|
Gaztetxoei kirola, aisialdia eta euskara batera gozatzeko aukera ematea helburu, Kirol-campusak euskaraz egitasmoa aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Lakuan. Tau Cerámica Baskonia, Euskaltel-Euskadi eta Bidasoa taldeen eskutik, programa abenduaren 26tik 27ra egingo da Gasteizen, Derion eta Irunen.
200 parte-hartzaile
200 parte-hartzaile
8 eta 11 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta, programa honetan 200 parte-hartzaile izango dira, eta antzeko egitaraua beteko dute, beti ere kirol bakoitzera egokituta. Ekintzak era askotakoak izango dira: kirolaren gaineko teoria (araubidea, bide-hezkuntza, elikadura, kirol-kazetaritza...); kirolean jardutea, alderdi praktikoa; aisialdiko jolas-joko-osterak.
Hiru campus, hiru kirol, hiru talde
Guztira, hiru campus egingo dira, hirurak aldi berean, abenduaren 26an goizean hasi eta 27 arraltsaldera arte, gaua eta guzti.
Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde bakoitzean bana egingo da, lurralde bakoitzeko erreferentziako kirol-talde baten eskutik. Hala, Araban Tau Cerámica Baskonia taldearekin batera gaztetxoek saskibaloia egingo dute Gasteizen. Bizkaian, Euskaltel-Euskadi taldeari esker txirrindularitzan jardungo dute Derion. Eta Gipuzkoan, Bidasoa taldearen bitartez eskubaloia landuko dute Irunen.
Kirolari profesionalekin harremana
Campus hauetan, "gaztetxoek aukera izango dute talde bakoitzeko kirolari profesionalekin harremana izateko eta egun biotan haien bizimodua egiteko", azaldu zuen Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak aurkezpenean, zeinean Joserra Garai Kirol zuzendaria eta punta-puntako hiru kirol-talderen gorengo ordezkariak mahaikide izan dituen: Migel Madariaga, Euskaltel Txirrindularitza Iraskundeko presidentea; Carlos Izar, Tau Cerámica Baskoniako zuzendari nagusia, eta José Ángel Sodupe, Bidasoa kirol taldeko presidentea.
Euskara gazteen esparrura eraman
Baztarrikak nabarmendu zuen egitasmo honen xedea gaztetxoek eguneroko bizimoduko "edozein ekintzatan" euskararen erabilera "txertatzeko aukera izatea" dela. "Izan ere, gaur egun eskolan ikasita badakite ere, askok ez dutelako inguruan girorik izaten erabiltzeko. Azken finean -gehitu zuen- gazteek euskara erabiltzea nahi badugu euren esparrura ekarri beharko dugu eta euren gustuko ekintzetara egokitu".
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren zereginen arteko bat gizarte arlo guztietan euskararen erabilera sustatzea dela gogorarazi ondoren, sailburuordeak esan zuen "arreta berezia jartzen" diotela gazteen esparruari, gazteek bai eskolan baina baita eskolaz kanpo, aisialdian, euren arteko harremanetan, "egoera informaletan" euskara normaltasunez erabil dezaten lortzeko. Baztarrikaren esanetan, sarritan "euskara eskolarekin lotzen dute" gaztetxoek eta handik kanpora, bestelako harremanetan hizkuntza "aldatu egiten dute", ohitura faltagatik, edo erreferentziak bestelakoak direlako batzuetan.
Lankidetza eredugarria
Hori kontuan hartuta, gaineratu du aurten, aisialdiari lotuta, eta zehatzago kirolari lotuta, ekimen berri bat sustatu eta bultzatu dutela: kirol-campusa, hain zuzen. "Ekimen horren helburua da kirola, aisialdia eta euskara batera gozatzeko aukera ematea gaztetxoei, euren gustuko ekintzen eskaintza egitea, eta hori euskaraz egin ahal izatea bideratzea", berretsi zuen Baztarrikak, zeinaren azken hitzak José Ramón Garairen inplikazioa ("harremanak bideratzen emandako laguntzagatik") eta Tau Cerámica Baskonia, Euskaltel-Euskadi eta Bidasoa kirol taldeen "kolaborazioa" eskertzeko izan ziren. "Euren lankidetza eredugarria da ez bakarrik campusetan parte hartuko duten gaztetxoentzat, baita gizarte osoarentzat ere, eta horregatik guztiz eskertzekoa da euskararekin hartutako inplikazioa eta, helburu bera izanik, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean jardutea indarrak metatzeko".
|