Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Europako hizkuntza aniztasuna eta euskararen hizkuntza politikak aztertu ditu Euskaltzaindiak

Europako hizkuntza aniztasuna eta euskararen hizkuntza politikak aztertu ditu Euskaltzaindiak

2006-11-27 / 07:00 / Euskaltzaindia   BESTELAKOAK

X. Jagon Jardunaldiak egin ditu Euskaltzaindiko Sustapen batzordeak (2006-11-24), Bilbon, "Europar Batasuneko hizkuntza aniztasuna eta euskararen hizkuntza politikak" gaiaz.

Jardunaldi horietan, bi atal aztertu dira nagusiki: batetik, Europar Batasunean dagoen hizkuntza-aniztasunaren deskribapena egin da; bestetik, aurreko testuingurua kontuan hartuz, Nafarroan, Euskal Autonomi Erkidegoan zein Euskal Herri kontinentalean indarrean diren hizkuntza politikak aztertu dituzte bertan bildutakoek.

Bestalde, gaurko Jagon Jardunaldietan "Euskararen sustatzea Euskaltzaindiaren adierazpenak (1976-2006)" liburua aurkeztu du Andres Urrutiak. Bertan, Akademiak azken 30 urteetan euskararen babes eta defentsarako zabaldu duen mezua jazotzen da. Argitalpena Jagon sailaren 3. liburukia da

Patxi Juaristi

Europar Batasunean (EB) munduko hizkuntzen %1 hitz egiten da. "Argi dago, beraz, EBetik kanpora dagoela munduko hizkuntzen ondarearen parte garrantzitsuena". Hauxe da Patxi Juaristik gaurko mintzaldian egin duen baieztapenetako bat. "Hizkuntza aniztasuna Europar Batasunean" izeneko txostena irakurri du Juaristik eta hauxe azaldu du: Europar Batasunean jatorria duten hizkuntzak bakarrik kontuan hartzen badira, orotara 60 hizkuntza hitz egiten direla gaur egun. Hots, eremu geopolitiko honetan, munduko hizkuntzen %1 hitz egiten da.

60 hizkuntza hauek guztiak hiru multzotan banatu ditu Patxi Juaristik:

  • 1)10 milioi hiztun baino gehiago dauzkaten hizkuntzak. Talde hau osatzen duten 11 hizkuntzek 395 milioi hiztun dauzkate guztira. Beraz, EBeko biztanleriaren % 85ek EBeko hizkuntzen %18an hitz egiten duela.
  • 2)Milioi bat eta 10 milioi hiztun bitarte dauzkaten hizkuntzak. Guztira, 15 hizkuntza daude talde honetan; hain zuzen ere, EBeko hizkuntzen % 25a dira.
  • 3)Milioi bat hiztun baino gutxiago dauzkaten hizkuntzak. Talde honetan 34 hizkuntza daude, EBeko hizkuntzen % 57a da.

Patxi Juaristik azpimarratu duenez, "ia kasu guztietan, hizkuntzaren egoera soziolinguistikoa eta bere estatus politikoa loturik daude hiztun kopuruarekin. Hizkuntza aniztasuna kudeatzeko eredu eta modu desberdinak daudenez, oso zaila da EBean hizkuntza politika orokor bat bultzatzea, are eta zailagoa estatuei hizkuntzei buruzko lege orokor bat inposatzea".

Ondorioz -gaineratu du- baliteke Europar Batasunean gaur egun hitz egiten diren hizkuntza asko desagertzea etorkizunean. Beraz, hizlariaren ustez, ezinbestekoa da gai desberdinei buruzko eztabaida publikoa egitea: inolako onarpenik ez duten EBeko hizkuntzei buruz; zenbait hizkuntzak inolako ofizialtasunik ez duten eskualdetan bizi diren hizkuntza elkarteen eskubideei buruz; EBeko erakundeen hizkuntza irizpideei buruz; eta azkenik, EB osorako hizkuntza politika orokorrari buruzko eztabaida publikoa egin behar da.

