Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Lanbide heziketarako euskarazko eskuliburu aproposa

Lanbide heziketarako euskarazko eskuliburu aproposa

2007-01-09 / 07:00 / Elgoibarko IMH   IRAKASKUNTZA

Elgoibarko IMH institutuak makina-erreminta sektoreko enpresentzat eta, bereziki, lanbide heziketako irakasle eta ikasleentzat erabilgarria izango den eskuliburua plazaratu du: Txirbil-harroketa oinarrizko eskuliburua, Iņigo Unanuek landua.

30+10 mintegian

30+10 mintegian

IMHk makina-erreminta arloko enpresen erantzukizun soziala, euskara baliabideak eta praktika onak azal arazteko urriaren 26an egin zuen 30+10 mintegian aurkeztu zuen hemen ardatz dugun eskuliburua. 90 lagun bildu zituen mintegiak, enpresa, aholkularitza, lanbide heziketa ikastetxe, euskalgintza, udaletxe eta Administraziotik etorritakoak. Bestalde, ekitaldian esker ona eta aitortza omenaldia egin zitzaien sektoreko hiru enpresei, Danobat, Etxepe eta Kondiari, euskara sustatzeko urteetan egindako ibilbideagatik.

Eta mintegiak zuen helburuarekin bat, amaiera emateko, sektoreko enpresentzat eta lanbide heziketako ikastetxeentzat erabilgarria izango den eskuliburua aurkeztu zuen IMHk, Txirbil-harroketa oinarrizko eskuliburua, IMHko teknikaria den Iņigo Unanuek landutakoa, alegia.

Fabrikaziorako oinarrizko instrukzioak

Eskuliburu honetan fabrikazioan beharrezkoak diren oinarrizko instrukzioak biltzen dira:

  • txirbil-harroketa prozesuaren mekanizazioa eta aldagai ekonomikoak aztertzen ditu.
  • ebaketa erremintarako materialen ezaugarriak eta geometriak deskribatzen ditu.
  • ondoren torneaketa, fresaketa eta zulaketa azaltzen ditu.
  • metal gogorrari ere atal bat eskaintzen dio eta zenbait metalen mekanizagarritasuna lantzen du.
  • eta azkenik euste erremintak, estaldurekin amaitzen du eskuliburua, eskuliburuan zehar landutako hiztegitxo batekin.

Egilearen arrazoiak

Ezagutu dezagun zerk bultzatu duen Iņigo Unanue eskuliburua egiteko erabakia hartzera.

Iņigo Unanue, IMHko Teknikaria:

Duela lau urte irakasle bezala Elgoibarko Makina Erreminta Institutuan hasi nintzen nire lehenengo ikastaroak ematen langileentzat. Ikastaroak erdaraz irakasten nituen. Zergatik erdaraz irakatsi ni neu euskalduna izanik?

Gaur eguneko ikasgeletan erabiltzen den txirbil-harroketa gaiaren inguruko materialaren kalitatea kontutan harturik, eta jakina, eskuartean erabilitako apunte eta eskuliburuak zaharkituak zeudela kontziente izateak bultzatu ninduen esku liburua idaztera. Gainera, txirbil mekanizazio gaietan euskara hutsean dagoen eskuliburu kopurua urria denez ahalegintxoak mereziko zuela pentsatu nuen. Nire zalantza bakarra, nire euskara egokia izango zen ala ez nire buruari galdetzen nion, eta nire helburuetariko bat bete dela ikusi dut.


Hizkuntza irakasleak ere bai

Aipatutakoarekin zera esan nahi dut, euskaraz irakasten dugun guztiok egin beharko genukeela ahalegintxo bat geure ikasgaiak euskara hutsean irakasteko. Hau da, ahozko eta idatziko materiala euskaraz irakasteko.

Kontziente izan behar gara, irakasleok, gure ikasgaiak irakasteaz gain hizkuntza irakasleak ere bagarela. Beraz, ezin dugu euskara gure ahozko komunikazio bide izanik idatzizko komunikazioan bijilantzia galdu. Irakasle bezala gure ardura baita hizkuntza menperatu eta gure ikasgaia, osoa, euskaraz izatea.

Beraz, "Txirbil-Harroketa" eskuliburua idazteak dituen helburu nagusiak dira gaur eguneko formazioan erreminta erabilgarria izatea eta txirbil-harroketan oinarrizko printzipioen erabilera egokia sustatzea.

Aipamen berezia eta nire esker ona Iscar metal gogorren etxeko tekniko arduradun nagusi Josep Alsinari, bera izan baitzen nire irakasle eta aholkularia zazpi urtetan zehar. Eta nola ez, Txirbil-Harroketa tekniko bilakatzen lagundu nauten lantegietako langile guztiei.

IMHk bere partetik eskerrak adierazten dizkio Iņigori eskuliburuarekin egindako lanagatik, fabrikazio arloan langileen lana errazteko tresna bat sortu baitu eta bestalde fabrikazio arloan euskararen erabilera sustatzeko beste urrats bat ematen lagundu duelako.

Eskuliburua argitaratu da Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Elgoibarko Udalaren laguntzarekin.

Eskuliburua

Eskuliburua pdf formatuan eskuratu nahi duenak HEMEN dauka, baita IMHren webgunean ere.

Bestela, IMHra deitu eta Leiregatik galdetu behar da, 943 74 41 32 telefonoan.


(ELGOIBARKO IMH)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com