![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Eusko Jaurlaritza - Kultura Saila / Herri-administrazioa / 2006-10-04 / 07:00
Kultura sailburuak aurkeztuta, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak Toki Telebista Digitalaren garapenerako Dekretua onartu du. Dekretuak toki telebista digitala garatzeko marko legala ezartzen du eta zerbitzuaren baldintzak zehazten ditu, baita euskarari eman beharreko tokia ere.
Lurreko uhinen bidezko tokiko telebista-zerbitzuaren prestazioak zerbitzu publikoaren izaera du eta gauzatzeko administrazioaren baimena behar du eta hau konkurtso bidez lortuko da.
2006-10-03an onartu den Dekretuak toki telebista digitala garatzeko marko legala ezartzen du, Dekretuaren garapen gisa Gobernu Batzordeak lehiaketarako Baldintzen Plegua onartuko du eta, ondoren, udazkenaren barruan, Kultura Sailak zabalduko du lehiaketa. Uhinen bidezko toki telebista digitalaren zerbitzua zerbitzu publikoaren izaera izanik, dagokion administrazio baimena behar du.
Onartu den Dekretua, sarrera, 4 atal eta 28 artikulutan egituratuta dago, eta horiei bost xedapen gehigarri, iragankor bi eta bi azken xedapen gaineratu zaizkie. Dekretuak, lurreko uhinen bidezko telebista horien zerbitzua emateko gaitze tituluak emateko araubidea ezartzeaz gain, zerbitzu publiko honen baldintzak zehazten ditu, horien artean, toki telebistek bete beharko dituzten toki informazio eta edukiei buruzko aurreikuspenak eta esparru honetan euskararen eskaintza bermatzera zuzendutako hizkuntza-erregimena ezartzen da.
Toki telebistaren hurbiltasuna eta Euskadiren elebitasuna eta egoera linguistikoa kontutan izanda, toki telebista guztiak euskarari lekua eman beharko diote eta horretarako emisioetan lehentasunezko hizkuntza euskara izan dadin, hizkuntza horren erabilera sustatuko du toki-telebistako operadoreen eduki-eskaintzak. Horretarako, bereziki euskara hutsezko emisioak bultzatuko duten progresibotasun-irizpideei jarraiki, euskararen erabilera horri lehentasuna emango zaio esleipen-prozeduran, zerbitzu-emaileentzat aurreikusten diren bideragarritasun ekonomikoaren eta teknikoaren baitan.
Udalek zuzenean kudeatutako telebista-kanaletako programazio-denboraren erdia hartuko beharko du euskarazko programazioak, gutxienez. Gutxieneko batez besteko hau, bidezkoa den portzentajearen arabera areagotuko da elebidunen kopuru handiagoa barne hartzen duten barrutietan.
Enpresa zein erakunde pribatuek kudeatutako toki telebistek zerbitzu-eremuari dagokion elebidunen indizearen baliokidea izango den euskarazko programazioa eskaini beharko dute gutxienez ere. Esleipendunak lizitazioan eskainitakoaren araberako portzentajean areagotu ahal izango da indize hau, euskara hutsean emititzera heldu ahal izango delarik. Euskaldunen kopurua %20a baino gutxiago duten eskualdeetan euskarazko gutxienezko emisioa %20a izango da.
Elebidunen kopurua erdia baino gutxiago diren eskualdeetan eta horren ondorioz euskarazko programazioa gaztelaniazkoa baino txikiagoa denean, lehentasuna emango zaie euskara hutsezko emisioei edo arian-arian %50a baino gehiago ematera zuzentzen diren eskaintzei. Horrelako eskaintzarik ez balego, kate hori eman gabe uztea eta Eusko Jaurlaritzak ondoren egingo duen lehiaketetan ateratzea aukeran izango da.
Kasu guztietan, udalek edo entitate pribatuek kudeatutako telebistetan, goizeko zazpietatik gauerdira arteko ordu-tartean eskainiko dira bereziki euskarazko emisioak. Gainera, ikus-entzule gehiago dagoen orduetan (12,00-16,00 eta 19,00-24,00), mugape horretako indize soziolinguistikoari dagokion ordu-portzentajea hartu beharko du gutxienez ere euskarazko programazioak. Udalek kudeatutako kanaletan gutxienezkoa %50a izango da.
