Euskararen aurrekontua % 40 handitu du Jaurlaritzak bi urtetan
Eusko Jaurlaritza - HPS / Herri-administrazioa / 2007-01-04 / 07:00
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren aurrekontua % 13,31 hazi da aurten, eta % 40,48 azken bi urtetan. HPSren aurrekontua 51.183.530 eurokoa da, eta HABErena 40.937.500 eurokoa.
Aurrekontua "onartu eta hobetu" duten talde parlamentarioen ekarpena "aitortu eta eskertu" du Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren 2007ko aurrekontua 51.183.530 eurokoa da. Beraz, 2006koarekiko %13,31ko gehikuntza izan du, eta 2005ekoarekiko %40,48koa. Era berean, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak HABEri egiten dion ekarpena %69,78 handitu da legealdiko bi urteotan, aurten 40.937.500 eurora helduz. Dena den, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarko sailburuordeak gaur Donostian egindako prentsaurrekoan adierazi duenez, "euskara erabiltzea" da euskarak behar duen aurrekonturik "handi eta garrantzitsuena".
Aipatu datuei jarraiki, Baztarrikak esan du iaz hizkuntza politikaren aurrekontuan eman zen aurrerapausoa aurten mantendu ez ezik “areagotu egin” dela. Halaber, Jaurlaritzaren zeregin horretan Legebiltzarreko taldeen "laguntza" ere eskertu du. Lehenik eta behin talde sozialista izan du aipagai, ("talde horren aldeko botoekin eta gobernuko hiru taldeenarekin onartu baita aurrekontua"). Bestetik, hainbat zuzenketa aurkeztu eta aurrera atera dituzten talde parlamentarioen "ekarpena" eskertu du. Alde horretatik, gogorarazi du zuzenketarik gehienak eta nabarmenenak Aralar taldearenak izan direla, eta "eskertzekoa" dela hori: onarturikoak edo transakzionatuak 13 zuzenketa izan dira. Azaldu du, baita ere, aurten, iaz ez bezala, Ezker Abertzalea taldearekin 3 zuzenketa "adostu ahal izan" direla, "horietatik bat Ezker Abertzalea taldearekin berarekin bakarrik eta bi Aralarrekin batera".
Legebiltzarreko talde parlamentarioen zuzenketak direla-eta, azpimarratu du 2.712.500 eurotan gehitu dela Eusko Jaurlaritzak aurkezturiko aurrekontu-proiektua. "Horrek esan nahi du aurrekontuaren % 5,30a suposatzen dutela Legebiltzarrean onartutako zuzenketek".
Iazkoa, 2006koa, izan zen legealdiko lehen aurrekontua, eta orduan Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak legealdirako 33 lan-ildo eta konpromiso ezagutzera eman zituelarik, Baztarrikak zehaztu du iazko konpromiso horiek "indartzera" datorrela aurtengo aurrekontua. Zehazki esanda, erabilera goiburutzat hartuta 2007ko aurrekontuak garatuko dituen lan-ildo nagusiak honako hauek dira:
- Arlo sozio-ekonomikoan, lan-munduan, 2006an abian jarritako LANHITZ programa kontsolidatu eta hedatuko dugu. Enpresaburuen elkarteekin eta sindikatu nagusiekin sinaturiko akordioetan aurreikusitako programa hori (Lanhitz) garatuz enpresei aholkularitza eta laguntza tekniko nahiz ekonomikoa emango dizkiegu euskararen erabilera-planak zabaltzeko. Eta euskara kalitatearekin eta berrikuntzarekin lotuko duen ziurtagiri sistema ere osatuko dugu Euskalitekin elkarlanean.
- Informazioaren eta komunikazioaren teknologietan euskarazko baliabideak eta aplikazio berriak garatzeko programak bultzatuko ditugu. Beste zenbait ekintzen artean, euskarazko itzultzaile automatiko bat sortzeko ekimena bultzatuko dugu aurten. Eta, gainera, euskarazko eduki digital bikainak sortzeko bultzada ematen jarraituko dugu.
- Helduen euskalduntze-alfabetatzeari dagokionez, euskaltegien sektorea normalizatzeko berealdiko saltoa eman dugu 2006 urtean, besteak beste hiru ikasturtetarako finantzaketa adostu baitugu. Finantzaketa horren konpromisoa beteko dugu, baina badira bi arlo berri aurrerapauso sendoak emango ditugunak: alde batetik, ikasleentzako diru-laguntza indibidualak % 100 gehitu ditugu 2007rako (2006ko 625.000 euroetatik 2007ko 1.250.000 euroetara pasatu gara), eta bestetik, 2006a euskaltegi pribatuen sektorea normalizatzeko urratsa eman den urtea izan den bezala, 2007an euskaltegi publikoen sarea hobetzeko neurriak hartuko dira, EUDELek eta Kultura Sailak osaturiko batzordeak lortzen dituen akordioen arabera. Gainera, HABEk formazio modulu espezifikoak lantzen jarraituko du, besteak beste osasun-arloan, etorkinentzako, merkatarientzako, etabar.
- ELEBIDE hizkuntz eskubideak bermatzeko zerbitzua garatu eta sendotuko dugu, hizkuntz eskubideei buruzko informazioa eta kontzientzia gizarteratzeko lanak egingo ditugularik.
- Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiari bultzada berritua emango diogu aurten, horretarako EUDELekin sinatu berri dugun hitzarmena garatuko dugularik. 2006an 95 udalerri dira EBPN onarturik daukatenak, eta 2007an 140ra iristea jarri dugu helburu.
- Euskal Herriko IV Inkesta Soziolinguistikoa egin eta argitaratuko dugu.
- Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoarekin, hau da, Frantziako erakunde publiko guztiak –Pariseko Gobernua barne- bere baitan biltzen dituen erakunde publikoarekin hitzarmena sinatu eta dirulaguntza konpartituak emango ditugu Iparraldean euskara bultzatzeko.
- Euskara munduan zehar zabaltzeko lanei dagokienez, duela bi ikasturte martxan jarritako Unibertsitateetako lektore-programa indartu eta hedatuko dugu. 2007an 12 herrialde eta 20 unibertsitatetan euskara eta euskal kulturaren lektoreak izatea da helburua. Gainera, nazioarteko hizkuntzen azoka garrantzitsuenetan parte hartuko dugu. 2007an onartuko da euskara eta euskal kultura nazioartean hedatzea helburu izango duen Etxepare Euskal Institutua sortzeko legea.
- Herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko IV Plana prestatuko dugu, 2008 – 2012 iraunaldia izango duena, eta urtean zehar Eusko Jaurlaritzako sailetan erabilera-planak garatuko dira.
- Euskararen erabileraren normalkuntza sozialari buruzko gogoeta edo debate zabala antolatuko dugu, orain arte egindako bideari buruz eta etorkizunean egin beharrekoari buruz hausnarketa egiteko ehunka pertsonak parte hartu ahal izango duten debatea. Etorkizunerako lan-ildoak eta lehentasunak birdefinitzeko eta adosteko balio beharko lukeen debatea da antolatuko duguna, euskararen inguruko kontsensu sozial eta politikoa berrindartzeko baliagarri izateko helburuarekin.
- Euskal gizartearen euskararekiko atxikimendua eta konpromisoa sendotzeko helburuarekin UKAN elkarbizitzarako birus osasungarriaren mezuari jarraipen berritua emango diogu.
- Euskarak hedabideetan presentzia gero eta bikainagoa izan dezan bultzada emango dugu, eta euskarazko hedabideen kontsumoari buruzko gogoeta zabala antolatuko dugu.
- Euskararen erabilera gizarte-bizitza arruntean areagotzeko saio berezitu eta pilotuak bultzatuko ditugu, zehazki merkataritzaren esparruan hiriburuetan eta kirol/aisialdi arloan gaztetxoei dagokienean.
- ONCErekin euskal literaturako dozenaka obra braille sistemara eta entzutezko formatura egokitzeko lankidetzan jarraituko dugu.
- Gipuzkoako toponimia berrikusteko lanak egingo dira Deiker enpresaren eskutik.
- Euskadiko esparru publikoko hizkuntza paisaian euskararen presentzia normalizatzeko plana egingo da.
- Euskalgintzako erakunde eta elkarteekin ohiko lankidetzan jarraituko dugu: Euskaltzaindia, Labayru ikastegia, Bertsozaleen Elkartea, EIE, EIZIE, UNESCO etxea, Literatura Unibertsalaren programa, etabar.
- Terminologia arloko lan berezituekin eta hiztegigintza lanekin jarraituko dugu.
Patxi Baztarrika sailburuordeak Kultura Saileko Zerbitzuetako zuzendari Lore Bilbaorekin aurkeztu ditu 2007ko aurrekontuak. Agerraldian, bertan izan dira HPSko zuzendaritza taldekide guztiak: Joseba Erkizka, Lorea Bilbao, Igone Etxebarria, Jokin Azkue eta Miren Mateo.
Baztarrikak, nabarmendu ondoren hizkuntza normalizatzeko prozesuetan hiru faktore direla nahitaezkoak ("marko legala, politika publiko positiboak eta dagozkien baliabideak, eta gizartearen atxikimendua"), esan du gaur aurkeztutako aurrekontuak eta lan-programak Eusko Jaurlaritzaren politika publiko "positiboak bultzatzeko" eta diru-baliabide egokiak jartzeko duen "konpromisoa islatzen" duela.
Nolanahi ere, gaineratu du aurrekontuak eta diruak, beharrezkoak badira ere, ez direla "panazea, ez baitaukate mirakulu ahalemenik". Horren harira, azpimarratu du euskararen etorkizunaren giltza "gizarteak" daukala, "gutariko bakoitzak / herritar bakoitzak egiten duenaren esku dagoela batez ere". Euskarak behar duen aurrekonturik "handi, eraginkor, erabakigarri eta garrantzitsuena", amaitu du, "euskara erabiltzea da", euskarak behar dituenak "salbatzaileak ez baizik eta hiztunak direlako".
Erantzunak
Maingu
Borja Ariztimuño López / 2007-01-08 / 14:58
Oso polita, bai, benetan.
Baina euskararekiko atxikimendua izateko,
zeri atxiki UKAN behar du euskaldun(gai)ak, hizkuntzaz gozatzeko aukera;
eta horretan gu maingu, beti lez.
Horrenbeste birus zabaldu beharrean
Euskarazko Bikoizketa Zerbitzua sor!
ETB1-ek, euskal zineak eta abarrek duintasun oro galdu dute aspaldi.
Lotsa galdu diote euskarari zenbaitzuek... Lotsagabeak!
Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1167864888