|
Arabako 30.000 toponimotik gora berrikusi ditu Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Guztiak, azken 20 urteotan egindako gainerako lanen emaitzak bezala, bere webguneko datu-basean kontsulta daitezke.
Jardunaldia Gasteizen
Jardunaldia Gasteizen
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) antolatutako Euskal Herriko Toponimia eta Kartogarfiari buruzko Jardunaldia burutu zen atzo Lakuako Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Gasteizen. Euskaltzaindiaren arau berriak jarraiki, eta Deiker institutuarekin lankidetzan, Bizkaiko toponimia berrikusi ondoren, Arabakoa berrikusi dute aurten, 30.000tik gora toponimo berrikusiz, Gasteiz hirikoak barne. Eta abenduan helduko diote Gipuzkoako toponimia berrikusteari, guzti-guztiak datu-base batean kontsultagai egon daitezen.
Jardunaldiaren helburua izan da, batetik, toponimiaren erabiltzaileei (administrazio publikoei, kartografia-enpresei...) Euskal Autonomia Erkidegoan, azken 20 urteotan, toponimiaren eta kartografiaren inguruan egindako lanen berri ematea; eta, bestetik, horren osagarri liratekeen Nafarroako eta Iparraldeko toponimiaren ikuspegi zehatza eskaintzea. Izan ere, komunitate horietako toponimoek antzeko normalizazio-irizpideak behar dituzte eta, hori dela eta, gure toponimia-jarduna hobetzeko eta koordinatzeko, atzoko jardunaldia "oso lagungarri" izango dela nabarmendu du Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak.
Gorde, mantendu eta transmititu
Toponimia, hau da, toki-izenak, hizkuntza baten corpusaren zati garrantzitsua izateaz gain, herri baten funtsezko nortasun-ezaugarria da. "Horregatik adierazi du Baztarrikak-, toponimoak gorde, mantendu eta belaunez belaun transmititu behar dira. Izan ere, toponimoak historiaren hasieratik lurralde batean bizi izan diren edo berarekin harremanetan izan diren kultura, tradizio eta erlijio desberdinen fruitua dira".
Sailburuordeak gogorarazi du toponimoak "gure eguneroko bizitzan" daudela, "hizkuntza-paisaian daude: bide-seinaleetan, hedabideetan, dokumentu ofizialetan, liburuetan, errotuluetan eta, bereziki, kartografian, mapetan".
Toki-izenen bilakaera
Denboran zehar toki-izenak aldatuz doaz eta izen berriak agertzen dira; ondorioz, askotan leku bat izendatzeko izen bat baino gehiago aurkitzen dugu. Hori horrela, arlo honetan ere ezinbestekoa da hizkuntza-normalizazioaren lana eta, horrekin batera, behar-beharrezkoa da komunitate bateko biztanleei lurraldearen aberastasuna jasotzen duten mapa eguneratuak eskaintzea.
Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 14ko 25/2006 Dekretuaren 16. artikuluak toponimia normalizatzeko jarduerak gauzatzea egozten dio Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren (HPS) Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari.
Dena den, toponimia-lanari buruz hitz egiteko, atzera egin behar da denboran, izan ere, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 10/1982 Oinarrizko Legearen 10.1 artikuluak ezarritakoari men eginez, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak azken 20 urteotan lanean jardun du Euskal Autonomia Erkidegoko toponimia biltzen, arautzen eta normalizatzen; hau da, EAE osatzen duten hiru lurraldeetako toponimiaren bilketak egin dira, bildutako toponimoak ikuspegi geografikotik normalizatu eta hizkuntzaren ikuspegitik arautu dira. HPSk araututako toponimoei zabalkundea eman die, toponimoen erabileraren jarraipena egin du eta udalerrien zein biztanle-guneen izen ofizialetan aldaketak egiteko premia ikusi den guztietan, sustapen-lana egin du.
Hala ere, ezin dira ahaztu zeregin hauetan parte hartu duten beste erakunde batzuk ere: Euskaltzaindia, Deustuko Unibertsitateko Deiker Institutua, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila, hiru diputazioak, EUDEL, udalak eta kontzejuak.
Datu-basea amaraunean
Lan horien ondorio da gaur egun Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak duen toponimiako datu-basea. Bertan jasotzen dira, lehen esan bezala, azken 20 urteotan egindako lanen emaitzak. Datu-basea kontsultagai dago Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren webgunean: www.euskadi.net/euskara_toponimia.
 | | Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu. |
Toponimia-lanen kronologia
Labur-labur gogoratuko ditugu 1986tik hona, Eusko Jaurlaritzaren ekimenez, toponimiaren alorrean egindako lanak:
- 1986-87: Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolamendu eta Garraio Sailak Deustuko Unibertsitateko Deiker Institutuarekin sinatutako hitzarmenen bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko toponimia kartografiarako normalizatzeko proiektua jarri zen abian. Ondoren, Bizkaiko toponimiaren bilketa eta arautze-lana burutu zen 1:5000 eskalan eta lanaren emaitzarekin HPSren datu-base informatikoa sortu zen.
