Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Iruña-Veleiako testuen egiazkotasuna baieztatu dute

Iruña-Veleiako testuen egiazkotasuna baieztatu dute

2006-11-27 / 07:00 / erabili.com   HIZKUNTZA

Iruña-Veleian aurkitutako euskarazko hitzak erromatarren garaikoak direla baieztatu dute, azterketa zientifikoen datuak eskutan, Arabako aztarnategiko ikerketa taldeko kideek.

III. mendeko idatziak

III. mendeko idatziak

Iruña-Veleian aurkitu eta 2006ko ekainean plazaratu ziren grafitoak eta hauen gainean idatzitako euskarazko hitzak, besteak beste, III. eta V. mendeen artekoak direla baieztatu dute berriro Arabako aztarnategi erromatarreko ikerlariek.

Baieztapena berresteko, jakinarazpen ofiziala plazaratu dute Iruña-Veleiako ikerketa taldeko kideek. Eliseo Gil, indusketa zuzentzen duen arkeologoarekin batera, Idoia Filloy (arkeologoa), Juan Santos Yanguas (Historia katedraduna), Henrike Knörr (euskaltzaina eta Euskal Filologia katedraduna), Rubén Cerdán (Fisiko Nuklearra), Emilio Illarregui (arkeologoa) eta Zoilo Callejak (Arabako Elizbarrutiaren Ondare arduraduna) sinatu dute aurkikuntzaren egiaztapen zientifikoaren gainean azalpenak ematen dituen dokumentua.

Ikuskatzea eta ziurtatzea

Ikertzaile taldearen hitzetan, "Iruña-Veleiako grafitoek jasan duten ikuskatze eta ziurtatze maila arkeologia material gutxik" jasan izan dute.

C14 analisiak (Ingalaterra, AEB eta Holandako laborategi espezialduetan eginak), termoluminiszentzia azterketak (Krakoviako Unibertsitatea, Polonia) eta, batik bat, Frantziako CEA-CNRS espektroskopìa nuklearreko laborategietan egindako azterketak izan dira Iruña-Veleiako aurkikuntzen data eta jatorria zehazteko erabili izan direnak. Eta guztien emaitzak kontutan hartuta, aztarnategiaren arduradun teknikoek ez dute zalantzarik: "erromatarren garaiko ebidentzia materialak" dira orain arte ezagutarazi dituzten guztiak (adreiluak, beirak eta hezurrak), "ukitu eta iker daitezkeen elementu fisikoak, zientifikoki egiaztatutakoak".

Zalantzak uxatu

Azken egunetan zenbait adituk plazaratutako iritzi artikulu eta elkarrizketek zalantzak zabaldu dituzte Iruña-Veleiako aztarnategiko arduradunek plazaratu zituzten aurkikuntzen benetakotasunaren inguruan.

Zalantzak eta susmoak piztu dira, besteak beste, iritzi-emaileetako bat Iruña-Veleiako aurkikuntzak aztertzen dituenetako bat izan delako, Joaquín Gorrotxategi filologoa (honen sinadurarik ez da ageri plazaratu berri den dokumentuan). Joseba Lakarra eta Juan José Larrea ere, filologoa eta historialaria hurrenez hurren, eta EHUko irakasleak, "harrituta" agertu dira artikulu honetan

Giro horrexek bultzatuta agertu dira prentsaurrean, hain zuzen ere, aztarnategian ikerketa lanak egiten dituztenak. Jakinarazpen ofizialaren sinatzaileak zorrotz azaldu dira. Beraientzat "guztiz axolagabeak eta oinarri gabeak" dira azkenaldian prentsan plazaratu diren "zenbait iritzi". Iruña-Veleiako ikerlari taldekoen ustez, aztarnategiaren aurkikuntzak zalantzan jartzeko beraien lana susmopean jartzen saiatu dira. "Larria da, oso larria -diote-, euskal arkeologian lehen aldiz arkeologia metodoa eta egiaztatze analitikak, tartean diren arkeologo eta adituen lanarekin batera, zalantzan jartzea".


Inprimatu


Erantzun

 
Berandu dabiltza
2006-11-27 / 09:43 / Josu Lavin Campo

Berandu dabiltza Gorrotxategi, Lakarra eta Larrea jaunak, zeren honez gero erantzun behar izan bailukete, barkamena eskatu eta hankasartzea nola edo hala zuritzekotz.

IAINKOA (KArekin?) hitzaren bukaerako -A artikulua hizkuntza romanikotik kalkatuta omen dago honelako adituen arauera.

Hizkuntza romanikotik (singularra, bai) kalkatu balute HA JAINKO izan litzateke (sic). Artikulu romanikoak (le, la, lo, les, las, los) erakusle romanikoetarik etorri dira (ille, illa, illo, illes, illas, illos) eta izenaren aurrean plazatzen ziren.

Jakin behar genuke ezen latinoa deitzen dena idatzizko hizkuntza biziki artifizial bat izan zela, zeinarekin batera hizkuntza romanikoa erabiltzen baitzen ahozko zereginetarako.

Iruina Veleia inguruetan mintzatzen zen erdara ez zen latinoa, baizik eta "la lingua romanica".

Goian aipatutako artikulu eta erakusle romanikoen formak gaur egungo "lingua romanica commun unificata" hizkuntzan erabiltzen direnak dira. III mendeko formak zerbaixka diferenteak ziratekeen, batez ere Imperioko parte orientalean.

Azken hamazazpi mende hauetan euskara ogo gutxi evoluzionatu da. Duda gabe geuk oraino erraz ulertu genezakeen euskara batean mintzo ziren.

Eta halaber esan behar dut ezen erabiltzen zuten erdara (lingua romana) oso gutxi evoluzionatu dela inguru hauetan eta geuk ere erraz ulertu genezakeela hizkuntza hori.

Baina, alderantziz ez litzateke hori gertatuko. Euskaldun haiek eta erdaldun haiek ez ligukete guri hain erraz ulertuko, baldin idatzizko euskara batuan edo gaztelania batuan mintzatuko bagina.

Gaur egungo euskaldun eta erdaldun natural alfabetatugabeei ederki asko ulertuko liekete.

Adeitsuki


(JOSU LAVIN, Herri Ikastetxeko irakaslea da eta PAIDEIA kidea)

 
Hitzen modernotasunak harrituta
2006-11-27 / 10:59 / Txomin Peillen

Hitzen "modernotasunak nau harritua edukitzen, bestalmde zeramika III. mendeko dela ziurtatzen bada, ziur al gaude, geroztik grabatuak ez ote diren izan hitzak?


(TXOMIN PEILLEN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

 
in biko u
2006-11-27 / 15:35 / Josu Lavin Campo

Agerturiko hitzen modernotasunaz mintzo zaigu Txomin Peillen euskaltzain eta hizkuntzalari jauna.

IAINKOA hitzak, adibidez, ez dauka ezer modernotik. Modernoa da Zuberoan erabiltzen den JINKUA.

Harritu ginateke baldin JINKUA forma modernoa agertu balitz.

Bizkaian erabiltzen den IN BIKO U modernoa EGIN BEHARKO DUGU forma zahar zaharrari dagokio.

IN BIKO U edo JINKUA moduko esaldi edo hitzak agertu balira, benetan harritzeko moduan ginateke, baina IAINKOA forma edo EGIN BEHARKO DUGU modukoak III mendean erabiltzen ziren duda bat ere gabe. Iruina Veleiako evidentziek erakutsiko dute nire baieztapenen egia!


(JOSU LAVIN, PAIDEIA Hezkuntzaren Euskal Akademiaren kidea da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com