Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskararen autobusa martxan

Euskararen autobusa martxan

2006-11-21 / 07:00 / Jesús Mari Garai   ENPRESA

D-bus Donostiako Tranbia Konpainiak autobus gidarientzako liburuxka kaleratu du Emun Koop. Elk.-ren laguntzaz. Bereziki euskaraz ez dakiten gidariei zuzendutako materiala da, bezeroekiko harremanetan erabil ditzaketen hitz eta esamoldeak biltzen dituena, eta gidari beraiek osatu dute.

Bezeroekin euskaraz

Bezeroekin euskaraz

d-Bus konpainiak Emun Koop. Elk.-rekin euskara plana martxan jartzeko hitzarmena 2005ean sinatu zuen, eta 2006an inplementatzen hasi dira. Autobus gidarientzako gida aurtengo emaitzetako bat da.

Autobus gidari guztientzako egindako materiala edo gida da, baina bereziki euskaraz ez dakiten gidarientzako. Autobusean sartzen diren bezero edota herritarrekin euskaraz hitz egiteko gida lagungarria denez, bere erabilera bultzatzea da d-Busen helburua. Beraz, liburu guztia euskaraz eta gaztelaniaz idatzita dago, modu arin eta erabilerraz batean.

Gidari eta bezeroen arteko elkarrizketak euskaraz egin daitezke euskaraz ondo jakin gabe ere, eta bezeroek eskertzen dute euskaraz egiteko ahalegin hori. Material honen helburua saiakera horretan laguntzea izango da.

Aipatu behar da, d-Buseko gidariek egin dutela liburuxka hau, beraien ezagutza eta motibazioa gainontzekoei eskainiz. Elkarlanak emandako fruitu gozoa dugu, beraz, liburuxka.

Helburuak eta argibideak

Gida edo liburutxoa zazpi unitatetan banatuta dago. Unitate bakoitzean gidarientzako helburu bat jaso dute. Hona hemen helburuen zerrenda:

  • Txartela erosi nahi dutenei ulertzea eta erantzuten saiatzea.
  • Kobratzeko eskatzen dizutenean ulertzea.
  • Ondoezik dagoen pertsonari laguntza eskaintzea.
  • Helbidea galdetzean erantzutea eta argibideak ematea.
  • Debekatuta dauden edo ezinezkoak diren ekintzak jakinaraztea.
  • Bidaiarie azken autobusa dela esatea.
  • Kexa bati edo eskaera bati erantzun.

Gero unitate horretan bertan, helburu hori bete ahal izateko azalpenak, argibideak eta adibideak irakur ditzakegu. Azalpen edo adibide hauek egunerokotasunean autobusean izaten diren elkarrizketetan oinarrituta daude, eta autobusean normalean gertatzen diren egoerak aurkituko ditugu.

Unitate guztietan dauden atal horiez gain, zenbait ariketa eta hiztegitxo terminologikoak ere badaude gidan.

Gidaliburua osorik

Gidaliburua, esan bezala, d-Buseko gidarien eskura dago, baina bere edukia osorik ikusi nahi duenak HEMEN dauka ikusgai.

Euskararen autobusa martxan jarri dute, eta bolantea hartzea bakarrik falta zaie. Zorionak gidariei eta baita konpainiari berari ere!


(JESUS MARI GARAI URIBEETXEBERRIA Emun Kop. Elk. proiektu arduraduna da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com