Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Eskualde bakoitzak bere euskarazko telebista

Eskualde bakoitzak bere euskarazko telebista

2006-09-20 / 07:00 / Hamaika Telebista Hedatzeko Taldea   KULTURA

Hamaika Telebista Hedatzeko Taldeak atzo (2006-9-19) eman zuen ezagutzera Bilbon datorren urteetan gauzatuko den egitasmoa; eskualdez eskualde euskarazko telebistak sortzeko egitasmoa, alegia.

Enpresak eta babes soziala

Enpresak eta babes soziala

Euskal Herriko sei komunikazio eta kultur ekoizpen taldek hartzen dute parte Hamaika Telebista Hedatzeko Taldearen ekimenean:

  • CMNT - Corporación Multimedia del Norte (Deia-Noticias).
  • EHKE - Euskal Komunikabideak Hedatzeko Elkartea (Gara-Le Journal).
  • EKT – Euskarazko Komunikazio Taldea (Berria-Hitza).
  • Elkar – Liburu eta disko ekoiztetxea.
  • Euskaltel – Telekomunikazio operadore globala.
  • Bainet – Telebista eta zine ekoiztetxea.

Enpresaren partizipazioa horrelakoa da: CMNT, EKHE, EKT eta Euskaltelek %20na dute, Bainetek eta Elkarrek %10na.

Komunikazio talde indartsu horiez gain, egitasmo honek babes zabala lortu du gizartean. Aurkezpen-ekitaldian eta jarraian ospatu zen lunchean elkartu ziren, besteak beste: Mertxe Aizpurua, Martxelo Otamendi, Patxi Gaztelumendi, Hur Gorostiaga, Estitxu Fernandez eta Josetxo Lizartza kazetariak; politika munduko Gotzon Lobera (Bizkaiko Foru Aldundia), Juan Jose Petrikorena (Batasuna), Mikel Basabe (Aralar), Rafa Diez Usabiaga (LAB) eta Joxe Elorrieta (ELA); Juan Mari Torrealdai eta Gotzon Garate idazleak; Josune Bereziartu eskalatzailea, Oinatz Bengoetxea eta Pablo Berasaluze pilotariak, eta Miguel Madariaga, Igor Gonzalez de Galdeano eta Igor Anton Euskaltel txirrindulari taldeko kideak; eta Kepa Junkera eta Alex Sardui musikariak.

Abiapuntua

Taldearen osakideek prentsa arloan dihardute gehien bat, baina hori ez da oztopo telebistaren alorrean gertatzen ari denaz ohartzeko: gero eta telebista kate gehiago sartzen da gure etxeetan, eta horietatik gehienak Euskal Herritik kanpo ekoiztutakoak dira. Horrek, bistan da, berebiziko garrantzia dauka egunero-egunero informazioaren ekoizpenean, munduaren ikuskeraren antolaketan, gure ohituren moldaketan eta gure nazio nortasunaren osaketan. Euskal komunikazio esparruaren egoera kezkagarri horretan, azpimarratzekoa da euskarak telebista esparruan duen agerpide ahula. Merkatua ezagutzen duen edonork badaki gaur egun dagoen eskaintzarekin ezinezkoa dela adin eta gustu ezberdin guztiak asetzea. Eta horixe da euskaldunek daukatena, kate bakar bat. Orain, digitalizazioaren etorrerarekin, aukera berriak sortu dira telebista kate gehiago izateko. Horien artean tokian tokiko telebista digitalak egiteko aukera datorrela ikusita, aukera horri eustea deliberatu dute Hamaika Taldea osatzen duten enpresek.

Hamaika telebista

Izenean bertan ageri da helburua: HAMAIKA TELEBISTA HEDATZEKO TALDEA da hau. HAMAIKA TELEBISTA egiteko sortu da komunikazio-talde berri hau.

HAMAIKA TELEBISTA esaten den arren, ezin jakin oraindik hamar, hamabi edota hamabost telebista izango ote diren sortuko direnak. Helburua, ordea, garbia da: eskualde bakoitzean euskarazko telebista bat sustatu nahi da, honela, dagoeneko badauden euskarazko toki telebistekin batera euskarazko telebisten panorama nabarmen hobetzeko.

Hori da asmo nagusia: euskara ahalik eta gehien zabaltzea telebista eremura, horretarako lurreko telebista digitalen hedadura aprobetxatuz. Azken finean euskarazko telebista eskaintza handitu eta zabaldu nahi zaio euskal teleikusleari, euskal herritarrari.

