|
Administrazioan euskarak izan behar duen presentziari bultzada emateko eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak abian duen Eusko Jaurlaritzako sail eta erakunde autonomo guztietan euskararen erabilera planak sustatzeko egitasmoaren baitan, berau aplikatu behar dutenei zuzendutako lan bilera antolatu dute 2006-10-11n Eusko Jaurlaritzaren Gasteiz, Bilbo eta Donostiako egoitzetan. Saioan Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak parte hartu du, eta horrekin batera, Miren Azkarate, Kulturako sailburua; Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea; eta Zelai Nikolas, Tiraka (langile euskaltzaleen elkartea) taldeko kidea.
Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak deia egin die euskararen aldeko proiektu honetan parte hartzen dabiltzan langile eta arduradunei, egitasmoan benetan inplikatzeko. Lehendakariak adierazi du proiektuan jarri dituela bere ametsak eta itxaropenak, eta ziur dagoela itxaropen horiek, Administrazioko langileen ekimenari esker, bete egingo direla.
Ibarretxeren hitzetan, urrats sendoak egin ditugu hogeita bost urte hauetan, euskararen normalkuntza ziurtatzeko, eta zer esanik ez, Administrazio Publikoan; hala ere, oker handi batean egongo ginateke, lana amaitu dugula pentsatuko bagenu. Lehendakariaren ustez, hizkuntzak erabiltzeko dira, eta erabiltzen ez baditugu, kamustu egiten dira.
Lehendakariak azpimarratu duenez, inoiz baino gehiago egiten da euskaraz, baita lehen egiten ez zen tokietan ere; baina jauzi handia dago ezagutzaren eta erabileraren artean; “guri dagokigu, beraz, bi bazter horiek lotuko dituen zubia eraikitzea”.
Miren Azkaratek, Kultura sailburuak adierazi du aurreko plangintzaldian, administrazioko langileak euskalduntzeari eman zitzaiola lehentasuna; euskaraz buru-belarri trebatzearen ondorioz, langile gehienek hizkuntza eskakizuna egiaztatu dute urte hauetan; badugu, beraz, euskaraz lan egiteko gaitasuna, baina hainbat tokitan, urte luzeetako inertziaren indarrez, gaztelaniaz jarraitzen dugu lanean. Garbi dago, hortaz, Administrazioa benetan elebiduna izango bada, ezinbestekoa dugula euskararen erabileran aurrerapauso sendoak ematea.
Miren Azkaratek azpimarratu du euskararen normalkuntzarako dugun konpromisoa berresteko ordua dela; “hizkuntzaren ezagupen teorikotik benetako erabilerarako jauzi kualitatiboa egite aldera, euskaraz lan egiteko gai diren guztien inplikazioa bilatu behar dugu; beren hizkuntzarekiko lotura eta auto-estimua indartu beharra dago; euskararen presentzia eta erabilera bultzatu behar dugu gure sailetako eguneroko jardunean, gure programa nagusietan, eta bereziki, gizartean islarik handiena duten horietan”.
Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Eusko Jaurlaritzako sailetan eta erakunde autonomoetan euskararen erabilera normalizatzeko proiektua deskribatu du, “abian jarri den egitasmo hau proiektu egingarria da, modernoa, bateratua, neurtzeko modukoa, malgua, egituratua eta eraikitzailea”.
Bere hitzaldian adierazi duenez, orain emandako urratsak balio handikoak izango dira 2008-2012ko laugarren plangintzaldiari begira, izan ere proiektuak ezarriko dituen oinarrien gainean eraikiko dira datozen urteetako plan berriak.
Saioa amaitzeko, Zelai Nikolas-ek, Tiraka taldekoak adierazi duenez, euskara, oraindik ere, bigarren mailako tresna da gure erakundeetan; horregatik iruditzen zaie behar-beharrezkoa euskararen erabilera normalizatzeko proiektu hau aurrera ateratzea. Tirakak Lehendakariari, Kultura Sailari eta Jaurlaritzako arduradun eta langileei euskararen erabilera bultzatzeko konpromiso sendoa eskatu die.
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|