Egin klik hemen INPRIMATZEKO


A ereduaren aurkako demanda atzera bota du epaileak

erabili.com / Herri-administrazioa / 2006-09-26 / 07:00


EAEko hezkuntza sistemaren hizkuntza ereduak arautzen dituen legeak ez du ereduen eta ikasketen ostean lortutako euskara mailaren arteko korrelaziorik ezartzen. Horixe dio A ereduan ikasketak egin ondoren euskara maila onik ez eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila auzibidean jarri zuen bizkaitarraren demanda atzera bota duen epaiak.



Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako bigarren epaitegiko epaileak ez du onartu Eva de Miguelek Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren kontra 2006ko ekainean aurkeztutako demanda. Euskarak presentzia urria duen A ereduan ikasi ondoren, bigarren hezkuntza burutu zuenean euskara menderatzen ez zuelako jarri zuen auzibidean Hezkuntza Saila 20 urteko sopeloztar honek.

Kalte-ordaina

De Miguelen auzi-eskea ondare-erantzukizunekoa zen, Administrazioaren kontra, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) eta berari zegokion euskara irakasgaia (A ereduan) gainditu arren bere euskara maila ez zelako nahikoa, esate baterako, EGA bezalako agiri bat eskuratzeko. Azken batean, hezkuntza sistemak EAEn elebitasuna, euskara eta gaztelania menderatzea, bermatu behar duela ulertzen zuen auzi-jartzaileak.

Horregatik, 10.600 euroko kalte-ordaina eskatzen zuen bere demandan, EGA eskuratzeko hizkuntza maila izan arte euskaltegian diru zein denbora aldetik inbertitu beharko duenaren ordaina, hain zuzen.

Zerbitzu publikoan akatsik ez

Epaileak, ordea, ez du onartu Eva de Miguelen auzi-eskea. Epaia irmoa da eta auzi-jartzaileak ezingo du errekurtso arruntik aurkeztu.

Epaiak dioenez, EAEko hezkuntza sistemaren hizkuntza ereduak arautzen dituen legeak ez du ereduen eta ikasketen ostean lortutako euskara mailaren arteko korrelaziorik ezartzen. "Beste bi ereduetan (B eta D) matrikulatzeak ez dakar berekin ikaslego guztiak EGA maila lortzea", irakur daiteke epaian. De Miguelen kalifikazioak bere ikastetxeak eskaintzen zuen "hizkuntza mailaren arabera" emanak izan zirela gaineratzen da ebazpenean, "legez ezarritako hizkuntz normalizazio prozesuaren barruan eta bere gurasoek askatasunez aukeratu ondoren".

Administrazioari kasu honetan ondare-erantzukizunik ezin zaiola egotzi ebatzi du epaileak. Hori horrela izateko beharrezkoa litzateke kausaltasun harremana egotea, Administrazioaren jardueraren eta honek eragindako kaltearen artean, baina horrelakorik ez du ikusten epaileak, bere ustez auzi-jartzaileak arrazoitutako kalteak ez baitira zerbitzu publikoaren funtzionamenduaren ondorio.


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1158914838