Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Elkarte bat sortuko dute Bai Euskarari Ziurtagiriarentzat

Elkarte bat sortuko dute Bai Euskarari Ziurtagiriarentzat

2006-10-31 / 07:00 / Itxaso Ferreras - Kontseilua   ENPRESA

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren zuzendaritzak Bai Euskarari Ziurtagiriaren elkartearen proiektua aurkeztu du.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren elkartea osatzeko lehen pausoak emango direla iragarri dute. Agerraldian zuzendaritza osatzen duten elkarteen ordezkariak izan dira: AEK, Artez, Berria, EHE, Elhuyar Aholkularitza, Elkar, Ilazki, Plazagunea eta Sortzen-Ikasbatuaz.

Hasieratik, Kontseiluko zuzendaritzak lan mundua euskalduntzea euskararen normalizazioan estrategikoa dela gogorarazi du, "eta zeregin horretarako elkarlana ezinbestekoa da". Zuzendaritzaren izenean Kontseiluko lehendakariak hitz egin du, Mikel Arrizabalagak: "Arlo sozioekonomikoa euskalduntzea estrategikoa da, batetik lana pertsona bakoitzaren parte oso garrantzitsua delako, eta bestetik, euskaldundu diren belaunaldi berriek ezin dutelako euskara galdu lan munduan sartzen direnean".

Bai Euskarari Ziurtagiriaren elkartearen ibilbidearen berri eman du Kontseiluak. "Iazko ekainean iragarri genuen Bai Euskarari Ziurtagiriaren entitate bat sortuko genuela, eta denbora honetan elkarte honen ezaugarriak aztertu ditugu", azaldu du Kontseiluko idazkari nagusiak, Xabier Mendigurenek. Izan ere, Bai Euskarari Ziurtagiriak bost urte betetzean Kontseiluak agerraldi bat egin zuen Ziurtagiriaren Jarraipen Batzordearekin eta erabaki horren berri eman zuen.

Elkarte berria sortzeko lan sakona egin da. "Bai Euskarari Ziurtagiriak etorkizunean egingo duen bidea ondo aztertu dugu, nondik-norakoak zehaztu ditugu", argudiatu du idazkari nagusiak. Proiektua aztertzeaz gain, funtzionamendua, harreman plana eta araudi zehatza proposatu da. "Aukera guztien azterketa egin dugu proiektua ahalik eta egokien bideratzeko", adierazi du. Hau guztia, estatutu, funtzionamendu eta harreman plan batera ekarri da.

Berriro ere, Kontseiluak elkarlanerako deia egin du. "Bai Euskarari Ziurtagiria partekatu nahi dugu, Euskal Herri osoan egin den esperientzia hau partekatyu nahi dugu, alegia, lan mundua euskalduntzea estrategikoa delako".

Izan ere, sei urteko esperientzia duen proiektua da Bai Euskarari Ziurtagiria. "Euskal Herri osoko 1343 entitatek eskuratu dute, hauetako bakoitzak ahalegin handia egin behar izaten du dagokion maila lortzeko", azpimarratu du Bai Euskarari Ziurtagiriaren arduradunak, Rober Gutiérrezek.

Bestetik, Bai Euskarari Ziurtagiriaren elkartearen helburu nagusiak azaldu dituzte. Lehendabiziko xedea Ziurtagiria kudeatzea eta hedatzea da. Horrekin batera, edukiak garatu eta gizarteratuko dira. Era berean, Ziurtagiria duten entitateen segimendua, eragintza eta ebaluazioa burutzea du helburu Kontseiluak, eta hauen ahalegina komunikatzea eta saritzea. "Oro har, euskararen normalizazioan eragitea", laburbildu dute.

Halaber, sortuko den elkartearen beste zenbait ezaugarri azaldu dituzte Kontseiluko ordezkariek. "Beste entitate batzuekin partekatu nahi dugu proiektua", esan dute. Elkarteak hiru bazkide mota izango ditu: bazkide babesleak, bazkide erabiltzaileak eta bazkide laguntzaileak. Bazkide babesleak Kontseilua osatzen duten kideak izango dira. Bestetik, bazkide erabiltzaileak Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu eta erabiltzen duten entitateak izango dira, "proiektuaren garapenean ere parte hartu ahal izango dute". Bukatzeko, bazkide laguntzaileen multzoan, sindikatuak, enpresa elkarteak, kooperatiba elkarteak, enpresak kooperatibak, aurrezki kutxak, garapen agentziak, merkataritza ganbarak, administrazioak edota Ziurtagiriaren sustapenean elkarlanean aritu nahi duten edozein entitate egon daiteke.


(ITXASO FERRERAS SANTAMARIA Kontseiluaren komunikazioburua da)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com