Egin klik hemen INPRIMATZEKO


15 urte enpresetan, 15 urte euskara-planetan

Miel Guridi - Elhuyar Aholkularitza / Enpresa / 2006-10-20 / 07:00


Elhuyar Aholkularitzak 15 urte bete ditu enpresetan euskara planak garatzen. Urteurrena ospatzeko jardunaldia antolatu genuen 2006-9-27an Donostiako Miramongo Parke Teknologikoan eta orduko leloa hartu dugu artikulu honen izenbururako. Jardunaldiak lau atal nagusi izan zituen eta horietako bakoitza ikusiko dugu.



Euskara kalitate faktore bezala

Euskara kalitate faktore bezala

Elhuyar Aholkularitzak antolatutako jardunaldiaren lehen atalean, orain arte egindakoaren adierazgarri izan nahi zuten 10 euskara-plan ezagutzeko aukera izan genuen, horietako bost panelen bidez (Elkargi, Iparragirre eraikuntzak,Euskaltel, Orkli eta Bellota) eta beste bost aretoan egin ziren aurkezpenen bidez (Elay, Kutxa, JMA, Batz eta Visesa).

Aurkezpenak entzun, irakurri edota aztertu ondoren, ikusi genuen euskara bere gestioan txertatu duten enpresek ezaugarri komuna badutela: gestio-eredu aurreratua duten eta erronka berrien aurrean ausartak diren enpresak dira. Pixkanaka, lortu dugu puntako enpresa horietako arduradunek ikustea eta ulertzea euskara Kalitateari lotzen zaion faktorea dela. Enpresan euskarak urrats handi bat egin du: inguru soziolinguistikoari edo gizarte-eskakizunari bakarrik lotuta egotetik, nagusiki kalitateari lotzen zaion elementu izatera pasa da.

Euskararen presentzia enpresan oso lotuta dago langileen asebetetzearekin, produkzioaren artikulazioarekin eta kokatuta dagoen lurraldearekiko atxikimenduarekin. Euskarak eragin zuzena du elementu horiek lortzeko garaian eta horrek guztiak inpaktua dauka enpresak gizarteari begira daukan irudian.

Kezka eta iritziak mahai gainean

Bigarren atalean mahai-ingurua izan genuen. Bertan, hainbat erakundetako ordezkariek gaiaren inguruko kezkak eta iritziak eman zituzten. Itziar Nogerasek gidatu zuen mahai-ingurua eta honako hauek hartu zuten parte: Patxi Baztarrika, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzakoa; Xabier Mendiguren, Kontseilukoa; Jesus Alberdi, Elkargikoa; Itziar Lopategi, LABekoa; eta Agurtzane Loidi, Elhuyar Aholkularitzakoa.

Hizlari guztiek ideia batean egin zuten bat: borondatea ez da nahikoa lan-mundua euskalduntzeko. Baina, oro har, ikuspegi desberdinak azaldu zituzten. Honela, adibidez, Patxi Baztarrikaren ustez legediaren gaitasunak aprobetxatuz gero helburua lor daiteke eta Lanhitz plana jarri zuen horren adibide. Itziar Lopategik eta Xabier Mendigurenek, ordea, legedia aldatu beharko litzatekeela nabarmendu zuten. Xabier Mendigurenen ustez politika global, orokor eta koherentea egin beharko litzateke eta legeak euskararen gutxieneko presentzia ziurtatu beharko luke. Itziar Lopategiren ustetan, berriz, euskara ez da behar bezala aurkezten: aukera gisa aurkezten da, aukera on gisa, baina ez behar gisa.

Etorkizunerako erronkak

Hirugarren atalean jardunaldian parte hartu zutenei eman zitzaien hitza. Hainbat lantaldetan banatu ondoren, etorkizunerako erronkak zehazten ahalegindu ziren. Egindako lana laburra baina mamitsua izan zen eta emaitza Elhuyar Aholkularitzaren web gunean izango dugu jardunaldiari eskainitako leihoan (www.elhuyaraholkularitza.net).

Jardunaldiari amaiera emateko, laugarren eta azken atalean Andoni Egaņak hiru bertso bota zituen, 15 urte hauetan hainbat pertsona eta erakundek egin duten lana aitortu eta eskertzeko.

Hainbat hausnarketa

Bukatzeko, ekitaldiaren inguruan Elhuyar Aholkularitzaren hainbat hausnarketa bildu nahiko genituzke:


(MIEL GURIDI URTZELAI Elhuyar Aholkularitzako kide da)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1161079507