Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Ameriketako euskara ikastaroak sendotzen eta hedatzen

Ameriketako euskara ikastaroak sendotzen eta hedatzen

2006-11-03 / 07:00 / Eusko Jaurlaritza - HPS   IRAKASKUNTZA

Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Lorea Bilbao Nazioarteko Unibertsitateetako euskara lektoregoen zuzendari arduraduna bisitaldian dabiltza Ameriketan, Uruguay, Txile, Argentina eta Mexikoko unibertsitate nagusietan eskaintzen diren euskara eta euskal kulturaren ikastaroak berritu eta sendotzeko.

Ildo beretik, bisitaldi honek Ameriketako 80 herrietan ematen diren euskarazko klaseak indarberritu nahi ditu, beti ere, Etxepare Euskal Institutuaren garapenaren bidean, zeinaren lege proiektua, Eusko Jaurlaritzak onartu ondoren, Legebiltzarrera bidali den lege izapidea eman diezaioten. Etxepare institutuaren xedea euskara eta euskal kultura mundu osora hedatzea eta orokorrean atzerrira euskal kultura zabaltzea izango da eta bere baitan hartuko ditu orain arte Jaurlaritzak garatu izan dituen lanak.

Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea Uruguay-n izan ondoren, non Kultura Sailaren eta Universidad de la República delakoaren arteko hitzarmena berritu duen euskara eta euskal kulturaren ikastaroak emateko, eta FIVU-ko (Federación de Instituciones Vascas en Uruguay) ordezkariekin bildu eta Montevideoko Euskal Herria zein Haize Hegoa euskal etxeak bisitatu zituen, Baztarrika Txilera joan da hala Santiago eta Valparaisoko Unibertsitate Nazionaletan nola Santiago eta Valparaisoko Unibertsitate Katolikoetan dauden euskara eta euskal kulturaren lektoradoak berritu eta hobetzeko. Bisitaldi honetan izandako bileren ondorioz, Valparaisoko Unibertsitate Katolikoan, eskaintzen den programa erabat sendotua eskainiko da datorren astetik aurrera. Orain arte euskara eta euskal kultura irakasgaia Filosofia eta Letretako ikasleei zuzendua izan bada ere, datorren ikasturtetik aurrera Unibertsitateko fakultate guztietako ikasleei eskainiko zaie irakasgaia, eta denentzat izango du balio akademikoa.

Halaber, CONADI-k (Corporación Nacional de Desarrollo Indígena) antolatutako hizkuntza indigenak berreskuratzeko batzarrean hitzaldia eman du Patxi Baztarrikak. Izan ere, mapuchearen berrereskurapenerako politikak finkatzean Txileko Gobernuak eredutzat hartu du Euskadiko erakunde publikoak urte hauetan zehar euskara biziberritzeko ahaleginetan burutzen ari diren hizkuntza politika. Aipatu batzarrean parte hartzeaz gain, MIDEPLANeko (Ministerio de Planificación y Desarrollo) CONADIren zuzendari nagusia den Jaime Andrade-rekin bilera izan zuen.

Buenos Aires, Córdoba eta La Platako unibertsitateetan

Txileko lurraldeak atzean utzi eta aste honetan Baztarrika Argentinara heldu da. Hala, joan den astelehenean (2006-10-30) Buenos Aireseko Unibertsitateko Ana Mª Zubieta dekanordearekin eta rektoregoko beste arduradunekin bilkura izan zuen, fakultate honetan ematen diren euskara eta euskal kulturaren ikasgaiak hobetzeko asmoz.

Asteartean (2006-10-31), eta bere egonaldiari Buenos Airesen jarraipena emanez, bilerak egin zituen FEVAko (Federación de Entidades Vasco Argentinas) direktibako kide eta "Laurak Bat" Euskal Etxeko kideekin. Arratsaldean, sailburuordeak hitzaldia eman zuen "Laurak Bat"-en "Euskadin hizkuntza politikaren gakoak biziberritzeko" izenburupean.

