Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Tokiko telebista digitalak gero eta gertuago

Tokiko telebista digitalak gero eta gertuago

2007-01-15 / 07:00 / erabili.com   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Tokiko informazioa, berariazko programazioa eta euskara ezaugarri izango dituzten lurreko uhinen bidezko telebistak abian izango dira EAEn 2008an.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak tokiko telebista digitalen araubidea plazaratu eta lehiaketa deitu zuen 2006ko abenduaren 29an eta zerbitzu hau kudeatzeko asmoa duten enpresek 2007ko martxoaren 23a bitarteko epea daukate beraien eskaintzak aurkezteko. Kontratazio Mahaiak, berriz, hurrengo ekainaren amaierarako egingo du bere proposamena.

Deialdi hau 2006ko urriaren 24an Jaurlaritzak lurreko uhinen bidezko tokiko telebista-zerbitzua arautzeko onartu zuen dekretuaren ondotik dator.

15 barruti, 60 kate

Euskadik, Espainiar Estatuko Plangintza Teknikoaren baitan, 15 barruti ditu (Araban 2, Bizkaian 6 eta Gipuzkoan 7). Barruti hauek eskualdeen parekoak dira ia, nahiz batzuetan horretarako eskualdeen elkartzea behar izan.

Barruti bakoitzerako multiple bana prestatu da eta horietako bakoitzean, egungo teknologiak ahalbideratzen dituen lau telebista kate sartuko dira.

Udalek lehentasuna dute

Legeak ezartzen duen moduan, lurreko uhinen bidezko tokiko telebista-zerbitzua eskaintzerakoan udalek lehentasuna dute.

Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak udalek egindako zazpi eskari jaso ditu eta jaso dituen eskariei erantzuteko, honako barrutietan kanal bana gorde du xede horretarako: Gasteiz, Arrasate, Donostia, Zarautz, Irun, Barakaldo eta Getxo.

Kudeaketa zuzenari dagokionez, udalek enpresa pribatuek izango duten epe berbera izango dute beraien eskaera egiteko, 2007ko martxoaren 23a artekoa, beraz. Udalen proiektuen esleipena, ordea, ez da lehiaketaren bidez gauzatuko. Eskaera egin duten udalek erreserba egina dute, Jaurlaritzaren esanetan. Zabaldu berri den epean proiektu bideragarria aurkeztea izango da horrenbestez udalen eginbeharra.

Hurbileko esparrua benetan bete

Tokiko telebistek hurbileko esparru hori benetan bete beharko dute. Ezingo dute telebista-kate baten bidez emititu edo horietako batean parte hartu, elkarrekin ekoiztutako programazioa egin ahal izango dute baina ezin izango dute aldi berean emititu eta gisa horretako programazioak muga zehatzak izango ditu. Toki-telebistako operadoreek, egunean gutxienez ere lau orduz eta astean hogeita hamabi orduz jatorrizko programak eman beharko dituzte.

Emititzen diren programa erdiak, telebista-operadoreak berak ekoiztutakoak izan beharko dira eta beren programazioan kontzesioaren estaldura-eremuari zuzendutako berariazko edukiak eta informazioa eskaini beharko dituzte.

Gainera, euskal musika eta ikus-entzunezko produkzioak izango direla bermatuko da, horretarako, halabeharrez, euskal autore eta abeslarien lanek emisio-denbora osoaren % 15a hartuko dute.

Euskarak lekua guztietan

Tokiko telebistak berezkoa duen hurbiltasuna eta Euskadiren elebitasuna eta egoera linguistikoa kontutan izanda, tokiko telebista guztiek euskarari lekua eman beharko diote eta horretarako, emisioetan lehentasunezko hizkuntza euskara izan dadin, hizkuntza horren erabilera sustatu beharko du toki-telebistako operadoreen eduki-eskaintzak. Horretarako, euskara hutsezko emisioak bultzatuko dituzten progresibotasun-irizpideei jarraiki, euskararen erabilerari lehentasuna emango zaio esleipen-prozeduran, zerbitzu-emaileentzat aurreikusten diren bideragarritasun ekonomikoaren eta teknikoaren baitan.