Hizkuntz bete behar hauek arian-arian ezarri daitezke, eta horrela, euskaldunen indizea %25etik beherakoa duten eremu soziolinguistikoetan udalek zuzenean kudeatutako kanaletan hasieratik euskarazko programazioa, gutxienez, %25eko izan beharko du eta 7 urteren buruan ezarritako erdi-banako programaziora iritsi beharko dute. Elebidunak %25 baino gehiago diren eskualdeetan, hasieratik izan beharko du, gutxienez, programazioaren erdia euskaraz eta zazpi urteren buruan eskualdeari dagokion mailako baldin eta erdia baino gehiago euskaldunak badira.
Elebidunen kopurua %25a baino txikiagoa duten eskualdetan kokatutako entitate pribatuek kudeatutako kanalek programazio osoaren %20a eskaini beharko dute euskaraz lehen egunetik aurrera eta bost urteren buruan dagokion indizeari erantzun beharko diete. Euskaldunen indizea %25etik gorakoa duten eremu soziolinguistikoetan kokatutako eta entitate pribatuek kudeatutako telebista-kanalek lehen egunetik euskarazko programazioa gutxienez tokiko indizearen %70a egin beharko dute eta 7 urteren buruan dagokion indizeari erantzun.
Udalen zuzeneko kudeaketara gordetzen ez diren tokiko telebista-programak, kontzesio horretarako ezarritako ahalmen- eta kaudimen-baldintzak betetzen dituzten pertsona pribatu fisiko edo juridikoei esleitutako kontzesio bidez kudeatuko dira. Elkarteak izatekotan, honelako telebista-zerbitzuen zeharkako kudeaketa barne hartu beharko du baltzuaren helburuak. Elkarte hauetako akzioak izendunak izango dira eta Europar Batasuneko herrialde kideren batekoak ez diren pertsonen kapital-partaidetzak ezin izango du, zuzenean edo zeharka, baltzuaren kapital osoaren 100eko 25a gainditu. Tokiko telebista-zerbitzuaren esleipendun partikular guztiek, telebista-zerbitzu publikoen kontzesioa duten titularren partaidetza-mugak bete beharko dituzte, eta dena den, pertsona fisiko edo juridiko bat ezin izango da mugape bereko kontzesio baten baino gehiagoren jabe izan.
Euskadik Estatuko Plangintza Teknikoaren baitan 15 barruti ditu, barruti hauek eskualdeen parekoak dira ia, nahiz batzuetan horretarako eskualdeen elkartzea behar izan. Izendatze aldera, toki telebistarako barruti horiei barrutiko hiri handienaren izena eman zaie. Barruti bakoitzerako multiple bana prestatu da eta horietako bakoitzean (egungo teknologiak ahalbideratzen dituen) lau telebista kate sartuko dira.
Lurraldez lurralde, Araban 2 barruti planifikatu dira: Gasteizkoa, hiriburuaz gain Arabaren eskualde gehienak hartzen ditu bere baitan eta Laudiokoa, honek Aiara eskualdea hartzen du. Bizkaian, sei barruti planifikatu dira: Bilbokoa hiriburuari eta Ibaizabalbarrenari dagokio; Getxo izeneko barrutiak ibar eskuina eta Uribe Kosta hartzen ditu; Barakaldok ibar ezkerra eta hedaduraz, Enkarterriak biltzen ditu; Mungiak Mungialdea eta Txorierria hartzen du; Bermeo, honen barruan Urdaibai eta Lea-Artibai eskualdeak sartu dira; Durango, barruti honek Durangoaldea eta hedaduraz Arratia biltzen ditu. Gipuzkoan 7 barruti planifikatu dira: Donostiakoak hiriburuaz gain bere eskualdea hartzen du; Irun izenekoak Txingudi eta Oiatzualdea biltzen ditu; Tolosak Tolosaldea hartzen du; Zarautz izenekoak Urola-Kosta eskualdeari dagokio; Beasain izenekoak Goierri osoa hartzen du Urolagoiena barne; Arrasatek Debagoiena eta Eibar izenekoak Debabarrena eskualdea.
