Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskarazko lehen egunkari eta aldizkariak osorik amaraunean

Euskarazko lehen egunkari eta aldizkariak osorik amaraunean

2007-01-30 / 07:00 / erabili.com   INTERNET

Bizkaiko Foru Aldundiak euskaraz argitaratu ziren lehen egunkari eta aldizkariak (Eguna, Ibaizabal eta Euskalzale) interneten jarri ditu, bere webgunean, nahi duenak ikusi eta, nahi izanez gero, gorde ditzan.

www.bizkaia.net-en ez ezik, Susa argitaletxearen www.armiarma.com webgunean ere aurki daitezke ale horiek. Izan ere, argitaletxe hori izan da Bizkaiko Foru Liburutegian gordeta dauden jatorrizko dokumentuak digitalizatzeaz arduratu dena.

Hiru urteurren batean

  1. Euskalzale aldizkariak 1897tik 1899ra argitaratutako ale guztiak, Ibaizabal aldizkariarenak (1902 eta 1903koak) eta euskarazko lehen egunkari orokorra izan zen Eguna-ren ale guztiak jarri ditu amaraunean Bizkaiko Foru Aldundiak.

Euskarazko prentsaren aitzindari izan ziren argitalpen hauen bertsio digitalizatuen plazaratzea Euskalzale aldizkaria sortu zeneko 110. urteurrena betetzen den urte honetan egin du aldundi bizkaitarrak. Euskalzalerena ez da, ordea, urteurren bakarra: Ibaizabal aldizkariaren lehen alea orain dela 105 urte kaleratu zuten, eta aurten bertan beteko dira 70 urte Eguna egunkaria sortu zutela.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Egunean egunekoa

Aipatutako hiru argitalpen horien ale guztiak, pdf fitxategietan ikus daitezke dagoeneko www.bizkaia.net webgunean.

2007ko urtarrilaren 24tik, gainera, orrialde honetan egunean eguneko alea ekarriko dute azalera, gaurko eguna 1937koarekin parekatuz; horrela, 2007ko urtarrilaren 29an, adibidez, 1937ko urtarrilaren 29an argitaratu zenaren azala eta ale osoa ekarriko dira aipaturiko orrialdera.

Lehendabizi Eguna egunkariarenak plazaratuko dituzte, 1937ko urtarrilaren 24tik ekaina bitartean argitaratu ziren 139 zenbakiak. Horien argitalpenak bukatzen direnean, 1897. urtean sortu zen Euskalzale aldizkariaren aleak argitaratzeri ekingo diote.

Bilboko Zazpi Kaleetako fruituak

Eguna, Euskalzale eta Ibaizabalek, hirurak XIX. mende bukaerako eta XX.aren hasierako euskarazko prentsaren adierazgarri izateaz gain, badute beste lotura bat ere, eta ez da kasualitatea Bizkaiko Foru Aldundiaren gordailuetan egotea. Hiru argitalpenok, izan ere, Bilboko Alde Zaharreko Zazpi Kale ezagunetan editatu ziren: Euskalzale, Jardines kalean; Ibaizabal, Dendari kalean; eta Eguna, Posta kalean.

Idazle ezagunak eta joera modernoak

Gaur egun euskal mundu akademiko eta kulturalean figura ezagun eta ospetsu moduan ezagutzen ditugun batzuek idatzi zuten orain amaraunean aurki ditzakegun argitalpen aitzindariotan: Karmelo Etxegarai, Felipe Arrese Beitia, Paulo Zamarripa, Lauaxeta, Eusebio Erkiaga, Zubikaraik... gure herrian euskararen sustapenean garai haietan esku-hartze aktiboa izan zuten izenak, alegia.

Era berean, argitalpen horiek gurean kazetaritzaren mundura joera modernoak ekarri zituztela ere esan daiteke, Euskalzaleren kasuan gertatu zen bezala, bere laguntzaile eta korrespontsalen sarean hogei pertsona baino gehiago bilduz.

