Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskararentzat orpoz orpo lanean

Euskararentzat orpoz orpo lanean

2006-09-22 / 07:00 / Eusko Jaurlaritza - Kultura Saila   ENPRESA

Eusko Jaurlaritzak eta ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek euskara alor sozioekonomikoan txertatzea adostu dute.

Eusko Jaurlaritzak eta ELA, Euskadiko CCOO, LAB eta Euskadiko UGT sindikatuek lan-munduan euskararen erabilera biziberritzeko hitzarmen markoa izenpetu eta aurkeztuko dute. Miren Azkarate, Kultura sailburuak Eusko Jaurlaritzaren izenean eta sindikatuen izenean , Jose Elorrieta, ELAren Idazkari Nagusiak, Josu Onaindi, Euskadiko CCOOren idazkari nagusiak, Rafa Diez, LABeko Idazkari Nagusiak eta Damaso Alonso, Euskadiko UGTren Idazkari Nagusiak izenpetu dute akordioa, Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea ondoan zutelarik.

Eusko Jaurlaritzak -Kultura Sailaren bitartez-, eta ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek izenpetu duten Lankidetza Akordio Markoak euskara lan-munduan biziberritzea du xede eta Jaurlaritzak eta sindikatuek urte hasieratik landu dute. Hitzarmen hau irailaren 6an Kultura Sailak eta CONFEBASK, ADEGI, CEBEK eta SEA enpresaburuen elkarteek izenpetu zuten enpresa alorrean euskararen erabilera biziberritzeko hitzarmen markoaren ildotik doa.

Eusko Jaurlaritzaren eta sindikatuen ordezkariak bat etorri dira akordioaren garrantzia azpimarratzerakoan, "lan munduan dabiltzan guztien ardura eta inplikazioa behar ditu euskarak esparru soziolaboralean benetako aurrerapausoak egiteko". Akordio honen bitartez euskara era sistematizatuan lan-munduan txertatuko da, azken hamarkada t'erdian Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta alor sozio-ekonomikoak garatu dituzten enpresetako euskara planetan hartutako eskarmentuan oinarrituta.

Azkaratek azpimarratu duenez, eleaniztasuna da gizartearen oraina eta geroa. Lan mundua ez da isla bat gizartean. Horrexegatik, eleaniztasuna da lan munduaren geroa. Zenbat eta leku gehiago egin euskarari, zenbat eta hobeto eman arnasa hizkuntzen arteko elkarbizitzari, orduan eta berrikuntza, modernitate eta dinamismo handiagoa izango du lan munduak. Elebitasunerako bidean doa euskal gizartea, eta harekin batera joango dira euskara planak garatzeko erabakia hartzen duten enpresak.

Eusko Jaurlaritzak eta ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek hitzartu duten euskara biziberritzeko hitzarmen markoak hiru lan-ildo nagusi jasotzen ditu:

  1. Alde bakoitzaren lan-esparruan sortzen den informazio eta jakingarrien berri ematea elkarri.
  2. Alor sozioekonomikoan, enpresetan, euskararen erabilera areagotzeko ekimenak bidera ditzaten, aholku ematea, zerbitzuak nahiz produktuak eskaintzea eta komunikazio-bideak sortzea.
  3. Euskara planak, banan-banan, finantzatzea.

Hiru lan-ildo horietako bakoitzak, halaber, hainbat puntu biltzen ditu. Horiekin guztiekin urtero lan-egutegi bat lantzeko asmoa dute bi aldeetako ordezkariek. Lan-egutegi horretan jasotakoak aztertu eta egoki betetzen direla bermatzeko, jarraipen-batzordea eratuko dute sinatzaileek.

Jaurlaritzaren eta sindikatuen ustetan, prozesu hau arian-arian egin behar da, hizkuntza-bilakaera oro egin ohi den bezala. Kontuan hartu behar da egoera soziolinguistikoak era askotakoak direla, eta partaide bakoitzak, enpresetako bakoitzak alegia, bere helburuak, bere beharrizanak, bere aukerak eta bere borondateak dituela, eta euskara-planak ere enpresek finkatutako erritmo horretara egokitu behar direla.

Bi aldeek adostasuna behar dela uste dute, hizkuntzaren inguruko ohiturak eta joerak pixkanaka aldatzeko horixe delako onargarri den bide bakarra; nahitaezkoa da, beraz, prozesuan parte hartu behar dutenekin, hau da, enpresetako pertsonekin lortutako akordioa oinarritzat hartzea, era honetako proiektu batek guztion adostasuna eta ahalegina beharrezko dituelako.

Azkenik, bi aldeek lankidetzan jardun behar dela uste dute, herri-aginteak eta alor sozioekonomikoa elkarren osagarri izatea oinarrizko abiaburua delako.

LanHitz

Akordio honen bigarren puntua, euskara planak edo ekintza positiboak lan-munduan zuzenean ezagutarazteari dagokio. Horren ildotik, Miren Azkarate, Kultura Sailburuak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak atzo plazaratu zuen LanHitz izeneko programa orokorraren garrantzia azpimarratu du, enpresariekin eta sindikatuekin landu eta lortu ditugun akordioetan jasotako konpromisoa da LanHitz. Bere enpresan euskara-plana martxan jarri nahi duenari erraztasun handiak emango dizkio LanHitzek.

LanHitzen xede da, besteak beste: Euskadiko enpresen artean euskara erabiltzeko ekintzen nahiz euskara-planen, laguntzen eta baliabideen berri ematea eta abian jartzera gonbidatzea. Honetaz guztiaz jakin nahi duen enpresak, aukera ona izango du modu pertsonalizatuan eta zuzenean, eta batere konpromisorik gabe, horren berri izateko zuzen-zuzenean, baita lehen pausoak ematen hasteko ere, hala nahi izanez gero.

Miren Azkaratek azaldu duenez, lan-mundua da eskolaren irteera natural eta ohikoa, baina eskolan euskaldundu den gazteak euskararik gabeko edo euskara gutxiko lan-mundura egin behar izaten du jauzi. Ekidin nahi dugun eta behar dugun zerbait da, eskolak euskaldundutakoa ez dezala lan-munduak erdaldundu. Gizarteko hainbat esparrutan euskara erabiltzearen alde egiten ari garen ahaleginarekin uztartu nahi dugu lan-mundua.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com