|
Unibertsitate elebiduna "txarra da" Miguel Sanz Nafarroako presidentearentzat, izan ere, "unibertsitatean hezkuntzaren kalitateak eta ikerketak izan behar dute lehentasuna eta ez hipotenusa edo kateto euskaraz nola esaten den ikasteak", eta zera gaineratu du: "Unibertsitate elebiduna garestiegia litzateke, ekonomikoki ezinezkoa".
Miguel Sanz Nafarroako Gobernuaren presidenteak parlamentuan egin duen agerraldian orain arteko hizkuntza politikarekin jarraituko duela berretsi du eta hauxe gaineratu du: "Euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatuko ditugu, ez baitira inoiz urratu, beti errespetu eta tolerantzia osoz aritu baikara".
Sanz Nafarroako Parlamentuan agertu da, 2000. urteko dekretua bertan behera utzi duen Espainiako Auzitegi Gorenaren azken sententziak izango dituen ondorioak azaltzeko. Dekretu horrek euskararen erabilera Administrazioan arautzen zuen. Sanzen esanetan ez da ezer aldatuko, lehengo lepotik jarraituko dute, izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak indargabetu duen Dekretu horren ordezkoa baitago gaur egun indarrean, mamiari dagokionez berdin-berdina, baina aurreko horren "azaleko" akatsak “konponduta” dituena.
Administrazioan euskara sustatzeko plan berria abian jarriko duela ere iragarri du Sanzek, baina plana errotulaziora mugatuko dela ere argitu du: "Eremu mistoan errotulu elebidunak ezartzeko askatasuna oinarri hartuta". Kartel berriak “zaharrak ordezkatzeko beharra” sortzen denean jarriko dituztela ere esan du. Eta argi eta garbi adierazi du kartelen bat nahita hondatuz gero, berriz ere erdara hutsean jarriko dutela.
Sanzen hitzetan, "askatasuna eta bazterketarik eza" oinarri hartuta egingo dute lan euskararen alorrean, "nafar guztien arteko elkarbizitza sustatzeko".
Administrazioan lanpostua lortzeko euskara jakitea ez dela "abantaila" izan behar argudiatu du Nafarroako presidenteak.
Kritika zaparrada
Patxi Telletxea Aralarreko parlamentaria etsita azaldu da Sanz presidenteak esandakoarekin eta aitortu du eremu mistoaren errotulazioa "zuzentzea baino gehiago" espero zuela.
Eusko Alkartasunako Maiorga Ramirezek Sanzek iragarri duen plan berria adar jotzea ez ezik, erabateko iruzurra ere badela esan du.
Hizkuntza Eskubideen Behatokiak, halaber, agiria karrikaratu du. Agirian salatu duenez, Nafarroako Gobernuak "sistematikoki urratzen ditu euskal hiztunen eskubideak".
Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu)
|