![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Eusko Jaurlaritza - HPS / Herri-administrazioa / 2006-10-18 / 07:00
Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko ELEBIDE zerbitzu publikoa jarri du abian Eusko Jaurlaritzak.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak zerbitzu berria eskaini nahi die herritarrei: ELEBIDE, Hizkuntz Eskubideak bermatzeko zerbitzua, euren hizkuntz eskubideen gaineko aholkularitza eta babesa emango dien zerbitzua.
Herritarren kontsultak, kexak eta iradokizunak jasotzea izango du helburu, herritarrei babesa ematea eta hizkuntz eskubideak errespetatzeko arazoak dituzten entitateei laguntza espezializatua eskaintzea, euskal gizartean hizkuntz eskubideak errespetatuak izan daitezen.
Euskal Autonomia Erkidegoan bi hizkuntza ofizial daude, euskara eta gaztelania, eta herritar guztiei aitortzen zaie hizkuntza bat zein bestea erabiltzeko eskubidea. Izan ere, guzti-guztiok ditugu hizkuntz eskubideak.
Honela, Autonomia Estatutuaren 6. artikuluan ofizialtasuna aitortzen zaie bi hizkuntzei, bi hizkuntzen ezagutza eta erabilera bermatzeko ardura esleitzen zaie herri agintariei, eta agintzen da hizkuntza dela eta inork ez duela bazterketarik jasango.
Euskararen normalizaziorako, eta euskararen eta gaztelaniaren arteko elkarbizitza baketsu eta aberasgarrirako, lan handia egin du euskal gizarteak azken hogei eta bost urteotan, eta nabarmenak dira egindako aurrerapausoak. Oraindik, hala ere, urrun dago benetako elebitasuna.
Gizartearen zati handi eta garrantzitsu batek duen beharra asetzera dator zerbitzu berria, euskaldunen hizkuntz eskubideak bermatzea alegia. Begi bistakoa da euskara ez dagoela oraindik gaztelaniaren maila berean, erabilerari dagokionez eta gizartean duen lekua aintzat hartuta, eta euskaldunek sarritan sentitzen dute urratzen direla euren hizkuntza eskubideak.
Gizakiok giza-eskubideak ditugun bezalaxe, denok konturatu behar gara hizkuntz eskubideak ere baditugula. Hizkuntz eskubideak ez dira aski ezagunak gizartean, baina horiek gizarteratzeaz gain, erakundeek babestu eta gizarteak begirunez zaindu behar dituzte.
Herritar bakoitzak, beraz, askatasuna izan beharko luke nahi duen hizkuntza erabiltzeko, eskubide hori aitortuta baitago zenbait lege eta arautan (Euskararen Legea, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutua, …). Baina sarritan legea ez da betetzen eta urratzen dira honek aitortutako hizkuntz eskubideak. Horregatik, legea bete dadin bermatzera dator ELEBIDE, Hizkuntz Eskubideak bermatzeko zerbitzua.
Euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukerak eskaintzeko, eta herritarren hizkuntz eskubideak babesteko, sortu eta abian jarri nahi du Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak zerbitzu berria.
Horregatik du euskarazko izena zerbitzuak, batez ere euskaldunei zuzenduta dagoelako. Euskaldunek erabiliko dute zerbitzua gehienbat, euskara gaztelania baino egoera kaxkarragoan baitago, eta ondorioz euskaldunen hizkuntza eskubideak baitira urratu ohi direnak.
Baina herritar guztien hizkuntz eskubideak bermatzera dator ELEBIDE, eta zabalik dago herritar ororen mota guztietako kexak eta iradokizunak jasotzeko. Zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte osoari dago zuzenduta orokorrean.
ELEBIDE izenak elea aipatzen du alde batetik, hitza, hizkuntza alegia. Beste aldetik, elebi-tasunaren balorea ere badu, elebitasunari egiten dio erreferentzia. Hirugarrenik, bide hitza du bere baitan, herritarren kexak, kontsultak eta iradokizunak bideratuko baititu zerbitzu berriak. ELEBIDE izenak elebitasunerako bidea iradokitzen du, hizkuntz normalizaziorako bidea.
ELEBIDE zerbitzu aktiboa izango da. Ez da kexak eta iradokizunak jasotzera mugatuko, baizik eta kasu bakoitzaren jarraipen zehatza egingo du, jasotzen duen kexa edo iradokizun bakoitzak bere eragina, isla, konponbidea izan dezan.
ELEBIDEk eraginkortasuna bilatzen du, eta horretarako:
Hizkuntz eskubideetan adituak direnek eskainiko dute zerbitzua.
Herritarren kexa eta iradokizunak jaso ez ezik, salatua izan den entitatearekin jarriko dira harremanetan, kasuari konponbidea emateko laguntza eta baliabideak eskainiz.
Adierazi behar da herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea Eusko Jaurlaritza osoaren zeregina dela. Horregatik, ELEBIDE Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren ekimena bada ere, zerbitzu berria gainerako sailekin lankidetzan arituko da, haiei zuzendutako kexak bideratuz, eta hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak bultzatuz.
Era berean, gainerako herri administrazioekiko elkarlana ere bilatuko du ELEBIDEk, euren jarduerari buruzko kexak jasotzen direnean erantzun egokia eman ahal izateko.
ELEBIDEren egiteko nagusiak honakoak izango dira:
ELEBIDEk bide ezberdinak jartzen ditu herritarren eskura euren kexak, kontsultak edota iradokizunak igor ditzaten: Internet, posta elektronikoa, telefonoa, posta helbidea.
ELEBIDEk bideratu dituen kasuen balantzea aurkeztuko du urtero. Hau da, hizkuntz eskubideen urraketen gaineko informazio iturri izango da ELEBIDE, eta elebitasunerako bidean nola goazen adieraziko digute haren datuek.
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
![]() | Inprimatu |