Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Lau langiletik hiruk ez dute euskara jakingo Osakidetzan

Lau langiletik hiruk ez dute euskara jakingo Osakidetzan

2006-11-06 / 07:00 / Itxaso Ferreras - Kontseilua   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Kontseilua eta Behatokia "kezkatuta" azaldu dira Osakidetzaren euskalduntze prozesuarekin, EAEko osasun zerbitzu publikoaren lan deialdi berrian euskarari ematen zaion tratamenduaren ildotik.

Kezkatuta

Kezkatuta

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Osakidetza egunotan argitaratzen ari den lan deialdiari buruzko balorazioa egiteko agerraldia egin du, Hizkuntz Eskubideen Behatokiarekin batera. Behatokiak, "Euskararen telefonoaren" bidez, herritarren kexak jasotzen ditu urtero beren hizkuntza-eskubideak urratzen direlako osasun zerbitzu publikoan. Hori dela eta, bi erakundeak kezkatuta azaldu dira Osakidetzaren euskalduntze prozesuarekin. "Osakidetzan hizkuntza-eskubideak bermatzeko neurri eraginkorragoak hartu behar dira".

Osakidetzaren lan deialdian, berriro ere, Kontseiluak eta Behatokiak sumatu dute hizkuntzaren normalizazioan ez dela aurrera egingo. "Lau langiletik hiruk ez dute oraindik euskara jakingo Osakidetzan", adierazi du Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenek.

Lanpostuen % 20ri

Deialdian lanpostuen % 20ri bakarrik eskatuko zaio euskara jakitea. Gaur egun, 2006ko datuen arabera, % 25ek du egiaztatua dagokion euskara ezagutza. Orain 4.000tik gora diren lanpostu berrietan, % 20 besterik ez da eskatzen. Beraz, langile euskaldunen kopuruak ez du igoerarik izango, ordezkariek egindako azterketaren arabera. "Osakidetzaren euskalduntzean aurrera egiteko lan deialdi honetan lan postuen % 100ean eskatu beharko litzateke euskara", aldarrikatu du Mendigurenek.

Ezintasuna

Kontseiluko idazkari nagusiak gogorarazi ditu Osakidetzak herritarrei zerbitzua euskaraz emateko dituen ezintasunak. "Lau langiletatik hiruk ezin badute euskarazko zerbitzua eman herritarrak ez du aukerarik izango zerbitzua euskaraz jasotzeko". Egunero edozein herritarri gerta dakiokeen egoerak azaldu ditu Mendigurenek: "Adibidez larrialdietako medikuak euskaraz ez badaki, ume euskaldun baten larrialdiari aurre egiteko ezintasun nabaria izango du, komunikatzeko ezintasuna".

Behatokiaren azterketa

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak lan deialdiaren azterketa egin du. Deialdian, berriro ere, hainbat espezialitatetan ez da inolako derrigortasunik ezarri: logopedia, osasun mentaleko erizaina, terapeuta okupazionala... "Hainbat espezialitatetan hizkuntza-eskubideak urratzen jarraituko dute", aurreikusi du Behatokiko zuzendari Paul Bilbaok.

Eraginkortasun eza

Osakidetzaren Euskara Planaren eraginkortasun ezaren ondorioz lan deialdi honetan euskalduntzean aurrera egin ezinik jarraituko dela nabarmendu du Behatokiak. "Euskara Planak iruzurrerako bidea zabaldu du. Zein da lan deialdiaren helburua: hizkuntza-eskubideak bermatzea ala plana betetzeko behe-mailako helburuak jartzea?", galdetu du Paul Bilbaok.

Prozeduran diskriminaturik

Bestetik, lan deialdiaren prozedura aztertu du Behatokiak. Euskara prozeduran diskriminaturik egon dela ondoriozta daiteke, azterketaren arabera. Zenbait adibide eman dituzte, hori agerian jartzeko: "Hilabetez, lanpostu bakoitzari dagozkion gaiak eta bibliografiak gaztelania hutsean egon dira Osakidetzaren webgunean, bai eta hizkuntza normalkuntzarako teknikariena ere. Familia-medikuen testak jarri dituzte herritarren eskura. Baina galdera guztiak gaztelania hutsean jarri dituzte". Behatokiko ordezkariaren arabera koofizialtasunak aitortu beharko lukeen hizkuntza-askatasuna ere urratzen da, "euskaraz egin nahi duzula adierazi ezean, oposizioa gaztelaniaz egin behar delako".

Elebideri eskaera zehatza

Bukatzeko, Administrazioak abian jarritako Elebide zerbitzuak honen aurrean zer egingo duen galdetu du Behatokiak. Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko ezinbestekoa da Osakidetzan gertatzen diren urraketei aurre egitea. "Zer egingo du Elebidek herritarren hizkuntza-eskubideen urraketak ahalbidetuko dituen lan deialdi honen aurrean?", itaundu du Behatokiko zuzendariak. "Herritarren kexen edota eskubideen urraketen zain egon behar al du legeak aitortzen duena betearazteko? Aukera du orain Behatokia baino haratago joango dela egiaztatzeko", gaineratu du Bilbaok.


(ITXASO FERRERAS SANTAMARIA Kontseiluaren komunikazioburua da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com