|
Euskaraz ikasi, bizi eta lan egiteko asmoa dutenek leku berria dute amaraunean: www.prestakuntza.net.
Artez Euskara Zerbitzuak webgune berri hau jarri du sarean. Bertan euskaraz prestakuntza eskaintzen duten erakunde, autonomoak eta enpresak agertzen dira.
Prestakuntzaren gune honen erabiltzaileei, gainera, ez zaie ezer kostako, guztiz doakoa baita bertan izena eman eta eskaintzen dituen aukerak erabiltzea.
Lan mundua euskalduntzeko, prestakuntza
Lan mundua euskalduntzea etorkizuneko erronka da. Euskara arlo sozioekonomikoan normalizatzeko bidean, euskaraz ematen den prestakuntza ezinbesteko tresna bihurtu da. Zoritxarrez, oraindik ikastaro eta prestakuntza gaiak jorratzerakoan euskara normalizatu gabe dago; ez da oso ohikoa euskaraz ikastaroak izatea kalitate, segurtasun, ofimatika edo antzeko arloetan.
Artez Euskara Zerbitzuaren asmoa hutsune horiei erantzuteko baliabide bat eskaintzea izan da, hau da, euskaraz ematen den prestakuntza bilduko duen webgune bat egokitu eta jendearen zerbitzura jartzea. Izan ere, bertan jaso nahi dira ikastaroak euskaraz ematen dituzten zentroak, akademiak, irakasle autonomoak eta baita interesgarria izan daitekeen gidaliburuen informazioa ere.
Beraz, edonork atera diezaioke etekina proiektu honi. Prestakuntza.net-en euskalduntzea-alfabetatzea edo euskaraz lan egiteko trebakuntzari buruzko informazioa agertzeaz gain, euskaraz eskaintzen den arlo desberdinetako prestakuntza orokorraren berri ere ematen da: ofimatika, prebentzioa...
Erabiltzaileentzat lau aukera
Eta Prestakuntza.net erabiltzea oso erraza da. Webgune hau erabili ahal izateko lau aukera eskaintzen dira: erabiltzaile bezala (ikastaroen berri jaso nahi baduzu), zentro edota irakasle bezala (ikastaroak eskaintzen dituztenek beraien eskaintzaren berri emateko) edo gidaliburuen ekarle bezala (interesgarriak diren gidaliburuak webgunera ekarri eta bertan agertzeko).
Lau horietakoren batera (edo guztietara) sarbidea izateko beharrezkoa da erregistratzea. Hona hemen zerbitzu bakoitzaren ezaugarriak:
- Erabiltzaileak. Euskaraz eskaintzen diren ikastaroen informazioa jaso nahi izanez gero, atal honetan erregistratu behar da. Horrela, webgune honetan argitaratzen diren ikastaroen informazioa posta elektronikoaren bidez jasotzen da.
- Zentroak. Webgunearen eskaintza osatuz doa, euren prestakuntza ikastaroak euskaraz eskaintzen dituzten 13 zentro ari dira gaur egun. Era guztietakoak daude: enpresetan euskara planak garatzen dituzten aholkularitzak, ofimatika ikastaroak ematen dituzten zentroak, eta abar.
Adibidez, hauek dira gaur egun dauden erakundeak:
- Asmoz Fundazioa
- Udako Euskal Unibertsitatea (UEU)
- Consultec, S.L.
- Makina Erremintaren Institutua (IMH)
- Hik Hasi Euskal Heziketarako Aldizkaria
- Emun Koop. E.
- Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa
- Artez Euskara Zerbitzua.
- Ikastaroak. Jadanik, izaera desberdinetako ikastaroei buruzko informazioa dago webgunean. Adibidez, Hizkuntza Plangintza ikastaroa, Lan Munduko Hizkuntza Plangintza ikastaroa, Gnu/Linux-Software askearen ikastaroa, irakasleei zuzendutako ikastaroak (Garatu, Irale), Enpresa Komunikazioa Hitzaldi-Zikloa, Gaztea izan eta euskara ahoan, CNC Tornuaren Programazioa, 30+10 Mintegia, Aisia Euskaraz Bizi Jardunaldiak eta Elkarteetan Hasiberrientzako Ikastaroa.
- Irakasleak. Zentro, erakunde edo elkarte izan gabe ere norbanakoek euren kabuz ikastaroak eskain ditzakete, eta, horretarako, Prestakuntza.net-en atal bat dago irakasle gisa alta emateko.
Edozein arlotakoak egon daitezke bertan: idazkuntza ikastaroak, zenbakizko kontrola, enpresen kudeaketa, inbertsioetan adituak, yoga, eta abar.
- Gidaliburuak. Edonork euskaraz eskaintzen den prestakuntza aberasteko ekarpenak egin ditzake, gidaliburu edo materialak denon eskura jarriz. Aukera hau ikastaroen berri ematetik guztiz independentea da eta bakarrik materiala kokatzeko interesa dutenentzako da.
Berria eta osatze bidean
Sareratu berri den gune honek euskarazko prestakuntzaren eskaintza eta eskaeraren zubi izan nahi du, azken finean. Irakasleen edota gidaliburuen atalak, momentuz hutsik daudenak, guztion artean osatzeko bidea eskaintzen dute.
Euskarazko prestakuntza eskaini zein eskuratu nahi dutenentzat aukera gero eta zabalagoa eta osatuagoa eskura jartzea, horixe baita Prestakuntza.net-en helburua.
(ARTEZ EUSKARA ZERBITZUAK)
|