Euskal herritarrarengandik hurbilen izango diren telebistak izango dira egitasmo honetatik sortuko direnak. Tokiko informazio eta kezkak hobekien landuko dituztenak, eta eragile ezberdinek parte hartzeko aukera handien izango dituztenak.

Lizentziak

Tokiko Telebista Digitalen lizentziak banatzen diren lehiaketetara aurkeztea izango da lehen urratsa eta helbururik behinena. Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomi Erkidegoan lizentziak banatzeko deialdia egiten duenerako prest izango da HAMAIKA tokian-tokian berarekin parte hartu nahi duten eragileekin proiektuak prestatzeko. Nafarroa eta Ipar Euskal Herria ez dira kanpoan geldituko, proiektu hau Euskal Herri osorako baita.

Behin telebista batzuk eskualdeetan zabaltzen direnean, orduan hasi ahal izango da toki telebista horiek hornitzeko programa eta informatibo amankomunak ekoizten.

Oinarri sendoa

Euskarazko komunikazio talde sendo bat sortu da. Eta sendotasun horren berri izateko nahikoa da hemen ageri den enpresa bakoitzari begiratzea: Noticias-Deia Taldeak lau egunkari biltzen ditu bere egitasmoan; EKHEk bi egunkari, Le Journal eta Gara; eta, azkenik, EKTk, Berria egunkaria eta tokian tokiko zazpi Hitza elkarlanean argitaratzen ditu.

Gainera EUSKALTEL enpresa dago bazkide teknologiko bezala, zuntz optikoaren azpiegiturak eta telebista zabaltzeko aukerak emanez; Bainet-ek telebistaren munduan duen esperientzia jartzen du mahai gainean, eta ELKARek euskal kulturaren erreferentzialtasuna eransten du.

Elkarlana

Hamaika Telebista Hedatzeko Taldean bat egiten duten Komunikazio-talde eta enpresek elkarlanean ikusteak garrantzia sinboliko eta praktiko handia du. Batetik arlo ezberdinetan ari diren enpresak dira, eta horrek garrantzia izango du edukietan, banaketan, teknologian, produkzioan e.a.; bestetik, jatorri ideologiko ezberdineko pertsonak eta taldeak bildu dira euskara eta telebista helburu amankomunarekin; gainera, euskaraz nahiz gazteleraz aritzen diren taldeak dira.

HAMAIKA taldeak proiekzio handia izan dezake. Sei enpresa bildu dira HAMAIKAn, baina askoz ere gehiago biltzeko asmoarekin dator. Adostasun zabala dago ideia honen gainean: erronka honi aurre egiteko Euskal Herriko elkarte, erakunde eta enpresa denak izango direla beharrezko. Hauek besteko garrantzia dute toki telebista eta ikus entzunezko arloko ekoiztetxe eta enpresek.

Denon beharra egongo da, eta aukera paregabea izango da eskualdez eskualde sortuko diren toki telebistetan parte izateko.

Errentagarritasuna

Gauza jakina da euskarazko merkatua txikia dela, gutxi garela euskaldunak eta ezin dela negozio handirik espero bertan. HAMAIKA TELEBISTA HEDATZEKO TALDEAn bildu diren enpesak, ordea, sendotasun enpresariala eta profesionala eskainiko dizkiote proiektu honi eta, bide batez, euskarazko merkatuari eta euskal gizarteari. Hizkuntza eta kultura garatuko ditu, ekonomia, enpresa eta ikus entzunezko industrien ezagutzak baliatuz.

Bideragarritasuna

Zaila da, garestia da, denon esfortzua eskatuko du... baina posible da. Ez da ezinezko.

Batetik, teknologiak eskuragarriago daude gaur egun; bestetik, Autonomia Esparruan bertako administrazioak dauka lizentziak banatzeko ahalmena; eta, azkenik, HAMAIKA TELEBISTA HEDATZEKO TALDEAk lortu duen adostasunak hori posible egiteko bidea erakusten du.

Elkarlanerako deia

Mezu bat zabaldu nahi zaie euskal herritarrei: euskaraz telebista egitea posible da. Dei zabala egin nahi zaie eragile eta euskaltzale guztiei eskualdez eskualde euskarazko telebistak egiten hasteko. Eskualde bakoitzean bertako eragileekin bilduko da HAMAIKA, euskarazko telebistak antolatzeko eta lizentzia lehiaketara aurkezteko.

