Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Udale: Udalen arteko Euskara Sarea

Isabel Octavio - EUDEL / Herri-administrazioa / 2006-12-29 / 07:00


Udalen arteko Euskara Sarea sortu du EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak.



2006ko abenduaren 27an aurkeztu da Udale, Udal arteko Euskara Sarea. Sare berri bat EUDEL, Euskadiko Udalen Elkarteak udalen esku ipiniko duena. Udalek euskararen erabilera normalizatzeko bidean tresna lagungarri eta eraginkorra izan nahi du, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak bultzatu, indartu eta koordinatzeko.

EUDELeko kide diren udalen esku jarriko den sare honek udalerrietan egiten diren hizkuntza politiken bilgune izan nahi du, eta udal mailan euskararen normalizazioan antzematen diren beharrak betetzeko sortu da.

Euskararen berreskurapenak duen garrantzia aintzat hartuta, EUDELek konpromiso irmoa hartu du euskararen normalizazioan lan egiteko. Beste arlo batzuetan duen esperientzia kontuan izanda, EUDEL elkargune egokia da mota honetako tresna bat abian jartzeko eta ahalmena badu azpiegitura sendoa sortzeko.

Udale, Udal arteko Euskara Sareak sare egonkorra, eraginkorra eta udalerri guztientzako baliozkoa izan nahi du. Bere zereginen artean elkarlana eta koordinazioa bultzatzeaz gain, aholkularitza, zerbitzu teknikoa eta udalen eta udalez gaindiko erakundeen arteko zubi lana daude. Horretarako, udal, mankomunitate eta euskararen normalizazioan lanean diharduten eragile eta erakundeen arteko elkarlana bultzatu nahi du.

Horren adierazgarri da EUDELek eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sinatu duten lankidetza hitzarmena. Hitzarmenaren helburua Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiei bultzada emateaz gain, orain arte emandako pausuak sendotzea eta horien eragin eremua eta garapena indartzea da.

Udale sare berria Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak eta EUDELen Batzorde Eragileko Euskara arduradun eta Berangoko alkate Miren Dobaranek aurkeztu dute. Euren esanetan, sarearen helburu nagusiak honako hauetan bildu daitezke:

Udale, Udal arteko Euskara Sarean sartzeko udalek honako betekizunak izango dituzte:

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak hitzarmenaren garrantzia azpimarratu zuen. Bere esanetan, hitzarmenak helburu garrantzitsu bi betetzen ditu: batetik, udalerri handiak alde batera utzi gabe, 5.000 biztanletik beherako udalerriei arreta berezia eskaintzea, udalerri horiek zenbait kasutan baliabide ekonomiko eta giza baliabide eskasak baitituzte Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak garatzeko; eta bestetik, hizkuntza normalizazioan erakunde arteko koordinazioa bultzatzea indarrak bateratzeko, hizkuntza irizpideak bat etortzeko eta esperientziak eta ezagutzak trukatzeko. Hizkuntza Politikarako sailburuordeak gaineratu zuen helburu bi horiek direla euskararen erabilera berreskuratzeko ardatz nagusiak.

Bestalde, EUDELeko Euskara arduradun eta Berangoko alkate Miren Dobaranek euskal udal guztiak Udalera atxikitzeko animatu zituen, guztiek elkarlanean bide beretik lan egin dezaten, beste behin ere Euskadiko Udalen Elkarteak euskararen eta normalizazioaren alde erakusten duen laguntzarekin eta konpromisoarekin bat eginik. Eta gaineratu zuen sarea martxan jartzeko udalerrietako euskararen diagnostikoak egiten hasiko direla.


(ISABEL OCTAVIO URANGA EUDELeko prentsa eta komunikazio arduraduna da)

Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1167352366