|
Europako Batzordeak eratu berri duen Eleaniztasunari buruzko goi mailako lantaldeak gaur (2006-10-3) egingo du bere lehen bilkura ofiziala. Batasuneko herrialdeetan eleaniztasuna sustatzearen alde lan egingo du Hezkuntza, Trebakuntza, Kultura eta Eleaniztasun komisarioa aholkatzeko sortu den lantalde berriak.
Eleaniztasunaren aldeko estrategia
Eleaniztasunaren aldeko estrategia
Orain Ján Figel' komisarioak eratu duen lantaldeak hamaika aditu batzen ditu. Lantaldeak 2005ean izan zuen nolabaiteko abiapuntua, Europako Batzordeak orduan landutako Eleaniztasunaren aldeko estrategia orokor bat komunikazioaren emaitza eta ondorioetako bat baita, hain zuzen, gaur lehen bilkura ofiziala egingo duen aditu taldearen sorrera.
"Europaren ondare eleaniztuna sustatu eta babesteko" lana egingo du lantalde berriak, Figel'en esanetan. "Eleaniztasuna funtsezko elementua da europar proiektuaren barruan -dio Hezkuntza, Trebakuntza, Kultura eta Eleaniztasun komisarioak-. Lantalde honek goi mailako adituak biltzen ditu, eta Europako Batasunean mintzo diren hizkuntza guztien alde egingo dute".
Azterketak eta gomendioak
Eleaniztasunaren gaiaren inguruan lanean arituko den lantaldeak urtebeterako eginkizuna badu behintzat aurretik. Izan ere, Europako Batzordearen asmoa da lantaldearen gomendioak 2007ko Europako Hizkuntzen Egunean (irailaren 26a) plazaratzea. Ordurako, eta gaurkoa barne, sei bilera egingo ditu adituen lantaldeak.
Bilera bakoitzaren datak eta aztergaiak Europako Hizkuntzen atarian agertuko direla aurreratu dute. Besteak beste, eta Figel' komisarioak adierazitakoaren arabera, "gobernuen aholkurako halako taldeek izan ohi ez dituzten azterketa batzuk egitea eskatu diet, hala nola hizkuntzen eta ikerkuntzaren arteko loturak, hizkuntzak eta hedabideak, teknologia berrien erabilera itzulpengintza nahiz interpretaziorako, eta hizkuntzak ikasteko sustapen estrategiak".
Eleaniztasuna integraziorako tresna
Eleaniztasuna "Europaren integrazioaren eta Bigarren Mundu Gerraren ondorengo elkarbizitza baketsuaren muinean" dago, Ján Figel' komisarioaren arabera. "Bata bestearekin bakean bizitzea posible dela sinesten dut, irmoki -dio Figel'ek-, kultura eta hizkuntza ezberdintasunak errespetatzea eta besteengandik ikasten saiatzea. Herritarrek hizkuntza gehiago ikasteko aukera izatea eta horrela beste kultura batzuk hobeto ulertu ahal izatea oinarrizkoa da. Lehentasunezkoa izan behar da, era berean, txanponaren beste aldea, Europako erakundeekin harremanetan jartzeko norberaren ama-hizkuntza erabili ahal izatea, alegia".
Gaur egun Europako Batasunean 20 hizkuntza ofizial daude, eta 2007an 23 izango dira, Bulgaria eta Errumaniaren sarrerarekin eta gaelikoaren ofizialtasunarekin. Erakunde europarrek horrenbeste hizkuntzetan lan egiteak izan ditzakeen zailtasunetaz galde eginda, zera dio Figel'ek: "Ezin ditugu testu guztiak hizkuntza guztietara itzuli, eta ezin dugu bilera guztietan esaten den guztia hizkuntza guztietara itzuli: munduan ez dago horretarako haina hizkuntzalari. Horren ordez, benetako beharretarra eta ahalik eta oihartzun zabalena lortzera bideratzen ditugu indarrak. Baina erabaki irmoak hartzen ditugunean, edota lege-idatziak argitaratzerakoan, hizkuntza guztiak erabiltzen ditugu".
Lantaldeko kideen zerrenda
Ondoren datozenak dira Eleaniztasunari buruzko goi mailako lantalde berria osatzen duten adituak:
- Barbara Cassin (frantziarra, ikerkuntza zuzendaria, Centre National de la Recherche Scientifique, París).
- Abram De Swaan (holandarra, soziologia irakaslea, Amsterdameko Unibertsitatea).
- Rita Franceschini (italiarra, hizkuntza zientzia eta hizkuntzalaritza irakaslea, Bolzanoko Unibertsitate Askeko errektorea).
- Branislav Hochel (eslovakiarra, itzulpengintza irakaslea, Comenius Unibertsitatea, Bratislava).
- Hanna Komorowska (poloniarra, hizkuntzalaritza aplikatuko irakaslea, Varsoviako Unibertsitatea).
- Wolfgang Mackiewicz (alemana, ingeles filologiako irakaslea, Berlingo Unibertsitate Askea).
- Isabella Moore (britainiarra, National Centre for Languages-CILT erakundeko zuzendaria).
- Barbara Moser-Mercer (austriarra, interpretazio irakaslea, Genevako Unibertsitatea).
- Josep Palomero (espainiarra, Acadčmia Valenciana de la Llengua erakundeko lehendakariordea).
- Ineta Savickienė (lituaniarra, eskualde ikasketen zuzendaria, Vytautas Magnus Unibertsitatea, Kaunas).
- Jaana Sormunen (suomitarra, hizkuntza modernoetarako ekoizlea, YLE).
|