|
1.600 lagun inguruk parte hartu dute euskaldunberriei euskaraz aritzeko aukera ematea helburu duen Mintzalaguna ekimenean 2006. urtean zehar, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) eta Topaguneak sinatutako hitzarmenaren ondorioz.
Hogei herri
Hogei herri
Hogei herritara zabaldu den lankidetza honen helburua, ingurune egokiaren faltagatik euskaraz aritzeko zailtasunak dituzten euskaldunberriek, gehienetan hiri handietan bizi direnek, euskaraz mintzakide izango direnak topatzea da, ikasitakoa praktikan jartzeko eta euskaraz bizitzen hasteko.
Izen anitz, asmo bera
Mintzalaguna orain 13 urte sortu zuen Donostiako Bagera euskaltzaleen elkarteak. Eta Topaguneak, sortu zenean, bere egin zuen proiektu hori. Beraz, 2007an 10 urte beteko ditu Mintzalaguna proiektua jorratzen. EAEn (Mintzalaguna, Berbalaguna), Nafarroan (Mintzakide) eta Ipar Euskal Herrian ere antolatzen da gaur egun, era askotako erakundeen laguntzari esker: euskara elkarteak, euskaltegiak eta ikastetxeak.
Hitzarmenaren edukia
Hitzarmen honen bidez, zeinetarako Eusko Jaurlaritzak 72.776 euro eman dituen, gaur egungo Mintzalagunari laguntza ematea ez ezik, metodologia sortzea, egungo egoeraren azterketa egitea, hurrengo urteetarako lehentasunak zehaztea eta herri gehiagotara hedatzea ere bada, ahalik eta jende gehienarengana iritsi dadin.
Taldeak osatzeko irizpideak
Antolaketa modua taldeka izan da, eta helburu- taldeak hainbat irizpideren arabera osatu dira: adin-taldeak, guraso taldeak, etorkinen taldeak, eta abar.
Modu horretara, euskaldun berriek edo euskara bazter utzi dutenek, euskaldunekin elkartu eta egoera naturaletan hitz egin ahal izango dute euskaraz.
Sare egokia
Eusko Jaurlaritzak, Topagunearekin akordioa egitean, euskara elkarteen sareaz baliatu nahi izan du, euskaltegietako ikasleak ez ezik, euskaraz jardun nahi duen edonork ere zerbitzu hau erabiltzeko gisan. Beraz, edonora iristeko sare egokia izateagatik eta esperientzia edukitzeagatik sinatu da hitzarmena Topagunearekin.
Hala ere, hitzarmenak udalekin lanean aritzera lotu du Topagunea. Ondoren, AEKrekin eta Mintzalagunaren antzeko proiektuak jorratzen dituzten beste eragileekin bat egin du Topaguneak. Eta azkenik, egindako lanaren balorazioa egingo dute.
Gai honi lotutako artikuluak (ikusteko sakatu gainean):
|
|
Zinez poztekoa da, nire ustez behintzat, berri hau. Izan ere, aspaldi honetan aldarrikatu bai baina praktikan gutxitan jartzen den elkarlanaren ildotik doa.
Aurreko batean erabili.com honetan bertan (Ez zuen zertan inorentzat berri txarra izan) kritikatu nuen euskararen normalizazioarekin lotutako beste ekimen batzuetan (Lanhitz eta Elebidez ari naiz) nabaritzen nuen elkarlanik eta adostasunik eza. Eta horixe zen, gauza guztien gainetik, eskatzen nuena: elkarlana.
Elkarlana eta akordioa, horiexek baitira Euskara Biziberritzeko eta Euskarari Bai esateko erarik eraginkorrenak.
Bejondeiela Topaguneari eta HPSri; bejondeiola gure hizkuntzari. Hasitako bide honek emango ahal ditu fruitu gehiago!
(AITOR ETXEBARRIA ZAMORA Santurtziko Udal Euskaltegiko irakaslea da)
|