Erramun Baxok

Erramun Baxokek azpimarratu duenez, Europar Batasunean, badira hiru erakunde bat besteari lotuak: Europako Elkarte Ekonomikoa, Europar Batasuna eta Europako Kontseilua. "Corpus juridiko aberats bat badugu hiztunen eskubideak adierazteko, zailtasunak dituzten hizkuntzak zaintzeko eta biziberritzeko. Adibidez Europako Parlamentuko ebazpenak (Kuijpers 1987, Kililea 1994) eta kultura aniztasuna aldarrikatzen duten itunak (Maastricht 1992, Niza 2000). Idazkirik zehatzena da Europako Kontseiluak eskaini digun Eskualde Hizkuntzen edo Hizkuntza Gutxituen Karta (1992) estatu gehienek berretsi dutena, Frantziak izan ezik".

Baxokek argitu duenez, "Europako ideologiak eragin ahula ukan du Errepublika Frantsesean eskualde hizkuntzei buruz. Maastrichteko ituna onartzeko egin zen konstituzio aldaketaren karietara, 2. artikuluari gehitu zioten Errepublikaren hizkuntza frantsesa zela. Jarraian Toubon legeak zehaztu zuen frantsesa zela "ikaskuntzako, laneko, harremanetako eta zerbitzu publikoetako hizkuntza".

Dena dela, Europako ebazpenek eragin handia ukan dute Ipar Euskal Herriko euskalgintzan. Urte batzuetan egindako lanaren ondorioz, hainbat egitasmo jarri dira abian: Garapen Kontseiluaren proposamenak (1995), Hitzarmen Bereziko "hizkuntza politika" (2000) eta gaur egun Euskararen Erakunde Publikoak bere gain hartu duen "hizkuntza politika berria" (2006).

Santiago Larrazabal

Espainiako Erresumak 2001ean Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Karta berretsi zuen. Hori dela eta, urte horretatik Karta hori indarrean dago Espainiako estatuan. Berrespen horrek euskara hizkuntza koofizial moduan duten lurraldeetan izan dituen ondorioak aztertu ditu Santiago Larrazabalek bere hitzaldian, ikuspuntu juridikotik abiatuta.

Ildo horretatik, Espainiako estatuak eremu urriko hizkuntzen inguruan -zehatz-mehatz, euskararen inguruan- duen legeria aztertu du Larrazabalek, bai Espainiako 1978ko Konstituzioa, bai lege- eta erregelamendu-lerruneko arauak, baita Konstituzio Auzitegiak horren inguruan duen jurisprudentzia ere. Horretarako kontuan hartu du hainbat testu eta txosten: 1) Kartak Espainian duen aplikazioari buruz egindako txosten bi: Espainiako Erresumak, 2002an aurkeztutako txostena eta Adituen Batzordeak egindako txostena; 2) Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak emandako Gomendioa; 3) Espainiako estatuak eremu urriko hizkuntzen inguruan duen legeria.

Ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko arautegi zehatza aztertu du, besteak beste, 1979ko Autonomia Estatutua eta horren babesean emandako lege- eta erregelamendu-lerruneko arauak, baita Nafarroako Foru Komunitateko arautegi zehatza ere.

Jean-Baptiste Coyos

Jean-Baptiste Coyosen hitzetan, "euskararen aldeko hizkuntza politikaz mintzatu nahi dugunean Ipar Euskal Herriko kasuan, ohar bat bertan gogora etortzen da: Frantzia osoan bezala, Europar Batasunak eguneroko biziaren alor askotan eragin handia badu, tokiko edo eskualdeko hizkuntzen alorrean eraginik ez du bat ere, edo guti bederen. Frantziak, 2000ko Oinarrizko Eskubideen Karta-z bestalde, ez du hizkuntzekin ikusteko duen europar lege testu edo hitzarmen bat ere berretsi".

"Halere -gaineratu du- jendearen ideologia, eskualde eta hizkuntza gutxituei buruzko ikusmoldea bilakarazi, aldatu du, Frantzian ere, XX. mendeko bukaeran zehar. Euskaltzaleek Europako testuak baliatu eta baliatzen dituzte botere publikoak akuilatzeko, baina erantzuna beti bera da: Frantziako legegintzak ez dio ofizialtasunik edo onarpenik ematen euskarari. Haren irakaskuntza baimentzen du eta ez gehiago".