Legeak ezartzen duen moduan, lurreko uhinen bidezko tokiko telebista-zerbitzua eskaintzeko garaian, Udalek lehentasuna dute, hori horrela, multiple bakoitzean kanal bana gordeko da zuzeneko kudeaketarako eskaera egin duten udalentzat. Zuzeneko kudeaketarako eskaera Udalbatzak egin behar zuen eta berretsi behar izan du. Dagokion barrutian eskaera egin duen udal bat baino gehiago balego, kanal horren kudeaketa elkarrekin adostu dezakete. Baldintza hauetan kudeaketa zuzeneko bidea hartu nahi duten udalek titulu juridikoa lortuko dute, konkurtsotik landa. Barruti batean inongo udalik eskaerarik egingo ez balu, kanal hori besteekin batera konkurtsoan jarriko da erakunde edo enpresa pribatuek kudeatu dezaten.
15 udalbatzak egin zuten toki telebistaren kudeaketa zuzenerako lehen eskaera eta hau berretsi beharko da konkurtsoa egin baino lehen. Lurraldeka, lehen eskaera egin dutenen artean, Vitoria-Gasteizko udalak egin du eskaera Araban. Bizkaian, ibar eskuineko barrutian Getxok eskatu du. Ibar ezkerreko barrutian eskaera Barakaldok; Portugaletek eta Santurtzik egin dute. Gipuzkoan, Donostiako barrutian, hiriburuak eta Andoainek eta Usurbilek eskatu dute; Txingudi-Oiartzualdeko barrutian Oiartzunek eskatu du; Urola-Kostakoan eskaera Zarautz, Orio, Azkoitia, Azpeitia eta Zumaiako udalbatzek egin dute eta Debagoienan Eskoriatzak eskatu du.
Kudeaketaren aldetik, udalek zuzenean egindako eta bestelako partikularrek egindako kudeaketez gain, Dekretuak hirugarren aukera aurreikusten du inongo udalik zuzenean kudeatzeko eskaera jaso ez duten eskualdeetarako, non kanal bat udalen babesa beharko duen irabazirik gabeko entitateek kudeatzeko izan daiteke.
Uhinen bidezko tokiko telebista digitalaren zerbitzua arautzeko Dekretuak honako helburuak ditu: herritarrek iritzi publiko autonomoa eta heldua bideratuko duen askotariko komunikabide-eskaintza izateko eskubideak errespetatzeari ekinez, eskaintzaren kalitatearen alde egitea; gizarte-zerbitzu bat eta zerbitzu hori jasoko duten herritarrekiko lurralde-hurbiltasuna bermatzea; litekeen komunikazio-eskaintza osoari erantzutea galarazten duten espektro erradioelektrikoaren berezko mugak dituen sektorean aniztasuna murriztuko duten prozesuak ekiditea eta euskarazko eskaintza egokitzea eta hizkuntza honetako emisioetan aipatutako printzipioak bermatzea ahalbidetuko duen eskaintza elebiduna sustatzea.
Toki Telebistak esparru hori benetan bete beharko dute, hori delarik tokiko telebistek ezin izango dute telebista-kate baten bidez emititu edo horietako batean parte hartu, elkarrekin ekoiztutako programazioa egin ahal izango dute baino ezin izango dute aldi berean emititu eta gisa horretako programazioak muga zehatzak izango ditu. Toki-telebistako operadoreek, egunean gutxienez ere lau orduz eta astean hogeita hamabi orduz jatorrizko programak eman beharko dituzte. Emititzen diren programa erdiak, telebista-operadoreak berak ekoiztutakoak izan beharko dira eta beren programazioan kontzesioaren estaldura-eremuari zuzendutako berariazko edukiak eta informazioa eskaini beharko dituzte. Jatorrizko eduki hauek, goizeko zazpietatik gauerdira arteko orduetan eman beharko dira eta, behinik behin, astean toki-telebistek ikus-entzule gehien duten orduetako programazio-denboraren %25a bete. Gainera, euskal musika eta ikus-entzunezko produkzioak izango direla bermatuko da, horretarako, halabeharrez, euskal autore eta abeslarien lanek emisio-denbora osoaren ehuneko 15a hartuko dute.
Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu)
![]() | Inprimatu |