Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Administrazioko erabilera planak sendotze bidean

HPS - Eusko Jaurlaritza / Herri-administrazioa / 2006-11-29 / 07:00


96 erakundetako hizkuntza normalkuntzarako 165 teknikari parte hartzen ari dira Bilboko Euskalduna Jauregian atzo (2006-11-28) hasi eta gaur ere egingo diren Jardunaldietan, herri-administrazioetako erabilera-planei buruz, hirugarren plangintza-aldiaren (2003-2007) azkeneko urtearen atarian.



Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) eta Eudel-ek antolaturik, Jardunaldiek xede dute, batetik, orain arte zer egin eta nola egin den aztertzea, eta bestetik, aurrerantzean -laugarren plangintza-aldira begira (2008-2012)- zer egin behar den mahairatu eta horretarako behar diren baliabideen inguruko gogoeta egitea.

Jardunaldiotan, tamaina zein tipologia aldetik egoera ezberdinean dauden herri-administrazioetako hizkuntza-normalkuntzarako teknikariek parte hartuko dute, bai hizlari gisa, bai entzule gisa, tokian tokiko Euskararen erabilera normalizatzeko planen berri emanez. Atzo, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundien eta Donostia eta Gasteizko Udalen planak ezagutarazi zituzten bitartean, gaur, Getxo, Bergara eta Zestoa bezalako Udalen txanda izango da beren esperientzien nondik norakoak eman ditzaten, eta Administrazioko atal elebidunetako langileen hizkuntza-ohituretan eragiteko plana liburua aurkeztuko da, jardunaldiei mahai-inguru baten bitartez amaiera emango zaiela.

Jauzi handia

Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak atzoko prentsaurrekoan adierazi zuenez, administrazioan "urrats sendoak egin" dituzte azken urteotan, euskararen normalizazioari begira, eta bidean "makinatxo bat gorabehera" gertatu arren, "inoiz baino urrutirago" heldu dira. Guztion laguntzari esker, gehitu du, "esparru berriak irabazi ditugu gizartean, komunikabideetan, merkataritzan, lan munduan, eta, jardunaldi hauei dagokienez, baita Administrazio Publikoan ere". "Aurrerapen horien guztien ondorioz, gaur egun Administrazioa prest dago, neurri handi batean, euskaraz lan egiteko”.

Nahiz eta sekula baino indar eta tresna ugariago jarri diren euskara biziberritzeko, Baztarrikak nabarmendu du zoritxarrez "jauzi handia" dagoela ezagutzaren eta erabileraren artean, "zeren euskaraz lan egiteko gaitasuna badugu ere, urte luzeetako inertziaren ondorioz, nagusiki gaztelaniaz jarraitzen dugu lanean", jarraitu du sailburuordeak, zeinaren ustez "ezinbestekoa" den aurrerapausoak ematea euskararen erabileran.

Balorazio-txostena bidean

Administrazioan euskararen erabilera indartze aldera, Baztarrikak esan du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, 1997ko Dekretuan onartutakoaren haritik, eta administrazioek emandako datuak bildurik, euskararen erabilera normalizatzeko prozesuaren balorazio-txostena prestatzen ari dela, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazio bakoitzean euskararen erabilera-planak "zein egoeratan dauden jakiteko".

Hirugarren plangintzaldiari dagokion txosten horrek "egokiera paregabea eskainiko" diela esan du sailburuordeak, esperientzia bakoitzaren "nondik eta norakoak ezagutzeko", eta hortik ateratako ondorioei buruzko "hausnarketa sakona" egiteko, gehituz eginkizun horretan "zeresan handia" izango duela ere sortu berri den adituen batzordeak. Halaber, gaineratu du ematen ari diren urratsak "balio handikoak izango" direla 2008-2012ko laugarren plangintzaldiari begira; "izan ere, orain jarritako oinarrien gainean eraikiko ditugu euskararen erabilera sustatzeko diseinatuko diren plan berriak".

Jardunaldietako txostenen laburpena


Eusko Jaurlaritza > Joseba Lozano

Eusko Jaurlaritzan abian jarri diren euskararen erabilera normalizatzeko planak izan ditu mintzagai Joseba Lozanok. Aurtengo apirila aldean proiektuaren aurkezpenak egin ondoren, Eusko Jaurlaritzako sail eta erakunde autonomo guztiek proiektuarekiko konpromisoa hartu zuten. Une honetan, egoeraren diagnosia egiten ari dira; amaitu bezain laster, helburuak eta adierazleak finkatzeari ekingo diote; eta 2007ko udaberrirako, ekintza planak sail guztietan martxan egotea espero dute.