Gaur egun ez bezala, orduko prentsak ez zuen inolako diru-laguntza edo bestelako laguntzarik jasotzen. Kontrakoa esan beharko litzateke, era askotako aitzakia eta bitartekoak erabiliz itxi egiten zituztelako. Adibidez, Euskalzale aldizkariaren kasuan, Resurrección María de Azkue abadeak egin behar izan zion aurre orduan Gobernu Zibilak ezarri zion isunari.

Hiru txakur txikitik 24 errealerainokoak


Euskalzale eta Ibaizabal aldizkariak

«Resurrección Maria Azkueren lana eta bizitza ezagutzen dituenak badaki osorik euskaraz argitaratu ziren bi aldizkariren sorkuntzan parte hartu zuela: Euskalzale (1897-1899) eta Ibaizabal (1902-1903), Euskal Herriaren hegoaldeko kazetaritza ondo ezagutzeko nahitaezkoak direnak». Javier Díaz Noci ikertzailearen hitz hauek argi adierazten dute bi aldizkari hauen balioa.

Sasoi hartan -XIX eta XX. mendeen arteko zubia- prentsako lanak oso garrantzitsuak izan ziren, eta, euskarari dagokionez, bi aldizkari hauek izan ziren sustatzailerik garrantzitsuenak. Izan ere, kontuan hartu behar da osorik euskara hutsez argitaratu ziren lehen bi aldizkariak izan zirela.

Orduan abertzaletasunak adierazteko zuen bitartekoa, neurri handi batean, gaztelania zen. Resurrección María Azkuek, batez ere, bi aldizkari hauen bidez egin zuen lanak benetan bultzatu zuen, euskaratik abiatuta, prentsaren proiektua Bizkaian; eta, areago, Bilbon. Hori, besteak beste, kazetaritza eredu eta hizkuntza eredu jakin batzuk garatuz lortu zuen. Horrekin batera, argitalpen hauek une historiko horretako mugimendu, eztabaida, liskar eta indarren lekuko bihurtu dira.

  • Euskalzale

    1897ko urtarrilaren 3an sortu zen. 24 errealetan saltzen zuten. Bere egoitza Bilboko Jardines kalean zegoen. Hiru urtez argitaratu zen, harik eta 1899ko udazkenean gobernadore zibilak gaztelania sartzeko agindua eman arte. Neurri baten erabaki horrek aldizkariaren amaiera eragin zuen. «Hiru urte haietan Hego Euskal Herrian euskarazko lehen aldizkari modernoa argitaratzea lortu zuen. Ordura artekoak batez ere kulturalak ziren, baina Azkuerena beste kontu bat zen. Kulturala zen, bai, argi dago, antzinako ehunka testu, olerki, ipuin, partitura eta abesti argitaratu zituelako. Baina, informatiboa ere bazen. Halaber, Euskalzalen iritziak -batez ere hizkuntzari buruzkoak- eta argazkiak aurki daitezke», dio Javier Díaz Nocik.

    Euskalzalen argitaratu ziren idazkien artean Pedro I. Barrutiaren Acto para la nochebuena antzezlana zegoen. Ordu arteko euskarazko idazleen testuak berreskuratzea ez ezik -Iztueta, Kardaberaz, Larramendi, Iturriaga...-, aldizkarian garaiko euskal idazlerik ospetsuenek idazten zuten: Karmelo Etxegarai, Urruzuno, Emeterio Arrese, Felipe Arrese Beitia, Eusebio Maria Azkue, Domingo Agirre, Unamunzaga, Kanpion, Azkunaga, Madinabeitia, Paulo Zamarripa, Dodgson... Besteak beste Urruzunoren ipuin asko ere argitaratu ziren, edo orduan "aurkitu berria" zen Zutagapek idatzitako Matxin Mungiarra narrazioa.

    Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

    Lehen aipatu bezala, edizioa hiru urtez mantendu zen, harik eta Azkuek derrigor itxi beharra eduki arte, Bizkaiko gobernadore zibilak gaztelania ere sartzeko agindua eman ondoren. Azkenean, itxi beharra eduki zuten, hori bai, 100 pezetako isuna ordaindu ondoren.

    Bitxikeria moduan gogorarazi behar da Azkueren mezenasa izan zen Tomás de Epaltzak 50 pezeta igorri zituela Euskalzalera propaganda gastuei aurre egiteko, aldizkariak lehen zenbakia editatu zuenean.

  • Ibaizabal

    Resurrección Maria Azkue izan zen Euskalzale eta Ibaizabal aldizkarien arima, alma materra, baina makina bat jarraitzaile eta laguntza izan zituen. Horien artean euskarazko prentsan garrantzi handia izan zuen beste figura ezagun eta ospetsu batena: Ebaristo Bustintza, Kirikiño.

    1902 eta 1903. urteetan, bi hauen ekimenagatik eta Kirikiño erredakzioan buru-belarri sartuta zegoela, Ibaizabal aldizkaria atera zuten. Orduan ere Tomás Epaltzaren laguntza jaso zuten. 1902ko urtarrilaren 5ean jaio eta 1903ko abenduaren 27an amaitu zuen bere ibilbidea Ibaizabalek, 103 ale argitaratu ondoren. Urtean 3 pezeta zen harpidetzaren prezioa.

    Euskalzalek ezarritako ildoari jarraitu zion aldizkari berriak, baina bere bide berezia ezarriz. Aldizkari honetan bi atal landu zituzten, alde batetik, olerkiak, foiletoiak eta sasoian ohikoak ziren atalak, baina, bestetik, beste bide berri bat ireki zuten, lehenengoz Euskadin herriei buruzko informazioa eman zutelako; hau da, ordutik aurrera gauza arrunta bihurtu dena. 22 korrespontsal eta laguntzaile izatera heldu zen Ibaizabal.

    Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

    Beste gauza bat ere egin zuten: Euskalzalerekin alderatuta, ortografia egokitu zuten, kasu honetan xedea gehiago zelako informazioa ematea, eta ez hainbeste eduki hertsiki kulturala. Laguntzaileen plantilari dagokionez, Euskalzalen aritutako idazleen antzeko nominarekin ibili zen, eta Gipuzkoako ateak ere ireki zituen, bertan zegoen irakurle kopurua aprobetxatu nahian. Biktoriano Iraola, Jose Artola, Paulo Zamarripa, Arrese Beitia, Basilio Joanategi... aipa daitezke idazleen zerrendan.

Ibaizabalek foiletoiak argitaratu zituen, geroago La Editorial Vizcaína-k argitaratuko zituenak: Mogelen Berbaldiak, Mokoroaren Aitortu egin behar, edo José Artolaren Bixente.


Eguna: euskarazko lehen egunkaria

Eguna euskaraz argitaratu zen lehen egunkaria izan zen. 1936ko Gerra Zibilarekin jaio eta bukatu bukatu zen (1937ko urtarrilaren 3koa izan zen lehen argitalpena eta 1937ko ekainaren 13koa azkena), baina bere bizitzako sei hilabete eskasetan eta 139 aleetan zehar, benetako hazia ereitea lortu zuen.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Egunkari honetan izen handiak elkartu ziren, besteak beste Lauaxeta, Erkiaga, Zubikarai, Arizmendiarrieta, Kizkitza, Abeletxe, Arrugain, Barrensoro, Uzturre, Basarri... Eguna, euskaraz argitaratu zen lehen egunkaria, XX. mendean prentsak izan zuen garapenaren gailurrera iritsi zen.

Euskarazko egunkaria sortzeko proiektua aspaldikoa zen, 1920ko hamarkadakoa, eta Gipuzkoako Argia aldizkariko langileen artean eratu zen. Ideia horrek azkenean ez zuen lortu errealitate bihurtzerik.

