Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Euskararen erabileraren kalitate-ziurtagiria sortuko da esparru sozio-laboralerako

Eusko Jaurlaritza - Kultura Saila / Enpresa / 2006-10-03 / 07:00


Kalitatea eta euskara lotzen dituen ziurtagiri publikoa izango da lehen aldiz Euskal Autonomia Erkidegoan esparru soziolaboralerako.



Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Kalitatearen Sustapenerako Euskal Erakundeak (EUSKALIT) lankidetza-hitzarmena sinatu dute enpresetako hizkuntza-normalizaziorako prozesuen ebaluazio-eskemak zehazteko.

Hitzarmen honen bidez, euskara-planak garatzen ari diren erakundeei ebaluaziorako tresna egokia eskaini nahi zaie, gaur egun indarrean dauden kalitatea ziurtatzeko sistemetan jasotako irizpide eta parametroetan oinarrituta. Horretarako, erakunde pribatuetako euskararen erabilera ebaluatzeko eta antzemateko sistema garatuko du EUSKALITek Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin batera.

Enpresari eta sindikatuekin hartutako konpromisoa

Gogoratu behar, Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek eta EUDELek aurkeztu berri dutela LanHitz programa-markoa, alor sozio-ekonomikoan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko.

Aldi berean, enpresari-elkarteek (CONFEBASK, ADEGI, CEBEK eta SEA) alde batetik, eta EAEko sindikatu nagusiek (ELA, CCOO, LAB eta UGT), bestetik, hitzarmenak sinatu berriak dituzte Eusko Jaurlaritzarekin; hitzarmen horietan espreski jasota dago Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa dela arlo sozioekonomikorako euskararen erabilera ebaluatzeko eta errekonozitzeko sistema sortzea.

Hortaz, LanHitzen programa-markoaren garapenerako, pauso erabakigarria da kalitatea eta euskara lotuko dituen ziurtagiri publikoa izatea.

Horiek gogoan, EUSKALIT eta Eusko Jaurlaritza, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bidez, elkarlanean arituko dira EAEko enpresetako hizkuntza-normalizaziorako prozesuen garapen-maila egiaztatuko duen ebaluazio- eta/edo errekonozimendu-sistema bat zehazteko, diseinatzeko eta sortzeko, bai eta ebaluazioak egiteko sistemarik egokiena finkatzeko lanean aurrera egiteko.

Lan-ardatzak

Hona hemen 2006. urtean egingo diren lanak, hitzarmenean jasotakoaren arabera:

  1. Ebaluaziorako eskema zehaztu eta aitortza-moduak finkatu ebaluatuak izango direnentzat
  2. Zabalkunde, sentsibilizazio eta sustapen ekintzak definitu eta komunikazio-ildoak zehaztu hartzaile-mota ezberdinen arabera
  3. Prestakuntza-egitarauen definizioa eta ekintzak nahiz ebaluaketa bideratzeko bestelako baliabideak eta laguntzak zehaztu

Jakina denez, ez dira atzokoak arlo sozio-ekonomikoan euskararen erabilera areagotzeko ahaleginak. 90eko hamarkadaren hasieran euskararen erabilera sustatzeko emandako lehenengo urratsetatik hona bide luzea egin dute enpresek euskara-planak gauzatzeari begira.

Garaia iritsi da esparru sozio-ekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko egiten ari diren saioak eta plangintzak ebaluatzeko eta antzemateko sistema bateratua eta sistematizatua ezartzeko.

Hori horrela, enpresetako euskararen erabilera egun organizazio pribatuetan indarrean diren kalitate-parametroen arabera modu sistematizatuan aitortzeko eta ebaluatzeko prozedura finkatu, bultzatu eta garatuko du Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Horretarako, EUSKALIT-en ezagupena eta eskarmentua ezinbestekoa da. Gogoan izan behar dugu EUSKALIT 1992. urtean Eusko Jaurlaritzaren bultzadaz sortutako erakundea dela, eta bere xedea Euskadiko esparru guztietan kudeaketaren hobekuntza eta berriztapenaren alde egitea dela.

Kalitatearen kudeaketa-sistemak ezartzen eta hobekuntza bultzatzen Euskalitek erakutsi duen esperientzia bikaina dela eta, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ezinbestekotzat jo du Euskalitekin elkarlanean aritzea enpresetako hizkuntza normalizaziorako prozesuen ebaluazio eskemak zehazteko, hitzarmen honetan xedatzen denari jarraituz.

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzunak


Lotsaizuna

Apaizarena / 2006-10-06 / 17:46

Nire mesprezurik handiena honen bultzatzaileei. KONTSEILUA DAUKAGU LANEAN HAINBAT URTEZ HONETAN. BULTZATU DAGOENA ETA SORTU KONPETENTZIA DESLEIALIK. LOTSAGABEAK !


(ERRUBEN DEL CURA HERNANDEZ Basauriko euskaltzalea da)


Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1159790697