Lehenengo deia euskalgintzan ari diren elkarte enpresa eta norbanakoei egin nahi zaie. Beti erantzun izan dute euskararen aldeko proiektu berriak martxan jartzeko orduan eta oraingo honetan ere ez dute hutsik egingo.

Gero, ikus entzunezko arloan lanean ari diren ekoiztetxe, kamera aurreko zein atzeko langileei eta, bereziki, tokiko telebistei, aitzindari lana egin izan baitute Arrasate, Zarautz, Bortziri, Goierri eta beste zenbait eskualdeetan. Sektorea indartzeko ona izango da egitasmo hau.

Herritar oinezkoari dei egin nahi zaio bera izango delako egitasmoaren ardatza. Bera izango da igorlea, ez bakarrik hartzailea. Komunikazioa norabide bikoa izango da, ez zentro urrun batetik teleikusle pasibo bihurtzen gaituen hori. Digitalizazioaren eta interaktibitatearen garaian gaude.

Azkenik, herritarren ordezkariei, erakunde publikoen kudeatzaileen ere ezinbestekoa izango da. Denon laguntza behar da, denona, inro bazterrean utzi gabe.

Ilusioa

Egitasmo honek ilusio handia pizten du, hiru arrazoiengatik: oinarri sendoen gainean eraikitako proiektua da; euskararen eremua zabaltzen lagunduko du; eta elkarlanean oinarritzen da.

Euskararen presentzia ahulaz ohartuta

Gorka Altunak (EKHE) "zorioneko zipriztin" bezala definitu zuen atzo sei talde indartsu –horien artean hiru komunikazio-talde ezberdin–, proiektu amankomun eta bakar batean sartu izana.

Hiru komunikazio-taldeek (CMNT, EHKE eta EKT) gehienbat prentsa arloan jardun dute, "baina hori ez da oztopo telebistaren alorrean gertatzen ari denaz ohartzeko eta ezta euskarak telebistan duen presentzia ahularekin ohartzeko ere", zioen Altunak. Horrek bultzatu ditu, hain zuzen ere, egitasmo hau gauzatzera.

Mikel Astorkizak (Euskaltel) bere "poza" agertu zuen, "Euskal Herriko sei enpresa garrantzitsu hauek euskarazko telebistak sortu eta bultzatzeko egitasmoan bat egin dutelako". Izan ere, Euskaltel-en "hasiera hasieratik" izan dute telekomunikazioen arloan "euskararen alde egitearen kezka eta ardura", Astorkizaren hitzetan. "Euskaltelek Euskadiko informazio-gizartearen garapenean eta EAEren garapenean laguntzeko xede du eta neurri berean bere bezeroei eduki lokalak eskaintzea ere".

Joanmari Larrartek (EKT) euskal herritarrei mezu bat zabaldu nahi izan zien: "euskaraz telebista egitea posible da. Zaila da, garestia da, denon esfortzua eskatuko du... baina posible da. Ez da ezinezko. Batetik, teknologiak eskuragarriago daudelako eta, bestetik, Autonomia Esparruan bertako administrazioak lizentziak banatzeko ahalmena duelako".

Enpresa gehiago biltzeko asmoa

Sei enpresa bildu dira Hamaikan, baina, askoz ere gehiago biltzeko asmoa dute, besteak beste Euskal Herriko elkarte, erakunde eta enpresa denak izango direlako beharrezko.

Ińaki Altzagak (Noticias-Deia taldea) azaldu bezala, helburua eskualde bakoitzean euskarazko telebista bat sustatzea eta gaur eguneko euskarazko toki telebistekin batera euskarazko telebisten panorama nabarmen hobetzea da. "Euskal herritarrarengandik hurbilen izango diren telebistak izango dira. Tokiko informazio eta kezkak hobekien landuko dituztenak eta eragile ezberdinek parte hartzeko aukera handien izango dutenak".

Eragileekin bilerak

Hortaz, Hamaikak ilusio honetan parte hartzeko dei zabala egin die eragile eta euskaltzale guztiei, eskualdez eskualde euskarazko telebistak egiten hasteko.

Horrela, Hamaika eskualde bakoitzean bertako eragileekin batuko da –euskalgintzako taldeak, ikus entzuneko arloan diharduten erakudeak, erakunde publikoak, herritarrak...- egitasmoaren berri eman eta guztien artean talde sendoago bat osatzeko.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com