- 1990-1993: Arabako eta Gipuzkoako toponimiaren bilketa eta arautze-lana egin zen. Arabako lanaren barruan Trebiņuko lurraldeko toponimia ere landu zen.
- 1996: Euskararen Aholku Batzordearen barruan Toponimiako Batzorde-atal Berezia sortu zen, EAEn toponimiaren alorrean egin beharreko lanak zehazteko eta lan horietan lehentasunak ezartzeko egitekoarekin.
- 2000: toponimiako datu-basea Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren web gunean kontsultagai jarri zen.
- 2000-2002: toponimia arautzeko edo normalizatzeko hizkuntza-arau berriak prestatu ziren. Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordeak onartu zuen arautegi berria.
- 2001: Izen geografikoen glosarioa izeneko liburua argitaratu zen.
- 2002: Toponimia eta kartografia: oinarrizko eskuliburua izeneko liburua argitaratu zen, toponimia-lanerako metodologia-eskuliburua, Nerea Mujika andreak Kultura Sailaren enkarguz idatzia.
- 2003: Bizkaiko toponimiaren berrikusketa egin zen 1:5.000 eskalako kartografiarako: ahozko bilketa berria, dokumentazio-lan sakona eta arautze-berria.
- 2005-2006: Arabako toponimiaren berrikusketa (bai eta Tebiņukoa ere) egin da 1:5.000 eskalako kartografiarako: dokumentazio-lanean sakondu, eta normalizazio geografikoa zein hizkuntza-normalizazioa berregin. Gainera, Gasteizko hiri-toponimia ere landu da. Lan hori orain integratzen ari gara datu-base handian.
- 2006: Toponimoak kartografian txertatzeko irizpideak izeneko dokumentua landu da. Txosten honen helburua zenbait irizpide finkatzea da, toponimia mapetan nola errotulatu erabakitzen laguntzeko.
- 2007: Gipuzkoako toponimiaren berrikusketa-lana egingo da. 1:5000 eskalako kartografiarako toponimia finkatzeko lana izango da (dokumentazio-lan sakon, eta arautze berria; gainera, hiri-toponimia ere jasoko da). Kontratazioa abenduan egingo da eta lana 2007an burutuko da.
- Azkenik, esan behar dugu, 1995etik aurrera, HPS EAEko udalerrien eta udalerrietako auzo eta kontzejuen izen ofizialak aldatzeko lanean aritu dela etengabe.
Aipatu ditugun EAEko toponimiaren bilketa-lanak Deustuko Unibertsitateko Deiker Institutuak egin ditu Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren enkarguz eta arautze-lanak Euskaltzaindiaren gidaritzapean egin dira.
Koordinazioa eta lankidetza sustatu
Baina, atzoko jardunaldiak bazuen beste helburu garrantzitsu bat: toponimia-lanaren inguruan koordinazioa eta lankidetza sustatzea, hain zuzen. Izan ere, HPSk aurrerantzean bere datu-basea zuzentzen eta osatzen joateko asmoa du eta, horretarako, ezinbestekoak ditu beste administrazioen, Euskaltzaindiaren, ikerlarien eta, oro har, toponimiaren erabiltzaileen lankidetza eta ekarpenak. Azken finean, toki guztietan normalizatutako toponimia bera eta bakarra agertzea da helburua.
Ildo horretan, "Hizkuntza Politika aurrera begira" argitalpenean (2005eko abendua) Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren 2005-2009 epealdirako egitasmoa zehazten da eta hauxe dio toponimiari buruz:
29. Toponimia normalizatzeko lanei jarraipena emateaz gain, kartografian, bide-seinaleztapenean eta hizkuntz paisaian euskararen erabilera hedatzeari eta txukun hedatzearii bultzada emango zaio.
- 29.1. Toponimia eta kartografia lantzen edo erabiltzen dituzten erakundeekin, Euskal Herrikoekin (Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolamenduarekin, Foru Aldundiekin, udalekin, Euskaltzaindiarekin) nahiz kanpokoekin (Instituto Geográfico Nacionalarekin) lankidetza sustatzea eta indartzea.
- 29.2. Toponimiaren erabiltzaile nagusiei toponimia datu-basearen informazioa eskura jarri eta kontsultarako prozedura adieraztea.
|