![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
erabili.com / Herri-administrazioa / 2007-01-15 / 07:00
Tokiko informazioa, berariazko programazioa eta euskara ezaugarri izango dituzten lurreko uhinen bidezko telebistak abian izango dira EAEn 2008an.
Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak tokiko telebista digitalen araubidea plazaratu eta lehiaketa deitu zuen 2006ko abenduaren 29an eta zerbitzu hau kudeatzeko asmoa duten enpresek 2007ko martxoaren 23a bitarteko epea daukate beraien eskaintzak aurkezteko. Kontratazio Mahaiak, berriz, hurrengo ekainaren amaierarako egingo du bere proposamena.
Deialdi hau 2006ko urriaren 24an Jaurlaritzak lurreko uhinen bidezko tokiko telebista-zerbitzua arautzeko onartu zuen dekretuaren ondotik dator.
Euskadik, Espainiar Estatuko Plangintza Teknikoaren baitan, 15 barruti ditu (Araban 2, Bizkaian 6 eta Gipuzkoan 7). Barruti hauek eskualdeen parekoak dira ia, nahiz batzuetan horretarako eskualdeen elkartzea behar izan.
Barruti bakoitzerako multiple bana prestatu da eta horietako bakoitzean, egungo teknologiak ahalbideratzen dituen lau telebista kate sartuko dira.
Legeak ezartzen duen moduan, lurreko uhinen bidezko tokiko telebista-zerbitzua eskaintzerakoan udalek lehentasuna dute.
Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak udalek egindako zazpi eskari jaso ditu eta jaso dituen eskariei erantzuteko, honako barrutietan kanal bana gorde du xede horretarako: Gasteiz, Arrasate, Donostia, Zarautz, Irun, Barakaldo eta Getxo.
Kudeaketa zuzenari dagokionez, udalek enpresa pribatuek izango duten epe berbera izango dute beraien eskaera egiteko, 2007ko martxoaren 23a artekoa, beraz. Udalen proiektuen esleipena, ordea, ez da lehiaketaren bidez gauzatuko. Eskaera egin duten udalek erreserba egina dute, Jaurlaritzaren esanetan. Zabaldu berri den epean proiektu bideragarria aurkeztea izango da horrenbestez udalen eginbeharra.
Tokiko telebistek hurbileko esparru hori benetan bete beharko dute. Ezingo dute telebista-kate baten bidez emititu edo horietako batean parte hartu, elkarrekin ekoiztutako programazioa egin ahal izango dute baina ezin izango dute aldi berean emititu eta gisa horretako programazioak muga zehatzak izango ditu. Toki-telebistako operadoreek, egunean gutxienez ere lau orduz eta astean hogeita hamabi orduz jatorrizko programak eman beharko dituzte.
Emititzen diren programa erdiak, telebista-operadoreak berak ekoiztutakoak izan beharko dira eta beren programazioan kontzesioaren estaldura-eremuari zuzendutako berariazko edukiak eta informazioa eskaini beharko dituzte.
Gainera, euskal musika eta ikus-entzunezko produkzioak izango direla bermatuko da, horretarako, halabeharrez, euskal autore eta abeslarien lanek emisio-denbora osoaren % 15a hartuko dute.
Tokiko telebistak berezkoa duen hurbiltasuna eta Euskadiren elebitasuna eta egoera linguistikoa kontutan izanda, tokiko telebista guztiek euskarari lekua eman beharko diote eta horretarako, emisioetan lehentasunezko hizkuntza euskara izan dadin, hizkuntza horren erabilera sustatu beharko du toki-telebistako operadoreen eduki-eskaintzak. Horretarako, euskara hutsezko emisioak bultzatuko dituzten progresibotasun-irizpideei jarraiki, euskararen erabilerari lehentasuna emango zaio esleipen-prozeduran, zerbitzu-emaileentzat aurreikusten diren bideragarritasun ekonomikoaren eta teknikoaren baitan.
Udalek zuzenean kudeatutako telebista-kanaletako programazio-denboraren erdia hartu beharko du euskarazko programazioak, gutxienez. Gutxieneko batez besteko hau, bidezkoa den portzentajearen arabera areagotuko da elebidunen kopuru handiagoa barne hartzen duten barrutietan.
Enpresa zein erakunde pribatuek kudeatutako tokiko telebistek, berriz, zerbitzu-eremuari dagokion elebidunen indizearen baliokidea izango den euskarazko programazioa eskaini beharko dute gutxienez. Esleipendunak lizitazioan eskainitakoaren araberako portzentajean areagotu ahal izango da indize hau, euskara hutsean emititzera heldu ahal izango delarik.
Lehiaketan ebaluaziorako aintzat hartu beharreko multzoak honako hauek izango dira:
Bideragarritasun plana
Programazioa
Zerbitzuen datu osagarriak
Esleipenerako lehiaketa honi dagozkion pleguak HEMEN ikus ditzakezue osorik.
![]() | Inprimatu |