Atzo, asteazkena (2006-11-01), sailbururodea Rosarioko hirira joan zen Universidad Nacional de Rosarioko (UNR) Nazioarteko Harremanetarako zuzendari Mariano Garaterekin bilera edukitzeko; Ondorengo egunetan, Cordobara eta La Platara joango da. Cordoban, Universidad Nacional de Córdobako (UNC) Nazioarteko Harremanetarako idazkari Zarza Mensaque-rekin mintzaldia izango du, eta La Platan Universidad Nacional de la Plata-ko (UNLP) Nazioarteko Harremanetarako zuzendari Enriqueta de la Rosarekin izango du bilera.

Aurtengo ikasturtean Argentinan 820 ikasle daude (40 irakasle eta euskara eskolak 20 hirietan) Bestela esanda, Argentinan elkartzen da Euskal Herritik kanpo euskara ikasten ari diren bi ikasletik bat. Izan ere, 1.500 euskara ikasle daude Amerikan, eta 700 inguru Europako euskal etxeetan (gehienak Bartzelona eta Madrilen -200na ikasle- eta 150 Parisen). AEBetan dauden 60 Euskal Etxeen artean, aldiz, erdietan ematen dira euskara klaseak.

Une honetan, bestalde, garatze bidean da egitasmo piloto bat irakasle berriak Ameriketako hiri eta herri desberdinetan trebatzeko. Hala, teknologia berriak erabiliz (urrutiko irakaskuntza bidezko barnetegiak, klase presentzialak,…) 40 ikasle argentinar hasiak dira trebakuntza jasotzen, hemendik bi urtera euskarazko irakasleak izan daitezen. Gisa horretan lortuko da irakasleak biderkatzea eta jomuga nagusira heltzea: Euskal Etxe bakoitzak bere irakaslea izatea.

Euskara eta euskal kultura Mexicoko Unibertsitate Nazionalean

Larunbatean, hilak 4, Baztarrika Mexiko D.F.-ra iritsiko da, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Mexikoko Unibertsitate Autonomo Nazionalak (UNAM) euskara eta euskal kulturaren ezaguera sustatzeko indarrean duten hitzarmena sendotu eta 2006-2007 ikasturterako berritu eta sinatzeko.

Mexiko hiriburuko eta herrialde osoko unibertsitate nagusian egiten diren euskara eta euskal kulturaren ikastaro hauek Amerika eta Europako beste hainbat unibertsitatetan eskaintzen diren gisakoak dira. Jakina den moduan, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak bultzaturik, euskara eta euskal kulturaren ikastaroak sortu dira Europa eta Amerikako hainbat unibertsitatetan, euskal kultura institutuaren garapenaren bidean.

Etxepare Euskal Institutua

Euskara eta euskal kultura munduratzeko xedez, Jaurlaritzak onartu eta Legebiltzarrera bidalia du Etxepare Euskal Institutua sortu eta garatuko duen Lege-egitasmoa eta urte politiko honen barruan Legebiltzarrean lege tramitazioa burutua izatea espero da. Horren bidean, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak bultzaturik, euskara eta euskal kulturaren ikastaroak sortu dira Europa eta Amerikako hainbat unibertsitatetan eta ildo berean, honekin batera, Eusko Jaurlaritzak HABE erakundearen bitartez abian du Euskal Herritik kanpo helduentzako ematen diren euskara eskolen garapenerako egitasmoa.

Euskara-eskolak munduan egitasmo honen baitan, eta Boga autoikaskuntzarako metodoa jarraiki, Estatuko hainbat hiriburutan (Madril, Bartzelona, Valentzia, Murtzia eta Valladolid) eta Europako (Paris, Londres, Brusela, Berlin, Frankfurt, Helsinki, Varsovia, Poznan) eta Ameriketako hiri eta herri desberdinetan (Uruguai, Txile, Mexiko eta AEBetako Unibertsitateetan eta Argentina, Uruguai, Txile, Venezuela, Mexiko eta Estatu Batuetako 80 herrietan) helduentzako ematen diren euskara eskolak arautu eta garatu dira, horretarako irakasleen trebakuntzari garrantzi berezia eskaini zaio eta eskola horiek materialez hornitu eta autoikaskuntzarako eta urrutiko irakaskuntzarako zein irakasleen trebakuntzarako sistemak ezarri dira.

  • Argazkian: Patxi Baztarrika Txileko Valparaisoko Unibertsitate Katolikoaren arduradun batekin.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com