak, guztion artean osatzeko bidea eskaintzen dute.

Euskarazko prestakuntza eskaini zein eskuratu nahi dutenentzat aukera gero eta zabalagoa eta osatuagoa eskura jartzea, horixe baita Prestakuntza.net-en helburua.


(ARTEZ EUSKARA ZERBITZUAK)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1170760737