|
HABEk eta FEVAk (Argentinako Euskal Erakundeen Federazioa) urteroko hitzarmena sinatu berri dute, Argentinako 40tik gora euskal etxeetan euskarazko eskolak sustatzen jarraitzeko. Ia mila heldu ari da uneotan Argentinako euskal etxeetan euskara ikasten.
Joseba Erkizia, HABEren zuzendari nagusiak eta Mari Luz Arteche, FEVAren presidenteak sinatu akordioan, hiru lan lerro nagusi biltzen dira: irakasleen trebakuntza, material didaktikoz hornitzea, eta jarduera diruz-laguntzea. Aste honetan, halaber, beste bost hitzarmen sinatuko ditu HABEk Uruguay eta Txilen; lehenik Uruguayko FEVU federazioarekin, Montevideoko Euskal Erria eta Saltoko Euskaldunen euskal etxeekin; eta gero Txilen, Santiagoko eta Valparaisoko euskal etxeekin.
900dik gora heldu, 300 ume
Aurten, Argentinako Euskal Etxeetan, 6.048 talde-ordu ematea aurreikusten da, hau da, 900dik gora ikasle helduak, 100 bat ikastaldetan banatuak (Argentinan elkartzen da Euskal Herritik kanpo euskara ikasten ari diren bi ikasletik bat).
Horiez gain 300 bat ume aritzen dira herrialde hartako euskal etxeetan. Eta beste 900 umeri, Buenos Airesen dagoen Euskal Etxea ikastetxean, "euskara eta euskal kultura" eskaintzen zaie.
Irakasleentzako barnetegia
2007ko urtarrilaren 20ra arte, hamar egunez, Argentinako euskal etxe ezberdinetako 40 irakasle ikasle bihurtu dira hango udako barnetegian, La Platako Euzko Etxean, HABEk eta FEVAk antolatuta.
Hilaren 20ra arte egingo den barnetegi hau bosgarrena dugu, 2003an Munduko Euskal Gizataldeen Biltzarra egin zenetik. Bertako iraskaleak trebazea helburu, on line ikastaro bat eratu zen, HABEk koordinaturik, eta geroztik urtean bitan barnetegia egin da, zeinean urtean zehar ikasitakoa errepasatu eta praktikak egiten dituzten, mintzamena bereziki.
La Platako barnetegian, Euskal Herriko bi iraskale dira buru, Lazkaoko Maizpide barnetegikoak biak. Bata Jon Urdangarin dugu, ikasturtean zehar on line ikastaroak zuzendu eta koordinatzen dituena. Eta bestea, Iñaki Rezola. Beraiekin batera ari dira José Francisco Zinkunegi, Argentinan Euskaraz programako HABEko koordinatzailea eta Gabriela Mendia, FEVAko euskara teknikaria. Irakasleak trebatzeko aukera emateaz gain, barnetegiak proiektuaren nondik norakoak jakin, zalantzak argitu eta proposamenak aurkezteko ere balio ahal izango du
Emaitzek, orain arte, "aurreikuspen guztiak gainditu" dituztela dio José Francisco Zinkunegik. "Bai lortu duten mailari dagokionez, bai erabiltzaileen erantzunari dagokionez. Hartzaileen jarrera, inplikazioa, dedikazioa eta bilakaera aparta izan da, nahiz eta ordenagailu bidez ikasi eta askoren ustetan euskarri hotza izan", dio. Arrakasta ikusita, Zinkunegik azaldu du, Munduko Euskal Gizataldeen Biltzarra egin ondoren, 2007ko uztailean, ez dutela baztertzen egitasmoa euskal diasporako beste herrialde eta gizataldeetara "zabaltzea".
Euskara Munduan
Orain dela hamasei urte abiatu zen Argentinan Euskaraz programa Argentinako Euskal Etxeetan euskararen presentzia bermatzeko asmoz. 2000. urtetik aurrera Euskara Munduan izena hartu zuen programak, eta 2003an Gasteizen egin zen Munduko Euskal Gizataldeen Biltzarrean behin betiko bultzada eman zitzaion.
Euskara Munduan programak hiru lerro nagusi ditu. Lehenengoa, irakasleak trebatzea da. Lehenbizi, euskaldundu egiten dira. Horien kasuan, urtean zehar, Irakasleen Gunea plataforma birtuala erabiltzen du HABEk.
Irakaslegaiak Argentinan zehar barreiaturik daude eta Maizpide barnetegitik kudeatzen dira, eta urrutitik landu ezin dituzten trebetasunak lantzeko bi barne-ikastaro antolatzen dira urtero Argentinan: bata neguko oporretan eta udakoetan, bestea.
Euskara maila egokia lortzen dutenean, euskaran sakontzeari utzi gabe, oinarrizko trebakuntza pedagogikoa eskaintzen zaie. Bigarren lerroa, euskal etxeak gutxieneko ikas/irakas-materialez hornitzea da. Horretarako, irakasleek behar dituzten kontsulta materialak eta klaseetan erabiltzekoak helarazten zaizkie. 2003tik hona asko aurreratu da, izan ere, Boga erabilgarri dute 40 euskal etxe baino gehiagotan. Azkenik, hirugarren lerroa diru laguntzena da. Urtero argitaratzen diren deialdien bidez, euskara ikastaro horiek antolatzeko laguntza ematen du HABEk
Bordelen eta Bogotán ere bai
2006/07 ikasturtean 19 euskal etxe eta 3 federakuntzekin sinatuko du hitzarmena HABEk (guztira 70 euskal etxe baino gehiago biltzen dira).
Horietan, 19.290 talde-ordu ematea aurreikusten da, eta horrek diru-laguntzetan iaz baino % 18 gehiago suposatuko du. Iazkoez gain, hau da, NABO (North American Basque Organizations), Sydney, London, Paris, Mexiko, Txile, Uruguay, Argentina, Erroma, Montreal, Sao Paulo eta Estatu espainolekoez gain (Madril, Bartzelona, Murtzia, Valladolid, Mallorca, Valentzia), ikasturte honetan bi euskal etxe berri gehitu behar dira: Bordeleko Euskaldunen Biltzarra eta Bogotáko Fundación Euskal Etxea.
- Argazkian: Mari Luz Arteche FEVAko presidentea hitzarmena sinatzen, Argentinan Euskaraz egitasmoko HABEko koordinatzaile Jose Francisco Zinkunegi ondoan duela
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|