Gipuzkoako Foru Aldundia > Gotzon Egia

Gipuzkoako Foru Aldundiaren barnean euskararen erabilera normalizatzeko azken 15 urteetan egin den lanaren berri eman zuen Gotzon Egiak, bi ikuspegi azalduta: alde kuantitatiboa (langileen euskara maila, abian jarritako erabilera programa eta abarren gaineko datuak) eta alde kualitatiboa (lanean jorratutako irizpideak). Aurrekoez gain, datozen urteetan lana orientatzeko eztabaidan GFAn landuko dituzten irizpideak aipatu zituen.


Bizkaiko Foru Aldundia > Joan Ajuria, Fermin Perez Elexpe

BFAko ordezkariek, lehen atalean, administrazio-atal elebidunak eta hizkuntza-eskakizunen derrigortasun data berriak ezartzeko irizpideak azaldu zituzten, baita aurreko Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planak erdietsitako emaitzak aurkeztu ere. Bigarren atalean, Euskararen Erabilera Sustatzeko Egitasmoaren metodologia, beharrizanak, ezaugarriak, moduluak eta gainerako xehetasunez hitz egin zuten. Azkenik, aurrera begirako erronkak eta erakundearen eraldaketan eragin behar diren aldagaiez mintzatu ziren.


Gasteizko Udala > Patxi Martinez de Marigorta

Gasteizko Udaleko Erabilera Plana 2003. urtean onartu zenean jarri ziren hiru helburuetatik abiatuta -euskara zerbitzu hizkuntza jendaurreko lanpostuetan, euskara lan hizkuntza beste atal batzuetan eta, azkenik, hizkuntza irizpideak lantzea- jorratu zuen Patxi Martinez de Marigortak planaren azken urteotako bilakabidea; bestalde, garrantzi berezia eman zion hiru alorri planaren barruan: haur eskolei, gizarte etxeei eta planaren komunikazioari.


Donostiako Udala > Edurne Otamendi

Donostiako Udalean euskararen erabilera normalizatzeko planak abian jarri zirenetik, aurrerapauso nabarmenak egin dira, baina oraindik ere asko dago zuzentzeko eta bultzatzeko. Testuinguru horretan, Edurne Otamendik Donostiako udal administrazioko planaren inplementazioaren bilakaera azaldu zuen, administrazio horren ezaugarriak kontuan izanda: herritarrekiko harreman zuzena duen 1.456 langileko administrazioa.


Getxoko Udala > Jabi Aranguena

Getxoko euskara zerbitzuko teknikariak luzerako planteamendua aurkeztuko digu. Udal barruko erabilera formal zein informalean euskara errotzea eta presentzia duina izatea helburu duen egitasmoa da. Egitasmoa Getxoko Udalerriak eta Udalak dituen ezaugarrietara egokitutakoa da eta ahalegina egiten da Udalaren funtzionamenduan zerikusia duten eragile guztiekin lan egiten.


Bergarako Udala > Estepan Plazaola

Bergarako Udalean orain dela 20 urte sortu zen Euskara Zerbitzua. Harrez gero, bilakaera nabarmena izan da udal administrazioan bai gaitasunean eta baita erabileran ere: gaitasunari dagokionez, 30 puntu igo da euskaldunen portzentaia eta erabileran ia dena gaztelaniaz egitetik gehienbat euskaraz funtzionatzera pasatu da. Eraldaketa horren gakoak zeintzuk izan diren aztertuko da ponentzian.


Zestoako Udala > Nora Palmitano

Inguru oso euskaldun bateko udal baten esperientzia azalduko digu Zestoako euskara teknikariak. Ildo horretan, sei urteko plan baten gazi-gozoak jorratuko ditu Nora Palmitanok.


Lasarte-Oriako Udala > Aitor Unanue

Aitor Unanuek, Lasarte-Oriako Udaleko hizkuntza normalizatzaileak, Administrazioko langileen hizkuntza ohituretan eragiteko plana izeneko liburua aurkeztuko du. Liburuak jasotzen du Lasarte-Oriako Udaleko langileen ahozko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko egindako esperientzia pilotua.


Gai honi lotutako artikulua (ikusteko gainean sakatu)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1164725674