Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Euskara beharrean

Eusko Jaurlaritza - Kultura Saila / Enpresa / 2006-09-21 / 07:00


Donostiako Miramon Parke Teknologikoan, lantokietan euskararen presentzia eta erabilera indartzeko, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta EUDELek elkarlanean abian jarri duten LanHitz ekimena aurkeztu da.



Aurkezpenean izan dira: Hizkuntza Politikarako sailburuordea den Patxi Baztarrika, Industria, Merkataritza eta Kontsumo Saileko sailburuordea, Koro Garmendia, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko sailburuordea, Juan Jose Loroño, foru-aldundietako ordezkariak, Federico de Verástegi, Gotzon Lobera eta Xabier Huitzi, eta EUDELeko ordezkaria, Miren Dobaran.

Gonbidatuen artean berriz, ekimen honetan lankide diren enpresari elkarte eta sindikatuetako ordezkariak izan dira, eta baita hainbat udal eta enpresetako ordezkariak ere.

LanHitz: enpresetan euskararen erabilera areagotzeko programa

Programaren helburua da, besteak beste, Euskadiko enpresen artean euskara erabiltzeko ekintzen nahiz euskara-planen, laguntzen eta baliabideen berri ematea eta abian jartzera gonbidatzea. Enpresek aukera izango dute, modu pertsonalizatuan eta zuzenean, eta batere konpromisorik gabe, horren berri izateko zuzen-zuzenean, baita lehen pausoak ematen hasteko ere, hala nahi izanez gero.

Azken urteotan metatutako esperientzia gidari, euskara-planen homogeneizazioari eta estandarizazioari ekin zaio, enpresek eta establezimenduek errazago finkatu ahal izan ditzaten beren helburuak.

Horretarako, ekimen honetan Erreferentzia Marko Estandarra (EME) osatu da. Bertan daude jasota edozein erakundetan lan daitezkeen euskararen erabilera eta presentziazko helburuak, era sistematiko, argi eta errazean.

Jakitun izanik enpresa eta establezimendu bakoitzak erabaki behar duela beretzako moduko euskara-plana, betiere, bere errealitate soziolinguistikoa, bere ezaugarriak, bere beharrizanak eta bere borondatea kontuan izanda, LanHitz -en bidez, aholkuak emango zaizkie enpresei, banan-banan eta zuzenean, euskara eguneroko lanean txertatzeko planak eta esku-hartzeko plangintzak nola osatu erakusteko eta proposatzeko.

Laguntzarik gabe, enpresaren batek jakin nahi badu oso modu orokorrean euskarak bere enpresan zein toki duen eta zein lehentasun jarri ditzakeen, sarean ere izango du tresna erraza: www.euskadi.net/lanhitz. 012 telefonoan ere, informazioa eta aholkularitza eskaintzen da.

Gaur abiatzen den sustapen eta sentsibilizazio lan hau orain artean egin den ahaleginik hedapenez zabalena eta egite moduz sistematikoena dela azpimarratu da. Eta herri-erakundeen eta eragile sozio ekonomiko eta sozio laboral nagusien bermeaz egiten dena.

Kontzertazioa eta elkarlana LanHitz programaren abiapuntu

Esparru sozio ekonomikoan gara daitezkeen ekimenak bateratzeari begira, foru-aldundiekin eta EUDELekin elkarlanean eta Eusko Jaurlaritzako Industria eta Lan Sailekin bat eginik jarri du abian Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak LanHitz programa. Horrela, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu nahi izan da.

Bestalde, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren helburuetako bat izan da beti eragile sozioekonomiko nagusiak –enpresari-erakundeak eta sindikatuak bereziki– esparru honetako hizkuntza-politikaren partaide izatea eta euren lankidetza eta bermea izanik egitea aurrera lan-munduan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko bidean.

Hori horrela, Eusko Jaurlaritza eta enpresaburu-elkarteak bat etorri dira euskal enpresa pribatuetan euskararen erabilera zabaltzeko konpromisoa hartu eta hori, adostasunean, progresibotasunean, borondatezkotasunean, errespetuan eta lankidetzan oinarritu behar dela esaten, besteak beste, honako hau prozesu soziala delako, eta, ondorioz, guztion ahalegina eta ekarpena beharrezkoak direlako. Horren lekuko, hil honen 6an, Lehendakaritzan, Eusko Jaurlaritzak eta CONFEBASK, ADEGI, CEBEK eta SEA erakundeek izenpetu zuten hitzarmena.

Ekinbide horretan, halaber, lankidetza-ildo egonkorrak finkatuko dira EAEko sindikatu nagusiekin; etorkizunari begira garatuko diren ekimen konpartituak biltzen dituen akordioaren berri, hain zuzen, gaur (2006-09-21) emango da.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Hizkuntza Politika Aurrera Begira dokumentuan jasotzen denez, lehentasun handikoa da arlo sozio ekonomikoan eragitea, eta horretarako euskararen erabilera areagotzeko saio sistematizatuak bultzatzea, ondorengo elkarteon inplikazio eta parte hartze zuzena antolatuz: merkataritza-ganbarak, enpresari-elkarteak, sindikatuak, lanbide-heziketarekin eta prestakuntza iraunkorrarekin lotura duten organismoa, eta Eusko Jaurlaritzaren barruan lan munduarekin harremana duten sailak.

Handia da enpresa-munduak, alor sozioekonomikoak, euskararen normalizazioari egin diezaiokeen ekarria

Honetaz guztiaz jakitun, orain hamabost urte inguru (1990ean) Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak abian jarri zuen alor sozioekonomikoan euskararen erabilera areagotzeko programa. Hasieran proba gisa hasi zen programa —abiapuntu ona zuten enpresa handiak aukeratuz, eta berariazko metodologia nahiz interbentzio-moduak sortuz— sendotuta dago, eta gaur egun 150 enpresa eta kooperatiba inguru dira euskara planak abian dituztenak, horietako asko izen eta prestigio handikoak, gainera.

Ekimen hau hedatu eta zabaldu beharra dago nahitaez, beren lana euskaraz edo euskaraz ere egin nahi duten enpresak, gero eta gehiago izan daitezen.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1158762381