Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Andoni Sagarna euskaltzain oso

Euskaltzaindia / Bestelakoak / 2006-12-26 / 07:00


Andoni Sagarnak gehiengo osoa lortu du, Xarles Videgainek, aldiz, ez.



Andoni Sagarna da euskaltzain oso berria. Abenduaren 22an Donostian egin den osoko bilkuran, 25. eta 26. aulkiak betetzeko bozketak egin ditu Euskaltzaindiak. Akademiaren arauek agintzen duten legez, Sagarnak gehiengo osoa lortu du. Videgainek, aldiz, ez du gehiengo osoa lortu. Beraz, 25. aulkia hutsik geratu da.

Jakina denez, joan den azaroaren 24an, Euskaltzaindiak Bilbon egin zuen osoko bilkuran, hautagaiak aurkezteko epea amaitu zen. Bi hautagai aurkeztu zituzten euskaltzainek:

25. domina-hutsartea betetzeko, Xarles Videgain euskaltzain urgazlea, Jean Haritschelhar, Piarres Xarriton eta Emile Larre euskaltzain osoek aurkeztua

26. domina-hutsartea hornitzeko, Andoni Sagarna Izagirre euskaltzain urgazlea, Mikel Zalbide, Bernardo Atxaga eta Adolfo Arejita euskaltzain osoek aurkeztua.

Andoni Sagarna

Andoni Sagarna (Donostia, 1947). Goi-mailako industri ingeniaria (1971, Nafarroako Unibertsitatean), elektrizitatea-elektronika espezialitatean. 1988an, Algunos aspectos de la modernización de léxico en diversas lenguas tesia aurkeztu zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. eta Letretan doktoretza eskuratu.

2004tik, aisia eta kulturako produktuen sorkuntzan dihardu, Elkar enpresa-taldeko I+G+b arloko zuzendaria delarik. Bestalde, Euskara Zientifikoa irakasgaiko irakasle da, Nafarroako Unibertsitatearen Ingeniaritza Industrialeko Goi-mailako Eskola Teknikoan.

2004tik hona, Eusko Ikaskuntzaren Hiznet Hizkuntza Plangintzako ikastaroan irakasle.

Euskaltzain urgazle, 1987tik. Euskaltzaindiaren barruan Hiztegi Batuko lan taldean dihardu azken urteotan. LEF (Lexiko Erizpideen Finkapena) batzordearen kide eta EEBS (Egungo Euskararen Bilketa Sistematikoa) batzordearen idazkari-arduradun izana, martxan zeudenean.

1972an, Elhuyar Kultur Elkarteko sortzaileetakoa izan zen. 1985tik 1994 arte, Elhuyar Kultur Elkarteko burua. 1981tik 1992ra, UZEIko Zuzendari Teknikoa izan zen. Zuzeneko esku hartzea izan zuen Fisika Hiztegian, Banka Hiztegian, kirol-arloko Kirolkidea hiztegian, Glotodidaktika Hiztegian. Ardura nagusia izan zuen Teknologia mekanikoa hiztegian.

1992-1999 bitartean entziklopediagintzako Eusenor enpresan Zuzendari Tekniko izan zen. Ondoko egitasmoetan zuzeneko partaidetza izan zuen: Hiztegi entziklopedikoan, Euskal Hiztegi Entziklopedikoa (8 tomo), Gazteen Entziklopedian, Entzikloklik CD-ROMean.

1999tik 2004ra bitartean, Plazagunea enpresan informatika-arloko proiektu arduradun izan zen. Besteak beste, Jalgi bilatzailean partehartze zuzena izan zuen.

1989tik 1993ra, EAEko Euskararen Aholku Batzordearen kide izan zen.

Soziologiaren hastapenak (1970), Teknologia elektrikoa (1982), Hizkuntza minorizatuen soziologia (lankidetzan, 1986) eta Euskara-irakaslearen eskuliburua (1989, lankidetzan) argitaratu ditu. Artikulu ugari ere idatziak ditu.

Ildo bereko artikuluak (ikusteko gainean sakatu)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1167095754