|
Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak "ez egokitzat, errealitatetik kanpo eta porroterako bidetzat" jo du ezker abertzaleak legebiltzar taldeak Euskararen Legea aldatzeko egin duen proposamena.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak, Patxi Baztarrikak, Euskararen Legea orain eta etorkizunean euskararen garapenerako marko egokitzat jo du, "Euskararen Legeak behar besteko markoa eskaintzen du hizkuntza politika aktiboa egiteko, eta bere printzipioak egokiak izaten jarraitzen dute: herritarrei hizkuntza-eskubideak aitortzea eta herri-aginteei obligazioak ezartzea, sustapen politikak bultzatzea, progresibotasuna eta lortu zuen kontsentsu maila". Baztarrikak euskarak izan duen bilakaeran Euskadin Estatus juridikoa eta burutu den hizkuntza-politika, biak, erabakigarritzat jo ditu gaur Iruńean euskararen lurretan gure hizkuntzaren estatusaren gainean burutu den Eusko Jaurlaritza, Ipar Euskal Herriko Euskara Erakundea Publikoa eta Nafarroako Euskara Kultur Elkargoa partaide izan dituen mintegian.
Legea bete eta garatu
Hizkuntza Politikarako Sailburuordearen hitzetan "arazoa ez da Euskararen Legea. Arazoa izatekotan ere Euskararen Legea betetzeko gai ez izatea da. Ez dago euskal gizartetik kanpoko indarrik hizkuntza kontuan aurreratuagoa litzatekeen "arkitektura juridikorik" eragozten digunik. Euskararen Legea bete egin behar da, eta garatu, garatzen jarraitu".
Mugak gizartearen baitan
Baztarrikaren iritziz, “onartu beharko genuke urrutirago eta bizkorrago joateko mugak ez dauzkagula legerian, gizartearen beraren baitan baizik. Eta hori onartu beharko genuke inolako “traumarik” gabe, alferrikako alarmismorik eta mezu apokaliptikorik gabe. Euskararen etorkizuna ez dago bermatuta, baina ez dago etorkizunari ezkor begiratzeko arrazoirik, gizartea bera joan daitekeen neurrian eta abiadan etenik gabe aurrerantz goazelako” eta alde horretatik Hizkuntza Politikarako Sailburuordea baikor da, “euskal gizarteak eta euskal erakunde publikoek hogeita bost urteotan nabarmen erakutsi dute euskara berreskuratu nahi dutela, berreskuratzeko gai direla eta berreskuratzen ari direla. Eusko Jaurlaritzak konfiantza osoa du euskal gizartearengan, ez daukagu zalantzarik euskal gizarteak ez diola bizkar emango euskarari”.
Gizartearen borondatearekin bat
Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordearen aburuz, gizarte baten hizkuntza aldaketek nahitaezkoa dute babes juridikoa eta Euskararen Legeak babes hori eskaintzen du Euskadin, “baina horrekin batera eta horren gainetik nahitaezkoa da gizartearen benetako atxikimendua,” dio Baztarrikak eta bere ustez, “Euskararen Legea ez dago gaurko euskal gizartearen hizkuntza-kontzientziaren eta borondatearen atzetik, ezta hurrik eman ere. Gizartearen borondatearen gainetik ustezko marko juridiko-politiko idiliko bat jartzen dutenek horrela hizkuntza arazoa konponduko delakoan, erakusten dutena baino konfiantza handiagoa beharko lukete gizartearengan”.
Gizartearen erritmoari doitu
Euskararen normalkuntzarako prozesua eraldaketa sozial sakonekoa den neurrian hainbat hamarkadatako eta hainbat belaunaldien egitekoa da Baztarrikaren hitzetan eta alde horretatik, herritarren hizkuntza kontzientzia areagotzea da gakoa. Hizkuntza-politika gizartearen borondateari eta erritmoei doitu behar zaio, “horregatik etengabe berritu eta indartu behar da kontsentsu sozial eta politikoa: hori delako benetako giltzarria”, azpimarratu du Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak.
Errealitatetik kanpora
Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak ez egokitzat jo du Ezker Abertzaleak Eusko Legebiltzarrean aurkezturik daukan Euskararen Lege Proposamena, "euskal gizartearen errealitatetik kanpora dago guztiz, gizartearen dinamika eta erritmoekin zerikusirik ez duen proposamena da, ez du euskararen bilakaera errealarekin zerikusirik eta euskal gizarteak eta erakunde publikoek burutu duten lana deslegitimatzea da bere helburua". Baztarrikaren hitzetan, "lege proposamen horrek ez du balio, alderantziz baizik, euskara berreskuratzeko kontsentsu sozial eta politikoa indarberritu eta areagotzeko. Eta hori bai dela benetako giltza. Herritarren konpromiso aktiboa eta kontsentsu sozial eta politiko sendoa nahitaezkoak baitira hizkuntza politika arrakastatsua eta eraginkorra garatzeko. Borondate ona bakarrik ez da nahikoa, gainera pazientzia, zuhurtasuna, pragmatismoa eta politika eraginkorrak eta integratzaileak behar dira. Hori guztia falta zaio Ezker Abertzalearen Lege Proposamenari".
Egungo Euskararen Legeak marko egokia eskaintzen dio euskararen normalkuntza bilakaerari, nahiz Ezker Abertzaleak kontrakoa esan, hori ukatzeaz gain, "ez da egia", honako galdera luzatu du Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak: "Euskadiko Autonomia Erkidegoan euskarak ez daukala babes juridikorik? galde biezaie, bestela, Nafarroa eta Iparraldeko euskaltzaleei".
Porrotaren ataria
Euskadiko errealitatetik kanpo dauden errezetak aplikatzea ez egokia eta porrotaren ataria da, horren adibide euskara ezagutzera behartu nahi izatea jo du Baztarrikak, "Ezker Abertzalearen Lege Proposamenak herritarrak euskara ezagutzera behartu nahi ditu, euskaraz dakiten herritarrak orotara oraindik %33 direnean. Kataluniarekiko mimetismoz jokatu nahiko lukete. Kataluniako hizkuntza egoera eta gurea, ordea, oso bestelakoak dira. Gaixotasun guztiei aurre egiteko botika bera erabiltzearen antzeko trakeskeria da Euskadirako Kataluniako errezeta bera aplikatu nahi izatea, Ezker Abertzaleak proposatzen duen bezala. Errealitatetik urrun, porroterako bide segurua da hori.
Gizartearengan konfidantza
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak euskal gizartearengan duen konfindantza azpimarratu nahi izan du, nahiz beste batzuk uzkur izan eta alde horretatik errealitateari atxikitako politikak aldarrikatu ditu, "kilometro asko geratzen zaigu oraindik egiteko, baina kilometro horiek gero eta jende gehiagok egitea da balio duena. Benetan eraginkorrak izan nahi badugu, errealitatetik abiatu behar gara utopiarantz, eta ez utopiatik errealitaterantz. Bada garaia errealitatea onartu, eta pragmatikoki politika benetan eraginkorrak sustatzekoa, gizartearengan konfiantza jarriz".
Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu)
|