Jarraian, Ipar Euskal Herriko euskal elkarteek eta hautetsiek elkarrekiko lan bat abian jarri zutela gogorarazi du Coyosek. Izan ere, 2000an, Estatua-Akitania Eskualde Kontratu Planaren Euskal Herriko Hitzarmen Berezian, lehen aldikoz, botere publikoek hizkuntza politika atal bat sortu zuten (2001-2006). Azken etapa egiazko egitura publiko bat sortzea izan zen: Euskararen Erakunde Publikoa (2005-2010). Honek, berriki aurkeztu duen Hizkuntza politika aitzinproiektuaz ere mintzatu da Coyos: "Bizkitartean -esan du- aitzinkontu egokirik eta beharrezko formakuntzarik / langile aditurik gabe, printzipio eta helburu hobeki zehazturik gabe, aitzinproiektu aberats hori eraginkor ez den egitasmo bat izan daiteke".

Andres Iñigo

Andres Iñigok gogora ekarri duenaren arabera, Nafarroan garatzen den hizkuntza politikaren oinarri juridikoak, Espainiako beste gainerako Erkidegoetan ez bezala, Nafarroan bertako hizkuntzari ofizialtasuna ez dio Erkidego osoan aitortzen. Hau da hiru hizkuntza eremuen errealitatea:

  • 1)Euskal eremuan euskara hizkuntza ofiziala da, baina eremu horretan Nafarroako % 23’16 udalerri soilik sartzen dira eta biztanleriaren % 9’5a.
  • 2) Mistoan, euskara ez da hizkuntza ofiziala, nahiz eta babestu eta sustatzearen aldeko zenbait neurri hartu diren. Nafarroako % 19’11 udalerri sartzen dira eta biztanleriaren % 52’5a. Iruñerria eremu honetan dago eta bertan bizi da Nafarroak egun duen euskaldunen kopururik handiena.
  • 3) Ez euskaldunean, euskara ez da hizkuntza ofiziala eta legeak ez du sustatzearen alde inolako neurririk aipatzen. Nafarroako % 57’72 udalerri hartzen ditu eta biztanleriaren % 37’9a.

Hala, Nafarroako legeriaren garapenean izandako gorabeherak eta beronen aplikazioak eremu eta arlo bakoitzean izan dituen emaitza eta ondorio nagusienak aipagai izan ditu Iñigok. Horrekin batera, Europako Kartaren aplikazioa dela eta, Adituen Batzordeak egin duen balorazioa eta, ondorioz, Ministroen Kontseiluak emandako gomendioak ere azaldu ditu nafar euskaltzainak. Amaitzeko, gogora ekarri ditu Euskaltzaindiak, euskara zaintzea eta aitzinatzea dagokion aldetik, ibilbide honetan zenbait egoeraren aitzinean bere kezka sakona agertuz, jendaurrean egin izan dituen adierazpenak.

Jose Luis Lizundia

Jose Luis Lizundiaren aburuz, Euskal Autonomia Erkidegoaren euskarekiko estatusa jorratzerakoan Estatutuaren 6. artikulua izan behar dugu begi bistan, "ezinbesteko erreferentzia delako".

Euskararen Erabilpena Arauzkotzezko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak 24 urte bete ditu gaur eta lege horrek izan duen bilakaeraz jardun du Lizundiak. Ildo horretatik, halaxe esan du: "Aukerak, ene ustez, oso modu desberdinez aprobetxatu dira. Irakaskuntza izan da oparoen garatu dena; kultura alorra ere garatu da, lege mailan, nahiz eta ez horrenbeste. Beste alor batzuetan, ordea, garapena urria izan da eta, batzuetan, ez da izan".

Nahiz eta salbuespenak egon, enpresa publiko askotan, legearen garapen eskasa edo hutsaren hurrengoa izan da. Bestalde, EiTBren kasua aipatu du Lizundiak, baita merkataritza, nekazaritza, hirigintza edota justizia alorrak ere. Tokiko administrazioei dagokienez, bere ustez, "lege mailako garapen falta" nabaria da.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com