|
Euskaltzaindiko 25. eta 26. domina-hutsarteak betetzeko Xarles Videgain eta Andoni Sagarna euskaltzain urgazleak proposatu dituzte.
Euskaltzaindiaren berriztatze prozesua aurrera doa. Uztailean sei euskaltzain oso emeritu izatera pasatzearen ondorioz, bi urteren buruan -2006an eta 2007an- sei euskaltzain oso berri izendatuko dira.
Bestalde, irailaren 28an, Uxuen egindako osoko bilkuran, euskaltzain oso berriak hautatzeko egutegia onartu zen, eta baita lehendabiziko bi hutsarteak iragarri ere. Hortaz, urrian eta azaroan hautagaiak aurkeztuko dira eta abenduan bi euskaltzain berri izendatuko.
Hala, gaur Bilbon egin den osoko bilkuran, hautagai hauek (biak euskaltzain urgazle) proposatu dituzte euskaltzainek:
25. domina.hutsartea betetzeko, Xarles Videgain euskaltzain urgazlea proposatu dute Jean Haritschelhar, Piarres Xarriton eta Emile Larre euskaltzain osoek.
26. domina-hutsartea hornitzeko Andoni Sagarna Izagirre euskaltzain urgazle jauna proposatzen dute Mikel Zalbide, Bernardo Atxaga eta Adolfo Arejita euskaltzain osoek.
Xarles Videgain (Baiona, 1947-6-30)
Letretan doktorea da. Euskal literatura eta euskal mintzairaren katedra, Pabeko eta Aturrialdeko Unibertsitatean.
Euskaltzaindiaren Atlasgintza lantaldeko arduraduna da, Gotzon Aurrekoetxearekin batera. Hiztegi Btauko lantaldeko kidea.
Atlas linguarum Europae lanaren batzorde eragilearen kide.
Andoni Sagarna Izagirre (Donostia, 1947-7-11)
Industri ingeniaria eta Letretan doktorea da. Euskararen modernizazioaren langintzari lotu zaio 1970eko hamarkadaz geroztik.
Euskaltzaindiaren barruan Hiztegi Batuko lan taldean dihardu azken urteotan. Arkitektura Hiztegia eta LEF (Lexiko Erizpideen Finkapena) batzordeen kide eta EEBS (Egungo Euskararen Bilketa Sistematikoa) batzordearen idazkari-arduradun martxan zeudenean.
Euskalgintzan diharduten erakunde esanguratsuen sortzaile eta partaide izatea urte luzeetan: Elhuyar eta Uzei.
Egun, Nafarroako Unibertsitatearen irakaslea da, Donostiako Ingeniari Eskolan eta Software linguistikoan aritzen da.
|