Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Udale: Udalen arteko Euskara Sarea

Udale: Udalen arteko Euskara Sarea

2006-12-29 / 07:00 / Isabel Octavio - EUDEL   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Udalen arteko Euskara Sarea sortu du EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak.

2006ko abenduaren 27an aurkeztu da Udale, Udal arteko Euskara Sarea. Sare berri bat EUDEL, Euskadiko Udalen Elkarteak udalen esku ipiniko duena. Udalek euskararen erabilera normalizatzeko bidean tresna lagungarri eta eraginkorra izan nahi du, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak bultzatu, indartu eta koordinatzeko.

EUDELeko kide diren udalen esku jarriko den sare honek udalerrietan egiten diren hizkuntza politiken bilgune izan nahi du, eta udal mailan euskararen normalizazioan antzematen diren beharrak betetzeko sortu da.

Euskararen berreskurapenak duen garrantzia aintzat hartuta, EUDELek konpromiso irmoa hartu du euskararen normalizazioan lan egiteko. Beste arlo batzuetan duen esperientzia kontuan izanda, EUDEL elkargune egokia da mota honetako tresna bat abian jartzeko eta ahalmena badu azpiegitura sendoa sortzeko.

Udale, Udal arteko Euskara Sareak sare egonkorra, eraginkorra eta udalerri guztientzako baliozkoa izan nahi du. Bere zereginen artean elkarlana eta koordinazioa bultzatzeaz gain, aholkularitza, zerbitzu teknikoa eta udalen eta udalez gaindiko erakundeen arteko zubi lana daude. Horretarako, udal, mankomunitate eta euskararen normalizazioan lanean diharduten eragile eta erakundeen arteko elkarlana bultzatu nahi du.

Horren adierazgarri da EUDELek eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sinatu duten lankidetza hitzarmena. Hitzarmenaren helburua Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiei bultzada emateaz gain, orain arte emandako pausuak sendotzea eta horien eragin eremua eta garapena indartzea da.

Udale sare berria Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak eta EUDELen Batzorde Eragileko Euskara arduradun eta Berangoko alkate Miren Dobaranek aurkeztu dute. Euren esanetan, sarearen helburu nagusiak honako hauetan bildu daitezke:

  • 1.- Ekintzak koordinatzea eta martxan jartzea

    Euskal udalerrietan Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak bultzatuko dira eta euskararen normalizazioaren aldeko ekintzak koordinatuko dira.

  • 2.- Udalei zerbitzua eskaintzea

    Udalek udalerriei aholkularitza teknikoa eskainiko die Euskara Biziberritzeko planen eraginkortasuna handiagoa izan dadin. Udalen eta gainontzeko erakundeen arteko esperientzien trukaketa ere bideratuko du.

  • 3.- Udalez gaindiko erakundeetan udal ordezkaritza bermatzea

    Udale izango da foru aldundiekin eta Eusko Jaurlaritzarekin koordinazio lanetan eta esperientzia trukaketan udalerriak ordezkatuko dituen organoa.

Udale, Udal arteko Euskara Sarean sartzeko udalek honako betekizunak izango dituzte:

  • Euskara normalizatzeko borondate politiko sendoa izatea.
  • Biztanleen % 70etik gorako euskaldun kopurua izatea udalerrian.
  • Biztanleen % 70etik beherako euskaldun kopurua izanik, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia onartuta izatea eta hauek aplikatzeko giza baliabideak izatea.
  • Udalen sartzeko erabakia Osoko Bilkurak hartzea.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak hitzarmenaren garrantzia azpimarratu zuen. Bere esanetan, hitzarmenak helburu garrantzitsu bi betetzen ditu: batetik, udalerri handiak alde batera utzi gabe, 5.000 biztanletik beherako udalerriei arreta berezia eskaintzea, udalerri horiek zenbait kasutan baliabide ekonomiko eta giza baliabide eskasak baitituzte Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak garatzeko; eta bestetik, hizkuntza normalizazioan erakunde arteko koordinazioa bultzatzea indarrak bateratzeko, hizkuntza irizpideak bat etortzeko eta esperientziak eta ezagutzak trukatzeko. Hizkuntza Politikarako sailburuordeak gaineratu zuen helburu bi horiek direla euskararen erabilera berreskuratzeko ardatz nagusiak.

Bestalde, EUDELeko Euskara arduradun eta Berangoko alkate Miren Dobaranek euskal udal guztiak Udalera atxikitzeko animatu zituen, guztiek elkarlanean bide beretik lan egin dezaten, beste behin ere Euskadiko Udalen Elkarteak euskararen eta normalizazioaren alde erakusten duen laguntzarekin eta konpromisoarekin bat eginik. Eta gaineratu zuen sarea martxan jartzeko udalerrietako euskararen diagnostikoak egiten hasiko direla.


(ISABEL OCTAVIO URANGA EUDELeko prentsa eta komunikazio arduraduna da)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com