Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  2006ko azken konpromisoa: harpidetza euskaraz

2006ko azken konpromisoa: harpidetza euskaraz

2006-12-27 / 07:00 / Itxaso Ferreras - Kontseilua   BESTELAKOAK

Kontseiluak, Euskal prentsako harpidetzaren bat egingo dut lelopean, euskara sustatzeko aurtengo norbanakoen hirugarren eta azken konpromisoa aurkeztu du.

Urtero hiru konpromiso zabaltzen ditu Kontseiluak; 2006ko lehenengoa, arrakasta handia lortu duen telefonoa euskaratzeko deia izan da eta bigarrena, aldiz, propaganda euskaraz eskatzeko deia. "Oraingoan telefono eta propagandatik euskal prentsara egin dugu salto, azken hau ere gure eguneroko bizitzaren parte delako", azaldu dute Kontseiluko ordezkariek.

Argitalpenen liburuxka

Harpidetza euskaraz kanpainaren bidez, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak herritar guztiei eskatu nahi die euskararekiko konpromisoa har dezatela, hau da, euskarazko prentsako harpidetzaren bat egin dezatela.

Euskal prentsako aldizkari edo egunkari bati harpidetza egiteko erraztasunak eta informazioa eskaini nahi izan dizkio Kontseiluak norbanakoari eta horretarako, argitalpen horien zerrenda jasotzen duen liburuxka banatu du Euskal Herrian zehar. "Egun argitaratzen diren egunkariak, astekariak, hilabetekariak eta bestelakoak liburuxka batean bildu ditugu", azaldu du Iņaki Lasak, Kontseiluko ildo politikoko arduradunak.

Deialdi berezia

Konpromiso hau hautatzeko arrazoiei buruz, "hizkuntzaren normalizazioan esku artean izaten ditugun irakurgaiek berebiziko garrantzia dute geure ohituretan eta baita hizkuntzaren transmisioan ere", aldarrikatu dute Kontseiluko ordezkariek. Arrazoi hori medio, norbanakoei zuzendutako ohiko deialdiaz gainera, "gurasoei eta ostatuei, saltokiei zein elkarteei deialdi berezia egin nahi diegu", azaldu dute. Alde batetik, "aisiak haurrarengan duen pisu afektiboa oinarritzat hartuz, haurrek beren aisiako irakurgaien artean euskarazkoak izan ditzatela eskatu nahi diegu gurasoei".

Bestetik, ostatuei, saltokiei eta elkarteei luzatu diete deia: "bezero eta bazkideei eskainitako irakurgaien artean euskarazko eskaintzak lekurik izan dezan nahi dugu", eskatu dute Kontseilutik. Esate baterako, mediku edo abokatu baten harrera gelan euskarazko argitalpenak aurkitzea. Lasaren aburuz, izaera publikoa eman behar zaie euskarazko argitalpenei, "euskarazko irakurgaia ez da etxeko egongelan irakurtzera mugatu behar dugun produktua".

Kalitate handiko irakurgaiak

Kontseiluaren helburua argitalpenak eskaintzen diren txoko guztietan, euskarazkoak ere izatea da. Gaur egun euskaraz egiten diren publikazioen kalitate onaz ere jardun dute Kontseiluko ordezkariek: "Kalitate handiko irakurgaiak topatu ditugu". Gaur egun publiko mota guztientzako argitalpenak aurki daitezkeela azaldu dute: umeentzat, gazteentzat, orokorrak, espezifikoak -zientziaren, kirolaren, musikaren, kulturaren arlokoak esaterako-, euskalkietan idatziak, formatu ugaritakoak -denbora-pasak, komikiak, etab-. "Produktu ezberdinen ezaugarriengatik, norbanakoaren zaletasunak aseko dituzten uste osoa dugu", azpimarratu du Kontseiluko bozeramaleak.

Gabon oparia

Liburuxkan bildu dituzten publikazio horietako asko herri mailakoak dira. Guztira, 57 herri aldizkari jaso dituzte. 33 Gipuzkoakoak (% 58), 13 Bizkaikoak (% 23), 8 Nafarroakoak (% 14), 2 Arabakokoak (% 3) eta Iparraldeko bakarra (% 2). Kontseiluak herri aldizkari hauen garrantzia aitortu du, "informazioaren garai honetan herri aldizkariek gertuko informazioa hurbiltzen digute etxera beste inongo aldizkarik ez bezala". Gainera, argitalpen hauetan diharduten lagunen lana gogoratu dute Kontseiluko ordezkariek, "eskaintza zabal hau herriko eta eskualdeko lagun askok egiten duten ahaleginari zor zaio", aipatu dute.

Aipagarria da gainera, argitalpen hauetako asko doan lor daitezkeela. "Etxean irakurgaiak jaso ahal izatea argitaratzen dutenekin harremanetan jartzea bezain erraza eta merkea gerta daiteke", azaldu dute Kontseiluko ordezkariek. Ez da, beraz, kontsumismoa bultzatzea euskaraz irakurtzea baizik. Dena dela, gabonez baliatu dira, urteko sasoi honetan egiten baitizkiegu opariak lagun eta senideei eta "aurtengo gabonetan euskarazko harpidetza oparitzeko proposamena da gurea", gaineratu dute.


(ITXASO FERRERAS SANTAMARIA Kontseiluaren komunikazioburua da)


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu):

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com