Udalek zuzenean kudeatutako telebista-kanaletako programazio-denboraren erdia hartu beharko du euskarazko programazioak, gutxienez. Gutxieneko batez besteko hau, bidezkoa den portzentajearen arabera areagotuko da elebidunen kopuru handiagoa barne hartzen duten barrutietan.

Enpresa zein erakunde pribatuek kudeatutako tokiko telebistek, berriz, zerbitzu-eremuari dagokion elebidunen indizearen baliokidea izango den euskarazko programazioa eskaini beharko dute gutxienez. Esleipendunak lizitazioan eskainitakoaren araberako portzentajean areagotu ahal izango da indize hau, euskara hutsean emititzera heldu ahal izango delarik.

Aintzat hartuko dituztenak

Lehiaketan ebaluaziorako aintzat hartu beharreko multzoak honako hauek izango dira:


Bideragarritasun plana

  • Plan teknikoa, honako azpiatal hauek kontutan hartuta:
    • Proiektua garatzeko plana
    • Zerbitzua zabaltzeko plana
    • Kalitateko plana
  • Plan ekonomikoa, honako azpiatal hauek kontutan hartuta:
    • Inbertsioak eta kostuak zehazteko plana
    • Merkatuaren azterketa
    • Finantza eta negozio plana
    • Enplegua sortzea
    • EAEko ikus-entzunezko sektorean egindako ekarpena
    • Egituraren egonkortasuna


Programazioa

  • Barruti bakoitzerako jasotako euskarazko emisioen hobekuntza eta hobekuntza horiek ikus-entzule gehien duten orduetan eta albistegiak, haur eta gazte programaizoan egingo dela.
  • Euskara hutsezko emisioak hobetsiko dira.
  • Programazio plana, eskatutako gutxienekoak gaindituta, norberak egindako programak, jatorrizko programak eta albistegi propioak tokian tokiko gaiei buruzko programazioa ezartzeko konpromisoa.
  • Programazioan kultura eta hezkuntza eta arreta berezia merezi duten sektore edo taldeei zuzendutako zerbitzua eta laguntza eskaintzeko proposamenak.
  • Edukien eskaintzan teknologia berriak ezartzea eta herritarrei programazioaren edukietan esku hartzeko aukera ematea eta euskaraz ere egin ahal izateko konpromisoa hartzea.
  • Soinu-banda emititzen ez den hizkuntza koofizialean azpitituluak ezartzeko konpromisoa.
  • Tokiko gizarte eta kultura arloko erakundeekin akordioak ezartzeko konpromisoa.
  • Biztanleriaren dentsitate handiena duten barrutietan, plangintzaz kanpo egon arren, hurbilekoak diren herri edo eskualdeei begira, informazioa edo zerbitzua emateko programazioaren zati bat gordetzea.
  • Autokontrolerako sistemak erabiltzea.
  • Programa batzuetan "zeinu-mintzaira" txertatzea.
  • Proposamenaren arabera, euskal egile eta kantarien emanaldiak eta lanak programazioaren % 15etik gorako portzentaje batean eskaintzea.
  • Europako obrei buruz zabalkundea egiteko urteko emanaldi osoaren % 51 erreserbatzeko betebeharra hobetzea, euskal lanei dagokien portzentajea zehaztuta eta egile independenteen lanen berri zabaltzeko horren % 10 erreserbatzeko betebeharra ere hobetzea.
  • Euskal kulturaren adierazgarri diren era guztietako bideak sustatzen erabilitako programazioari buruzko zerrenda deskriptiboa.


Zerbitzuen datu osagarriak

  • Martxan jarri nahi diren estratejiak eta jardunak.
  • Eskainiko diren zerbitzuen ezaugarriak eta ikus-entzuleei buruzko aurreikuspena.
  • Euskara erabiltzeko orduan, ezarritako minimoak gainditzea.
  • Zerbitzuak noiz hasiko diren zehaztea.
  • Zerbitzuen emanaldien ordutegia.
  • Ordaintzeko zerbitzuak direnean, tarifa eta prezioei buruzko estrategia.
  • Aurreko ataletan kontutan hartu ez diren beste arlo batzuk, interesgarri izan litezkeenak.

Esleipenerako lehiaketa honi dagozkion pleguak HEMEN ikus ditzakezue osorik.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com