Espainiako II. Errepublikaren garaian Euzko Alderdi Jeltzaleak ekin zion erronka eta konpromiso horri. Zuzendaria Manu Ziarsolo Abeletxe izan zen, eta 1937ko urtarrilaren 3an sortu zen: 15 zentimo, hiru txakur txikiren truke, eros zitekeen. Egunkari normalizatu moduan funtzionatu zuen Egunak -politika, nazioarteko berriak, kirolak...-, eta berariazko esparrua uzten zuen euskal kulturarako.

Hori guztia gorabehera, gai nagusia Gerra Zibila izan zen, euskal herri guztietan eragin itzela izan zuelako. Horregatik, eta hain zuzen ere, Eguna gerrako frontean banatzen eta irakurtzen zen gehienbat, eta bere itxiera ere gerraren ondorioz etorriko zen.


Inprimatu


Erantzun

 
Ez dira euskarazko "lehen" aldizkariak
2007-01-31 / 09:14 / Mikel Zalbide

Egun on.

Beti bezala, zorionak ematen dizkizuet Erabili.com-ekooi, egiten ari zareten lan ederragatik. Zuengatik ez balitz, gure euskal mundutxo honetan gertatzen denaren erdiaz ez nintzateke enteratuko. Ez hain garaiz eta hain zuzen, bederen. Eskerrik asko, beraz.

Ohartxo bat egin nahi dizuet oraingoan. Izugarri estimatzen ditut "Euskalzale" eta "Ibaizabal": euskal soziolinguistikaz informazio sendoa izan nahi duenarentzat, besteak beste, ezinbesteko jakin-iturriak dira. Ez da egia, ordea, euskarazko "lehen" aldizkariak direnik. Ez lehenengoa eta ez bigarrena dira: bai Ipar Euskal herrian ("Eskualduna" famatua, beste izenez oraindik bizirik dena, eta are horren aurretiko beste bat, orain gogoan ez dudana) eta bai Kalifornian (izena ez dut gogoan: "Californiako berriketaria"?), badira horien aurretik argitara emanak.

Kontuz ibiltzea komeni da hortaz "lehen" hitz horrekin, inor ez mintzeko.

Besterik ez. Segi lanean lagunok, beti bezain fin.

Hurrengo arte


(MIKEL ZALBIDE ELUSTONDO Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Euskara Zebitzuaren buru eta euskaltzaina da)

 
Mikel Zalbidek arrazoi
2007-01-31 / 11:20 / erabili.com

Arrazoia Mikel Zalbide jaunarena, eta hutsa gurea. Iturriaz fidatu, informazioa zahartu baino lehen eman nahi... eta kale.

Hutsegitea nolabait zuzendu asmoz, eta Mikel Zalbidek berak aipatutakoari tiraka, Californiako Eskual Herria izango litzateke bai euskara hutsez argitaratu zen lehen astekaria. AEBetako Los Angeles hirian sortu zuen Jean Pierre Goytino lapurtarrak 1893an eta bost urte iraun zuen. Xipri Arbelbidek hala jaso zuen Goytino berari Bidegileak bildumaren barruan eskainitako alean.

Ameriketako euskaldunen prentsa ekimenen aipua ere egiten du Xabier Altzibar EHUko irakasleak XX. mendeko Euskal Kazetaritza (1945 arte) lanean. Lan horretan Eskualduna aldizkariaren berri zehatza ematen duen zati hau aurkitu dugu guk. Eskualduna ere Euskalzale eta Ibaizabal baino lehenago sortutako da, nahiz eta, hauek ez bezala, euskara hutsezkoa ez izan.

Euskarazko prentsaren sorrerakoetaz laburrean bildu duguna da hau eta, esan bezala, Mikel Zalbidek igorri digun iruzkin zuzen eta zorrotzaren ondorioz.

Zalbide jaunak egin bezala, egindako hankasartzeez jabetzen laguntzea eskertzekoa da, eta horrela eskertzen saiatuko gara hurrengoan ere. Hurrengo rik egon ez dadin saiatu ondoren, hori bai.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com