![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
erabili.com / Herri-administrazioa / 2006-10-16 / 07:00
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, euskara dakiten baina ikusmen urritasuna duten euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatze aldera, hitzarmena sinatu du berriki Espainiako Itsuen Elkarte Nazionalarekin (ONCE), euskarazko literatur lanak pertsona horien beharretara egokitzeko asmotan.
Oraingoa ez da bi erakundeek gisako akordioa sinatzen duten lehenbiziko aldia, 2000-2002 urte bitartean ere diru-laguntza (68.000 euro orotara) jaso baitzuen ONCEk, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatu eta bere jardun-eremuan euskararen normalizazioa sustatzeko asmoz.
Hala ere, tarte horretan itsu euskaldunei zuzendutako braillezko material gabezia eta dagoenaren kalitate eta antolamendu eza salatu izan dira. Manu Agirrek 2005eko abenduan "itsuen hizkuntza eskubideen alde" burutu zuen gose greba izan da, zalantzarik gabe, gai honen inguruko ekimenik deigarriena.
Oraingo hitzarmenaren bidez, ONCEk euskarazko hirurogeita hamabost literatur lan moldatuko ditu braille sistemara eta Daisy sistemara, ikusmen urritasuna duten pertsonek irakur eta entzun ditzaten.
ONCEk hartu dituen konpromisoen artean dira, aurrekoez gain, berak argitaratzen duen Haizea soinudun aldizkari elebidunaren bi zenbaki ekoiztea, besteak beste, literatur lan hauen zabalkundeari eragiteko. Bestalde, euskara dakiten ikusmen urriko pertsonen artean oraingo liburu-funtsaren berri jakinaraziko du, bai eta hitzarmen honen ondorioz sortzen den funtsaren berri ere.
Gainera, formatu analogikoan grabaturik dauden oraingo literatur argitalpenen eta hitzarmen honen ondorioz sortzen direnen mailegu-sistema bultzatuko du ONCEk, euskara dakiten ikusmen urriko pertsonek, nahi izanez gero, eskura ditzaten.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bitartez, 57.000 euro jarri ditu asmo hau gauzatu ahal izateko. Ikusmen urriko pertsonen beharretara egokituko diren titulu eta egileen balizko zerrendan ageri dira, besteak beste, Bernardo Atxaga, Ramon Saizarbitoria, Anjel Lertxundi, Arantxa Urretabizkaia, Laura Mintegi, Karmele Jaio eta beste askoren lan zahar eta berriak.
Gaur egun, ONCEk soinu bidezko euskarazko 207 liburu ditu eta 42, berriz, braillez idatzita.
Ildo bereko artikuluak
![]() | Inprimatu |